Hauteskunde prozesuaren irisgarritasuna
Bozketa prozedurak eta irisgarritasuna
Boto presentziala eta postazko botoa: irisgarritasun baldintzak
Boto presentziala.
Hauteslekuek, eta hauteskunde mahaiek, irisgarriak izan beharko dute, eta hautesleak botoa eman behar duen hauteskunde mahaitik ahalik eta hurbilen dagoen espazio irisgarri eta egoki bat izango dute. Leku horretan, hautesleak boto aukera sekretupean egin ahal izateko behar diren pribatutasun baldintzak zainduko dira.
Desgaitasuna duten hautesleak boto eskubideaz ahalik eta autonomia handienarekin baliatu ahal daitezen saiatuko dira hauteskunde mahaietako kideak.
Irisgarritasunari buruzko kexa edo eskari oro, hauteskundeak diren bitartean agertuz gero, eskumena duen Eskualdeko Hauteskunde Batzordera bidal daiteke.
Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 87. artikuluak ezartzen duenez:
- irakurtzen ez dakiten hautesleek edo, desgaitasunagatik, boto papera euren kabuz ezin dutenek aukeratu, gutun-.azalean ipini, mahaiburuari eman edo hautetsontzian sartu, euren konfiantzako pertsona batez balia daitezke operazio horietarako;
- itsuentzat eta ikusmen desgaitasuna dutenentzat bozketa prozedura bat arautuko da, Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, Europar Parlamenturako hauteskundeetan eta erreferendumetan beti aplikatuko da. Prozedura hori 2007an arautu zen eta Gorte Orokorretarako 2008ko hauteskundeetan erabili zen lehen aldiz.
Estekak:
Postazko botoa mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat: medikuaren ziurtagiria eta notarioaren ahal agiria doan.
Hautesle batek ezin badu bere kabuz aurkeztu eskaera hori postetxean gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik (medikuaren doako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatu beharko da), bere izenean beste pertsona batek egin ahalko du notarioaren edo kontsularen bidez hautesle bakoitzari banan-banan egindako agirian baimenduz gero, baina agiri horretan ezingo da sartu hautesle bat baino gehiago, ezta pertsona bera hautesle baten baino gehiagoren ordezkari izan.
Eskumena duen Hauteskunde Batzordeak egiaztatuko du, kasu bakoitzean, zertzelada horiek guztiak betetzen diren.
Prozedura hau da:
Interesdunek notario bat hartu beharko dute, notarioak doan jardungo du (Notariotzaren Kontseilu Nagusia: http://www.notariado.org/) LOREG legearen 72.c) artikuluan aipatzen den doako mediku ziurtagiria emango diote.
Notarioa hauteslearen helbidera joango da, bai ospitalea, bai zaharren egoitza bai senide baten bizilekua izan. Ondoren, postazko boto arruntaren prozedura bera jarraituko da.
Hau da: ordezkari edo ahalduna bera joan ahalko da —postazko botoa eskatzeko epearen barruan: urriaren 27tik abenduaren 10era— bere nortasun agiria eta notarioaren ahal agiria hartuta, edozein postetxetara eta botoa postaz emateko inprimakia eskatuko du.
Correos postetxeko zerbitzuek Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko dute dokumentazio guztia, eta han botoa postaz emateko eskaria egon dela idatziko du erroldaren zerrendetan ‒horrela EZ DU AURREZ AURRE BOTOA EMATERIK IZANGO‒ eta ahaldunari beronek eman duen helbidera edo, bestela, erroldan agertzen denera posta ziurtatuaren bidez bidaliko dio dokumentazio hau:
- Hauteskundeetan aurkezten den hautagaitza politiko bakoitzaren boto paper bat;
- Bozketa gutun-azal bat, bertan sartzeko dagokion boto papera:
- hautesle erroldan inskribatu izanaren ziurtagiria;
- gutun-azal bat, botoa eman beharko lukeen mahaiaren helbide idatzita duena;
- azalpen orri bat.
Dokumentazio hori ere ahaldunak berak jaso behar du, nortasuna egiaztatu ondoren. Bere helbidean ez badago, dagokion postetxera joan beharko du berak jasotzera.
Argibide gehiago:
- Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 72, 87 eta 118.1 b) artikuluetan.
- Hauteskunde prozesuen osagarrizko arauketaren apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 1 eta 8 artikuluetan.
- Ikusmen desgaitasuna duten pertsonei boto eskubideaz baliatzeko aukera ematen dien boto prozedura irisgarria arautzen duen abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretua.
- Desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko arautegia onartzen duen martxoaren 25eko 422/2011 Errege Dekretua.
- Ikusmen desgaitasuna duten pertsonei boto eskubideaz baliatzeko aukera ematen dien boto prozedura irisgarria, abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuan arautzen dena, garatu egiten duen abenduaren 21eko INT/3817/2007 AGINDUA.
- Postazko botoa emateko prozedurako notario jarduerari buruzko apirilaren 16ko 557/1993 Errege Dekretua.
- Azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoak emandako idazkeran Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 72.c) artikuluak aipatzen duen doako mediku ziurtagiri ofizialari buruzko Hauteskunde Batzorde Zentralaren 1993ko apirilaren 26ko jarraibidea.
Ikusmen desgaitasuna duten hautesleentzako bozketa prozedura irisgarria (dokumentazio osagarria braillez)
Boto Irisgarriaren Kit gida erabilgarria (hizkuntza koofizial guztietan).
Nork eska dezake bozketa prozedura irisgarria?
Hautesle erroldan inskribatutako hautesle itsuak edo ikusmen desgaitasun larria dutenek, braille sistema erabiltzen jakinik, ehuneko 33ko desgaitasun maila edo handiagoa aitortuta badute, edo ONCE Itsu Espainiarren Antolakunde Nazionaleko afiliatuak badira, Gorte Orokorretarako 2015eko hauteskundeen egunean (abenduaren 20an) hauteskunde mahaian emango zaien bozketa irisgarriaren maletin/kit bat eska dezakete, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala.
Bozketa irisgarriaren kit hori eskatzeko, hautesle horiek Estatuaren Administrazio Orokorrari jakinarazi behar diote Barne Arazoetarako Ministerioaren doako telefonoaren bitartez, 900 150 000, hauteskundeetarako deialdia egiten den egun beretik, urriaren 27tik, azaroaren 23ra, bietan ere bai. (Arreta ordutegia: Al.-Or. 09:00-17:30 eta Lr. 09:00-14:00. Estatu osorako jaiegunetan izan ezik.)
GARRANTZITSUA:
Bozketa prozedura irisgarria, hauteskunde mahaiko bozketa presentziala denez, postazko botoarekin bateraezina da. Hauteskunde araudiak ezartzen duenez, postazko botoa eskatzen bada, ez dago hauteskunde egunean hauteskunde mahaian aurrez aurre botoa ematerik.
Zertan datza prozedura hau?
Hauteskunde egunean hauteslearen hauteskunde mahaian bozketa irisgarriaren kit/maletin bat braillez dakiten hautesle itsuen edo ikusmen desgaitasun larria duten hautesleen esku jartzea da boto prozedura irisgarriaren helburua, beti ere, aldiz eta moldez eskatu badute.
GARRANTZITSUA: prozedura honetan erabiltzen diren boto paper eta gutun-azalak ez daude braillez: kit/maletin horretan sartzen diren etiketak eta dokumentazio osagarria baino ez daude braillez, botoaren sekretua mantentzearren.
Bozketa irisgarriaren maletin/kit horren barruan dagoena: boto paper eta gutun-azal normalizatuak (hau da, gainerako hautesleek Kongresurako eta Senaturako erabiltzen dituzten gutun-azal eta boto paper berdinak) eta dokumentazio osagarri bat braillez (azalpen gida braillez, edukiak identifikatzen dituzten itsasgarriak braillez eta tintaz, Senaturako hautagaien zerrenda braillez…), braillez dakien hautesleari nahi duen boto aukera autonomia osoz eta botoaren sekretua bermatuaz identifikatzeko modua emateko.
Nola eskatzen da bozketa irisgarriaren kit hori?
Desgaitasuna duten hautesleek, Gorte Orokorretarako hauteskundeetan boto irisgarriaren sistema erabili nahi badute, jakinarazi egin behar dute Barne Arazoetarako Ministerioaren doako telefonora deituta: 900 150 000. Eskatzeko epea urriaren 27an hasiko da eta azaroaren 23an amaitu, egun biak epe barruan daudela.
Telefonozko arreta ordutegia hau izango da: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 17:30era –estatu osoko jaiegunetan izan ezik- eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara.
Zer datu eman behar dira boto irisgarria telefonoz eskatzeko?
Bozketa prozedura irisgarria eskatzen duten hautesleek Barne Arazoetarako 900 150 000 doako telefonoaren bitartez datu hauek eman behar dituzte, epe barruan:
- Izen-abizenak
- Jaioteguna
- Nortasun agiri nazionalaren (DNI) zenbakia
- Helbidea
- Harremanetarako telefonoa
Gainera, beharkizun hauek betetzen dituztela adierazi beharko dute:
- Badakitela braillez irakurtzen.
- Ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta dutela edo ONCE Itsu Espainiarren Antolakunde Nazionaleko afiliatuak direla.
Administrazioak edozein unetan eskatu ahalko ditu datu horien egiaztapena.
Datu pertsonalen babesaren eremuan indarrean dagoen araudiaren arabera, zegokionean boto irisgarriaren fitxategia sortu zen eta alta eman zitzaion Datuak Babesteko Espainiako Agentzian.
Zer informazio eska daiteke doako telefonoan?
Doako telefonoan, bozketa irisgarriaren kit hori eska dezakezu, eta, gainera, hautesleek galderak egin ditzakete, urriaren 27tik abenduaren 20ra, biak barne, gai hauek besarkatzen dituzten kontuei buruz:
- Abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuan araututako boto prozedura irisgarria.
- Hauteskunde prozesua.
- Onartu diren hautagaitzak: Diputatuen Kongresurako hauteskundeak eta Senaturako hauteskundeak.
Zein da Gorte Orokorretako hauteskundeetarako bozketa irisgarriaren kit horren edukia?
a) Botoa emateko material estandar edo normalizatua.
- Botorako gutun-azal estandar bat Diputatuen Kongresuko hauteskundeetarako.
- Botorako gutun-azal estandar bat Senatuko hauteskundeetarako.
- Diputatuen Kongresuko hauteskundeetarako onartu diren hautagaitzen boto paper estandar bana.
- Senatuko hauteskundeetarako boto paper estandar bat.
b) Dokumentazio osagarria braillez.
- Gida erabilgarri bat tintaz eta braillez, kit/maletin horretan dagoen dokumentazioa nola erabili azaltzeko.
- Txantiloi trokelatu bat eta barruan Senatuko hauteskundeetarako boto paper estandarra.
- Senatuko hautagaien izen zerrenda, braillez.
- Gutun-azal handi bat, eta barruan gutun-azal txiki bat (orri laurden baten neurrikoa) Diputatuen Kongresuko hauteskundeetara aurkezten den hautagaitza bakoitzeko. Gutun-azal txiki horietako bakoitzak etiketa bat izango du itsatsita, barruan dagoen boto paperean (estandarrean, ez braillezkoan) ageri den hautagaitzaren izena eta siglak dituena, braillez eta tintaz.
Gutun-azal handia etiketa batekin identifikatuta egongo da, testu hau braillez idatzita eta tintaz inprimatuta: “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak”. Orri laurden baten neurriko gutun-azal bakoitzak onartutako hautagaitza baten boto paper normalizatua edukiko du. Hautesleak gutun-azal bakoitzaren edukia ezagutu ahal dezan, bakoitzari etiketa bat itsatsiko zaio, braillez, eta tintaz ere bai, gutun-azal horren barruko hautagaitzaren izena eta siglak aditzera emateko.
Nork bermatzen ditu braillezko itzulpenak zuzenak direla?
Boto irisgarriaren maletin/kit horren barruan dauden braillezko testuak Espainiako Braille Batzordeak ikuskatzen ditu, eta horren ziurtagiriak ematen, eta boto prozedura irisgarriaren funtzionamendu zuzena Hauteskunde Administrazioak ikuskatzen du (Hauteskunde Batzordeek eta Hauteskunde Mahaiek)
Gorte Orokorretako hauteskundeetan, zer ematen zaie hauteskunde mahaian bozketa prozedura irisgarria erabiltzeko eskaera telefonoz egin duten hautesleei?
Hauteskunde egunean hautesleak bere burua identifikatuko du bere hauteskunde mahaian mahaiburuaren aurrean edo, bestela, mahaikideen aurrean, bozketa irisgarriaren kit delako hori aldiz eta moldez eskatu zuela jakinaraziko du eta nortasun agiriaren zenbakia emango du.
Hauteskunde mahaiko kideek bozketa irisgarriaren eskaera zerrenda bat edukiko dute, eta bertan bozketa irisgarriaren kit bat eskatu duen hauteslearen nortasun agiriaren zenbakia eta Probintzia/Udalerria/Barrutia/Atala/Mahaia eta dagokion hauteslekuaren helbidea bakarrik agertuko dira.
Hauteskunde mahaiko kideek hautesleari bozketa irisgarriaren maletin/kit hori emango diote, baina zerrendan ageri bada baino ez.
Bozketa irisgarriaren maletin/kit horretan dagoen dokumentazioa erabiltzeko jarraibideak.
A. Botoa prestatzea.
Bozketa irisgarriaren kit hori ematen dizutenean, hauteskunde mahaiko kideei eskatu ahalko diezu bozketa irisgarriaren kit horretan dagoen dokumentazioa erabiltzeko pribatutasun bermeak betetzen dituen espazio batera eraman zaitzatela, hauteskunde mahaitik ahalik eta hurbilen. Bozketa irisgarriaren kit hori hauteslekutik atera ere egin dezakezu, eta geroago itzuli botoa ematera.
Senaturako hauteskundeetarako, markatu Senatuko boto papera barruan duen Braille txantiloiaren gelaxketan, boligrafo edo arkatz batez, zure boto aukera.
Txantiloi horretan, hautagaitza bakoitza zenbaki batez identifikatuta dago. Bilatu zenbaki hori braillezko hautagaitza zerrendan, eta, horrela, hautagaitzaren izena jakin ahal izango duzu, eta hautagaitza horrek Senaturako aurkezten dituen hautagaien izenak ere bai. Botoa eman nahi diezun hautagaiak aukeratu ondoren, atera boto paper estandarra txantiloitik eta sartu “Senaturako hauteskundeak” jartzen duen gutun-azalean.
Diputatuen Kongresurako hauteskundeen kasuan, ireki gutun-azal handia, braillez “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak” dioena. Barruan dauden gutun-azal txikietatik, aukeratu zuk botoa eman nahi diozun hautagaitzari dagokion boto papera daukala braillez esaten dizuna, atera boto paper hori eta sartu “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak” dioen gutun-azalean.
B. Bozketa.
Jarraian zoaz hauteskunde mahaira eta han ondorengo agirietako bat erakutsi beharko diozu mahaiburuari, identifikatzeko:
Nortasun agiri nazionala (DNI). Ez du balio izapidean dagoen nortasun agiriaren ordezkagiriak, ez baitauka hauteslearen argazkirik.
Pasaportea (argazkiduna).
Berdin da agiri horiek iraungita egotea, baina originalak izan behar dute, ez dute balio fotokopiek.
C. Soberako materiala.
Botoa eman ondoren, bozketa irisgarriaren maletin/kit hori berarekin eramatea gomendatzen zaio hautesleari, emandako botoaren sekretua ziurtatze aldera.