Nola eman botoa

Botoa emateko beste prozedurak

Pertsonal ontziratua

Espainiako banderadunak diren itsas armadaren ontzietako, merkataritzako ontzidiko eta itsas zabaleko arrantzarako ontzidiko pertsonala, hauteskundeen deialdia egiten denetik hauteskunde egunera arte ontziratuta egon behar badu eta, aldi horretan, aurretiaz ezagutzen diren portuetan egotekoa bada, lurralde nazionalean, hauteskundeetan botoa emateko duen eskubidea honela egikarituko du:

Irrati-telegrafia zerbitzuaren bidez, posta elektronikoz, faxez edo horretarako gaitzen den beste edozein bide erabiliaz, interesduna inskribatuta dagoen Hautesle Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialari erroldako inskripzioaren ziurtagiria eskatu ahal izango zaio.

Mezuan datu hauek jasoko dira:

  • Eskatzailearen izena eta abizen bi.
  • Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.
  • Jaioteguna, probintzia eta udalerria.
  • Zein udalerritan dagoen hautesle erroldan sartuta egoiliar gisa.
  • Ontziratuta dagoen ontziaren izena.
  • Ontziak zein portutan lehorreratzeko asmoa duen, batean nahiz gehiagotan, eta zein egun konkretutan izango den porturatzea.

Hauteskunde dokumentazioa beste ontzi baten bitartez helaraz badaiteke, irrati-mezuan adieraziko da zein armadore, kontsignatario edo ontzitara bidali behar den. Postazko botoa eskatze aldera, ontzietako irrati-telegrafia zerbitzuek posta zerbitzuaren ordezko bulegotzat joko dira, eta kapitainak, edo berariaz ordezkari izendatzen duten ofizialea, eskabidea hartzearen ardura duen pertsonaltzat joko dira.

Dagokion Hauteskunde Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak, interesdunaren inskripzioa egiaztatu ondoren, ondorio guztietarako jasotzat joko du eskabidea, eta behar den dokumentazioa portura bidaliko du edo, bestela, hautesleak izenez aukeratu duen armadore, kontsignatario edo ontzira.

Hautesleak dokumentazio hori jasotakoan, posta ziurtatu eta urgentez bidaliko du, hauteskunde dokumentazioa, ontzia geldituko den portuetako edozeinetatik botoa ematea dagokion hauteskunde mahaira.

Atzerrian misioak betetzen ari den indar armatuetako pertsonala

Deialdia argitaratzen den egunetik hauteskunde eguna izan arte, lurralde nazionaletik kanpora bidalita, Espainiaren eta bere aliatuen segurtasun eta defentsari lotutako operazioetan, Espainia kide den nazioarteko antolakundeen esparruan eta bakea, egonkortasuna eta segurtasuna mantentzen eta laguntza humanitarioa babesten diharduen Indar Armatuetako pertsonala postazko boto eskubideaz baliatzeko, prozedura hau jarraituko da:

Ontziko komandanteak edo unitateburuak boto eskubideaz baliatu nahi duen pertsonalaren zerrenda Defentsa Ministerioaren Pertsonal zuzendari nagusiari bidaliko dio, Defentsaren Estatu Nagusiko buruaren eta gudarosteen eta itsas armadaren estatu nagusietako buruen bitartez.

Eskatzaile bakoitzeko datu hauek emango dira:

  • Izena eta abizen bi.
  • Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.
  • Jaioteguna, udalerria eta probintzia.
  • Zein udalerritan dagoen hautesle erroldan sartuta egoiliar gisa.

Defentsa Ministerioko Pertsonal zuzendari nagusiak, dagokion aldizkari ofizialean deialdia argitaratzen den egunetik eta hauteskunde eguna baino lehenagoko hamargarren eguna baino lehen, zerrenda hori Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko du, eta honek bere ordezkaritza probintzialetara.

Dagokion Hauteskunde Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak, interesdunaren inskripzioa egiaztatu ondoren, ondorio guztietarako jasotzat joko du eskabidea, eta behar den dokumentazioa Defentsa Ministerioaren Pertsonal Zuzendaritza Nagusira bidaliko du, biderik urgenteenetik hartzaileari helaraz dakion.

Hautesleak aurreko puntuan aipatzen den dokumentazioa jasotzen duenean boto eskubidea gauzatuko du. Emandako botoen ardura ontziko komandanteak edo unitateburuak hartuko du, eta gorde egingo ditu, horien segurtasuna, osotasuna eta sekretua bermatuaz, lurralde nazionalera garraiatzeaz arduratuko denak jaso arte. Defentsa Ministerioaren Pertsonal Zuzendaritza Nagusiak Posta eta Telegrafoen Estatu Baltzura helaraziko ditu, hauteskunde egunaren aurreko bigarren eguna baino lehen, eta horrek dagokion hauteskunde mahaira bidaliko ditu urgentziaz.

Espetxeetako presoak

Espetxeetako presoek, boto eskubidea kenduta ez badute, postaz ematen dute botoa, prozedura honen arabera:

Espetxe guztietan agerian jarriko dira presoen aurrean postazko botoa arautzen duten hauteskunde arauak eta botoa emateko prozedura azaldu eta argitzeko saioak antolatuko dira.

Horretarako, espetxe bakoitzeko zuzendariak ‒edo berak ordezkari izendatzen duenak‒ deialdia argitaratzen denetik lehen hiru egunetan Posta eta Telegrafoen Estatu Baltzuari zerbitzu horretako enplegatu bat egun jakin batean espetxera bidaltzeko eskatuko dio, postazko botoa egiteko behar litezkeen ziurtagiri eskabideen inprimakiak eramatera, hantxe bertan bete ditzaten boto eskubideaz baliatu nahi duten presoek.

Presoren batek nortasun agiririk ez badauka, nahikoa izango da preso guztiek daukaten Barne Nortasun Agiria baldin eta titularraren argazkia agertzen bada agirian.

Hautesle Erroldaren Bulegoak presoa dagoen espetxera nahikoa gutun-azal eta boto paper bidaliko du, eta postetxeko enplegatuak hautesleari eskura emango dizkio.

Hautesleak dagokion boto papera aukeratuko du, gutun-azalean sartuko du (edo ez du boto paperik sartuko boto zuria egin nahi badu), eta, hori, dagokion hauteskunde mahaira zuzenduta egongo den beste gutun-azal batean sartuko du.

Postetxeko enplegatuak dagozkien hauteskunde mahaietara helaraziko ditu gutun-azal horiek hauteskunde egunean.

Hauteskunde prozesuaren irisgarritasuna