Hauteskunde prozesuaren irisgarritasuna

Irisgarritasunari buruzko gida laburra: Gorte Orokorretarako 2015eko hauteskundeak.

0. Aplikatu beharreko araudia.

I. Hautesleku eta hauteskunde mahai irisgarriak.

Hauteslekuek eta hauteskunde mahaiek (Hautesle Erroldaren Bulegoaren ordezkaritza probintzialei Udalek proposatutakoek) irisgarriak izan beharko dute, eta hautesleak botoa eman behar duen hauteskunde mahaitik ahalik eta hurbilen dagoen espazio irisgarri eta egoki bat izango dute. Leku horretan, hautesleak boto aukera sekretupean egin ahal izateko behar diren pribatutasun baldintzak zainduko dira.

Hautesleen garraioa. Kudeatzeko eskumena Estatuaren Administrazio Orokorrarena den hauteskunde prozesuetan, Gorte Orokorretako hauteskundeen kasuan bezala, hauteslekura joateko garraio irisgarririk ez dagoela egiaztatzen bada, Estatuak doako garraio bide egokiak jarriko ditu mugitzeko desgaitasuna duten pertsonentzat, eskatzen badute, eta beti ere nahikoa aurrekontu badago. Horretarako, eskumena duen Eskualdeko Hauteskunde Batzordera jo daiteke edo, zuzenean, dagokion Gobernuaren Ordezkaritza edo Ordezkariordetzara.

II. Hauteskunde mahaietako kideak.

Desgaitasuna duten hautesleak boto eskubideaz ahalik eta autonomia handienarekin baliatu ahal daitezen saiatuko dira hauteskunde mahaietako kideak, eta, horretarako, behar diren egokitzapen zentzuzko guztiak egingo dituzte.

Gorrak diren edo entzumen desgaitasuna duten hauteskunde mahaiko kideentzako doako zerbitzuak:

  1. Zeinuen hizkuntzazko interpretazio zerbitzua doan gorrak diren edo entzumen desgaitasuna duten pertsonentzat (bai titularrentzat bai ordezkoentzat).

    a) Gorrak diren edo entzumen desgaitasuna duten pertsonak (zeinu hizkuntza darabiltenak) hauteskunde mahaiko kide izendatu badituzte, administrazio publikoek pertsona horien esku jarriko dute, LOREG legearen 27.3 artikuluan ezarritako moduan hauteskunde mahaiko kide kargua ez onartzeko duten eskubideari kalterik egin gabe, eta aldiz eta moldez eskatzen badute: zeinu hizkuntzazko doako interprete zerbitzua, gorrak diren edo entzumen desgaitasuna duten pertsonentzat, Espainiako zeinu hizkuntzaren edo, kasua bada, autonomia erkidegoetako zeinu hizkuntzen erabiltzaileak badira, hauteskunde mahaiko kide izendatzen dituztenean.

    b) Prozedura:

    • Pertsona horiek Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari eskatu ahalko diote, idatzita eta LOREG legearen 27.3 artikuluak ezarritako zazpi eguneko epean, zeinu hizkuntzazko doako interprete zerbitzua.

    • Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak zeinu hizkuntzazko doako interprete zerbitzua eman behar zaiela erabaki duen kasuak jakinaraziko dizkio Gobernuaren dagokion Ordezkaritzari/Ordezkariordetzari.

    Gobernuaren dagokion Ordezkariordetzak Barne Arazoetako Ministerioari jakinaraziko dizkio kasu horiek (estatuaren eremuko hauteskunde prozesuen kudeaketa eta garapena koordinatzea baitagokio, bai eta hauteskunde arloan eskumenak dituzten beste ministerioen mendeko atalei dagozkien funtzioak ere koordinatzea), eta, aldi berean, Gorren Estatu Konfederazioak (CNSE) Barne Arazoetako Ministerioarekin eta Osasun Ministerioarekin lankidetzan bereziki prestatutako CNSE 607992514 telefonora deituko du (arreta ordutegia: 08:00-20:00), hauteskunde egunean zerbitzu hori emango duten zeinu hizkuntzazko interprete ofizialak hautatze aldera.

  2. Indukzio magnetikozko begiztaren doako zerbitzua hauteskunde mahaian gorrak diren edo entzumen desgaitasuna duten pertsonentzat (entzuteko protesiak darabiltzatenentzat), hauteskunde mahaiko kide titular izendatu badituzte.

    Prozedura:

    • Pertsona horiek indukzio magnetikozko begiztaren doako zerbitzua eskatu ahalko diote Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, idatzita eta zazpi eguneko epean.

    • Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak doako zerbitzu hori eman behar dela erabaki duen kasuak jakinaraziko dizkio Gobernuaren dagokion Ordezkaritzari/Ordezkariordetzari.

    Dagokion Gobernu Ordezkariordetzak Barne Arazoetako Ministerioari jakinaraziko dizkio kasu horiek, eta honek FIAPAS Gorren Familien Espainiako Konfederazioarekin behar diren zuzemenak egingo ditu.

III. Bozketa prozedura irisgarria: gorrak diren edo ikusmen desgaitasun larria duten hautesleentzako braillezko dokumentazio osagarria hauteskunde mahaian ematea aldiz eta moldez eskatu dutenei (barne arazoetako ministerioaren tel. 900 150 000)

Hauteskunde mahai batean Barne Arazoetako Ministerioaren doako telefonoan (900 150 000), indarrean dagoen araubidearen mendean, boto irisgarria erabili nahi duela jakinarazi duen itsu bat hauteskunde mahai batean botoa ematera badoa, mahaian hauek eduki beharko dira:

  1. Boto irisgarria eskatu duten hautesleen zerrenda, nortasun-agiri zenbakiak dituena.
  2. Gorte Orokorretarako bozketa kit/maletin irisgarria, hau daukana:

    • Azalpen gida bat braillez.
    • Bozketa gutun-azal normalizatu bat, braillez idatzi gabea, Senatuko hauteskundeetarako.
    • Txantiloi trokelatu bat eta barruan Senatuko hauteskundeetarako boto paper estandarra.
    • Senatuko hautagaien izen zerrenda, braillez.
    • Gutun-azal handi bat, etiketa batean “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak” braillez eta tintaz daukana. Gutun-azal handi horren barruan hau dago:

      • Gutun-azal txiki bat (orri laurden baten neurrikoa), dagokion hautesbarrutian Diputatuen Kongresuko hauteskundeetara aurkezten den hautagaitza bakoitzeko. Gutun-azal txiki horietako bakoitzak etiketa bat du itsatsita, barruan dagoen boto paperean (estandarrean, ez braillezkoan) ageri den hautagaitzaren izena eta siglak dituena, braillez eta tintaz.
      • Bozketa gutun-azal normalizatua, ez braillez idatzia, Diputatuen Kongresuko hauteskundeetarako.

IV. Gomendio orokorrak: desgaitasuna duten pertsonak eta hauteskunde eguna.

1. Jokatu naturaltasunez eta begirunez.

Desgaitasuna duten pertsonak pertsona autonomo eta burujabeak dira eta hala tratatu behar dira.

Ez da jakintzat jo behar pertsona batek, desgaitasun bat edukitzagatik bakarrik, laguntza behar duela. Ingurunea irisgarria bada, desgaitasuna duten pertsonak zailtasunik gabe ibiltzen dira.

Joka ezazu beti zentzuz eta berdintasuna eta bereizkeriarik eza printzipio hartuta.

2. Galdetu lagundu baino lehen.

Galdetu zure laguntza beharrezkoa ote den, bakar-bakarrik, desgaitasuna duen hauteslea laguntza beharrean dagoela badirudi. Eta pertsona horrek onartu egiten badizu, lagundu baino lehen, galdetu iezaiozu zer modu konkretuan lagundu diezaiokezun.

Jo ezazu zuzenean desgaitasuna duen pertsonagana, ez bere laguntzaileagana (adib.: bere konfiantzako pertsona, zeinu hizkuntzazko interpretea eta abar), halakorik badakar.

3. Erabili zentzua.

Adibidez, egizu kontu aulki gurpildun batean dagoen pertsona eserita dagoen pertsona bat dela, eta eserita dagoen pertsona baten aurrean ohikoa makurtzea da, bere mailan egoteko, edo aulki batean bere aurrean esertzea.

Desgaitasuna duen pertsona batek aurkezten duen gorabehera konkretu baten aurrean nola jokatu ez badakizu, jo ezazu Administrazioak hauteslekuan duen arduradunagana edo Eskualdeko Hauteskunde Batzordera.

Botoa ematerakoan ilara sortzen bada, desgaitasuna duten hautesleek botoa emateko lehentasuna izatea gomendatzen da.

Itsu txakurrak, eta desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza txakurrak, beti onartuko dira, ezingo dira behar dituen pertsonagandik aldendu eta ez zaie trabarik egingo ez arreta galaraziko.

4. Zuhur ibili kontaktu fisikoarekin.

Desgaitasuna duten pertsona batzuek euren besoak behar dituzte orekari eusteko. Besotik hartzeak, nahiz eta lagundu nahian ibili, oreka galaraz diezaieke, edo ikaratu egin ditzake, ez dutelako inork ukituko dituenik espero izan.

Saihestu aulki gurpildunak ukitzea edota makulua ukitzea: desgaitasuna duten pertsonek euren espazio pertsonaltzat dauzkate elementu horiek.

5. Hauteslekuan sartzea eta hateskunde mahairainoko ibilbidea: lagun egitea eta argibideak ematea.

Desgaitasuna duten hautesleen eskariz, eta eskatzen badute soilik, hauteslekuaren sarreran, Administrazioaren ordezkariak edo Segurtasun Indar eta Gorputzetako kideek dagokien hauteskunde mahairainoko ibilbidean lagun egin ahalko diete, aulki gurpildunean badoaz aulkiari bultza egin gabe eta ukitu gabe, ez badie desgaitasuna duen pertsonak eskatzen.

Ikusmen desgaitasuna duen pertsona bada, gure besoa oratzeko eskain dakioke. Hala eginaz gero, gure pausoa ikusmen desgaitasuna duen pertsonarenera egokituko dugu, ibili gabiltzan lekuaren ezaugarriak kontuan hartuta, eroso ibil dadin.

Argibideak eta orientazioa eskatzen badituzte desgaitasuna duten pertsonek, dela hauteslekuan sartzeaz bai hauteskunde mahaira heltzeko hauteslekuaren barruko ibilbideaz, ondorengo atalean zehazten diren jarraibideak hatu behar dira kontuan.

6. Komunikazioa errazteko jarraibideak: egizu berba argi.

Gorrei dagokienez, edo entzumen desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, gomendagarria da: aurrez aurre hitz egitea, burua ez mugitzea; bizkarra ematen diegunean, makurtuta gaudenean edo idazten ari garenean hitz ez egitea, oihuka ez egitea, normal ahoskatzea, hau da, hitz edozein elkarrizketaren erritmo normalean egitea ahoan ezer eduki gabe, eta aurpegia argi ikustea oztopatu gabe, eta, behar izanez gero, idazketa edo keinu naturalak erabil ditzakezu lagungarri edo besoan ukitu xume bat eginaz arreta erakartzea; lekuak argi ona izan behar du eta gorrak edo entzumen desgaitasuna duen pertsonak ez du egon beharko eguzkitara begira, kontra-argiak aurpegia ikustea zailtzen du eta.

Ez ezazu hitz erdika egin berba, hitz erdiok huts egitera bultza baitezakete. Gorrek esaldi baten eduki osoa behar dute testuingurua ulertzeko.

Ikusmen desgaitasuna duen pertsona batekin ari zarenean, ez erabili “hemen”, “han”, “hau”… bezalako adierazpen generikoak. Horrelakoetan, hobe da adierazpide esanguratsuagoak erabiltzea, hala nola: “zure ezkerrean”, “zure atzean”. Gauza bati buruzko informazioa eman nahi zaionean, abisatu ondoren, ikusmen desgaitasuna duen pertsonaren eskua hartu eta informazioa ematen ari garen gauzarantz eraman dezakegu, eta zer den esan.

Ikusmen desgaitasuna duen pertsona batekin hizketan ari bagara, esan egingo diogu alde egin behar badugu, bestela, baliteke guri hitz egiten jarraitzea bere ondoan gaudelakoan. Era berean, itzultzen bagara, komeni da jakinaraztea.

Egiazta ezazu desgaitasuna duen pertsonak esan nahi diozuna ulertu duela.

7. Desgaitasuna duten hauteskunde mahaiko kideak.

Lehenago esan den bezala, baliteke gor bat edo entzumen desgaitasuna duen pertsona bat (zeinu hizkuntza darabilena) hauteskunde mahaiko kide izendatu izatea. Horretarako, zeinu hizkuntzazko doako interprete zerbitzua izan dezake, gida honetako II. atalean azaltzen den prozedura jarraiturik eskumena duen Hauteskunde Batzordeari eskatu ondoren.

Halaber, gor batek edo entzumen desgaitasuna duen pertsona batek ahozko hizkeran egiten badu hitz, 6. atalean adierazitako komunikazio jarraibideak hartuko dira kontuan. Izan liteke hauteskunde mahaiko kide batek ahozko komunikazioaren lagungarri bat erabiltzea: Indukzio magnetikozko begizta “lagungarri” bat da, folio baten tamainako gailu bat, argindar sarera konektatzea baino behar ez duena.

Argibide gehiago: infoelectoral.mir.es