Mahaiko kideak
Hauteskunde eguna
Mahaiburua, mahaikideak eta ordezkoak 08:00etan bilduko dira bozketarako jarritako tokian.
Mahaiburua agertu ez bada, bere lehen ordezkoak ordeztuko du. Lehen ordezkoak ere huts egiten badu, bigarren ordezkoak ordeztuko du, eta, hori ere agertzen ez bada, lehen mahaikideak hartuko du mahaiburutza, edo bigarren mahaikideak, hurrenkera horretan. Era berean, agertu ez diren mahaikideak, edo mahaiburu jarri direnak, horien ordezkoek ordeztuko dituzte.
Ezin eratu daiteke mahaia mahaiburu bat eta mahaikide bi ez badaude. Mahaia eratzerik ez badago, gertakarien adierazpena idatziko da eta posta ziurtatuz bidaliko da Eskualdeko Hauteskunde Batzordera, baina lehenago horren jakinaren gainean jarrita eduki behar da telegrafoz edo telefonoz.
Batzordeak, kasu horretan, hauteskunde mahaia eratuko duten pertsonak askatasunez izendatuko ditu, baita hauteslekuan dauden hautesleetako baten bat ere izenda dezake mahaia osatzeko.
Esandakoa gorabehera, hala ere bozketa hasteko legez ezarritako ordua baino ordubete geroago ere artean ezin bada mahaia eratu, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko zaio. Batzordeak beste bozketa baten deialdia egingo du hurrengo bi egunen barruan.
Mahaia eratu eta eraketa akta egin ondoren, ezin zaio kargua eman bere eginkizunetara berandu datorren mahaikideari, ordezkoak ordeztu badu. Hauteskunde mahaia eratuz gero, parte hartu behar izan ez duten ordezkoak horren inguruko eginbehar guztietatik libre geratuko dira.
Hauteskunde mahaiburua ordena publikoaren agintaritza da hautesleku barruan; agintaritza esklusiboa du ordena mantentzeko, hautesleen askatasuna ziurtatzeko eta legea betearazteko.
Ondorio horietarako, hauteslekuak babestera bidalitako poliziako indarrek mahaiburuari eskatzen duen laguntza emango diote, hautesleku barruan nahiz kanpoan.
Ez hauteslekuetan ez horien ingurumarian ezingo da inolako hauteskunde propagandarik egin. Mahaiburuak egoki deritzen neurriak hartuko ditu horretarako.
Bozketa nola egiten den
Itxi daiteke hauteslekua jarritako ordua baino lehen?
Bai, mahaian erroldatutako hautesle guztiek eman badute botoa.
Hauteslekuaren barruan egon daiteke hauteskunde kartel edo propagandarik bozketa egunean?
Ezin da egon hauteskunde kartel ez propagandarik hauteslekuen barruan bozketa egunean.
Halakorik badago, mahaiburuak (edo bestela Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak) kentzeko agindu beharko dio poliziari.
Ez dira hauteskunde propagandatzat joko artekariek edo ahaldunek identifikatzeko eramaten dituzten ikur edo sinboloak.
Zer egin ordena publikoko gorabeheraren bat gertatzen bada?
Mahaiburuak, hauteslekuaren barruan, agintaritza esklusiboa du ordena publikoa mantentzeko. Horretarako, Segurtasun Indar eta Gorputzen laguntza eskatu ahalko dute, behar izanez gero.
Sortzen diren gorabeherak, eta sortu dituztenen izen-abizenak, bilkurako aktan jasoko dira.
Nola identifikatzen da hauteslea mahaian?
Identifikazioa honela egiten da:
- Nortasun agiri nazionala (DNI).
- Pasaportea (argazkiduna).
- Gidabaimena (karneta), argazkiduna.
Berdin da agiri horiek iraungita egotea, baina jatorrizkoak izan behar dute, ez dute balio fotokopiek.
Agiri horiek erakutsi arren, hauteslearen nortasunaz zalantzarik badago, mahaiak, aurkeztu diren agiriak eta bertan dauden hautesleen lekukotasuna kontuan hartuta, mahaiak kideen gehiengoz erabakiko du.
Zer gertatzen da hauteslea ez bada erroldan ageri?
Kasu horretan, agiri hauetako ba aurkezten badu baino ezingo du eman botoa mahaian:
- EPAI JUDIZIALA, boto-emaileari mahaiaren erroldan inskribatuta egoteko eskubidea aitortzen diona.
- ALTAKO ERROLDA ZIURTAGIRI BEREZIA, Hautesle Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak emana, boto eskubidea gauzatzeko gaitzen duena.
Errolda ziurtagiri bereziak eta dagokion udalaren bitartez faxez jasotakoak berdin balio dute bozketarako.
Errolda ziurtagiri bereziak boto-emaileen zerrenda zenbakituan kontuan hartu behar dira, gero behar bezala zenbatu behar baitira kontaketa eta bilkura aktetan.
Nola ematen dute botoa desgaitasuna duten pertsonek?
Irakurtzen ez dakiten hautesleak edo desgaitasunagatik boto papera aukeratzeko edo gutun-azal barruan ipini eta mahaiburuari emateko ezinduta daudenak euren konfiantzako norbaitez balia daitezke operazio horietarako.
Noiz ematen dute botoa mahaiko kideek eta artekariek?
Bozketa amaitutakoan, eta postaz bidalitako boto paperak dauzkaten gutun-azalak hautetsontzian sartu ondoren, mahaiko kideek eta egiaztagutuna mahaian duten artekariek emango dute botoa. Mahaiburuak hautetsontzian sartuko ditu gutun-azalak.
Boto-emaileen zerrenda zenbakituan mahaiko erroldan ageri ez diren artekarien hauteskunde atala eta mahaia idatzi behar dira.
Zer gertatzen da hauteskunde egunean zehar gutun-azalak edo boto paperak falta badira?
Mahaia hautagaitza baten boto paperak falta direla konturatzen denean, delako hautagaitzako artekari edo ahaldunek ekar ditzakete.
Ezin bada, mahaiburuak bozketa etengo du eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko dio, berehala ekar diezazkioten.
Etenak ezin du ordubete baino gehiago iraun, eta bozketa luzatu egingo da etenda egon den beste denbora.
Zer gertatuko litzateke bozketa ordubete baino gehiago eteten bada?
Arau nagusia da etenaldiak ordubete baino gehiago ez duela iraun behar. Hala ere, ordubete baino gutxi gehiago iraun duen etenaldi baten ondoren mahaiak (etenaldiaren beste horrenbesteko luzapena eginda) bozketa jarraitzea erabakitzen badu, hori ezin da hartu hauteskundea baliogabetzeko irregulartasuntzat.
Baina, aitzitik, etenaldia ordubete baino askoz gehiagokoa bada, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak erabakiko du bozketa berriro hasiko den ala bertan behera utzi behar den.
Noiz eta nork uzten du bertan behera bozketa? Ordubete baino gehiagoko bozketa etena edo bozketa bera ezinezko egiten duen gertakaria.
Bozketa bertan behera uzteko agindua mahaiburuak eman behar du kasu hauetan:
- Ordubete baino gehiagoko etena.
- Edozein arrazoigatik ezinezkoa denean bozketa ekitaldia.
Erabaki hori hartu aurretik, mahaiburuak mahaiko kide guztien iritzia eskatzea eta, ahal bada, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari telefonoz galdetzea komeni da.
Zer gertatzen da bozketa bertan behera uzten bada?
Bozketa bertan behera uzten bada, mahaiburuak hala jaso beharko du idazki arrazoitu batean, eta hauteskunde dosierrari erantsi idazki hori.
Berehala bidaliko da kopia bat, eskuan edo posta ziurtatuz Eskualdeko Hauteskunde Batzordera, arrazoien egia eta nahikotasuna egiazta dezan eta ateratzen diren erantzukizunak deklaratu edo eskatu ditzan.
Bozketa bertan behera uzten bada, ez dira kontuan hartuko emanda dauden botoak eta ez dira zenbatuko. Mahaiburuak berehala aginduko du hautetsontzian dauden boto paperak suntsitzeko, eta suntsitu direla jasoko du lehen esandako idazkian.
Hauteskunde mahai batean bozketa bertan behera geratu bada, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak hauteskunde berrien deialdia egingo du hurrengo egun bien barruan.
Eman dezake botoa bere eskubidea epai bidez egiaztatzen duenak, nahiz eta hautesle erroldan ez agertu?
Bai. Mahaiburuak haren botoa onartu ahalko du, gainera, haren helbidea botoa emango duen mahaiari dagokiola egiaztatzen badu.
Hautesle baten ordezkari beste pertsona bat izan liteke?
Inoiz ere ez. Botoa ematea ekintza pertsonal eta ezin besterenduzkoa da. Desgaitasunen bat duen pertsonaren kasuan, badauka bere konfiantzako pertsona batek prozesu guztian laguntzea, boto papera aukeratzetik gutun-azala mahaiburuari eman arte.
Zer gertatzen da botoa postaz eman duen hautesle batek botoa sistema horren bidez emateko dokumentazioa eskatu duela ez badago markatuta?
Botoa ezingo da ez ireki ez hautetsontzian sartu, baina gorde egin beharko da erreklamaziorik edo errekurtsorik badago ere.
Bertan behera utz daiteke postaz bozkatu zuen hautesle baten bozketa, gero hil egin bada?
Bai, baldin eta mahaiari haren heriotza agiria aurkezten bazaio, botoa hautetsontzian sar ez dadin.
Zer egin postazko botoa dakarten gutun-azalak artekariak bozkatzen ari direla edo beranduago heltzen badira mahaira?
Hala bada, boto horiek EZ dira zenbatu behar.
Nork eman diezaioke informazioa hautesleari botoa emateko moduaz?
Mahaiko kideak dira eskatzen duen hautesleari informazio hori eman diezaioketen bakarrak.
Egon daiteke polizakorik hautesleku baten barruan?
Bai, mahaiburuaren eskariz datozenean.
Artekari eta ahaldunek koalizio edo alderdiren baten ikur edo itsasgarriak eduki ditzakete agerian?
Bai, baldin eta alderdi edo koalizioaren siglak baino jasotzen ez baditu.
Artekari eta ahaldunek erreklamazioak aurkez ditzakete?
Bai, eta bilkura aktari erantsi behar zaizkio, baina horrek ez du esan nahi mahaia erreklamazio horrekin bat datorrenik.
Ahaldunei kontaketa aktaren kopia eman behar die mahaiak, nahiz eta mahaiaren eraketan agertu ez diren?
Bai, mahaiak kontaketa aktaren kopia berehala eta doan eman behar die.
Mahaiak boto-emaileen zerrenda zenbakituaren kopia bat eman behar die alderdien ordezkariei?
Ez, inoiz ere ez, hori boto-emaileei konstituzioak babesten dizkien eskubideen kontrakoa izan liteke eta.
Komunikabideek albiste lana hauteslekuetan egin dezakete?
Normalean hauteslekuaren kanpoaldetik egin behar dituzte, baina bozketaren irudiak barruan hartu eta igor ditzakete, eta horretarako mahaian egiaztatuta egon behar dute. Irudien grabazioak ez du inola ere eragin behar bozketaren prozesuan.
Boto baliodunak, boto zuriak eta boto baliogabeak
Noiz da boto bat balioduna?
Legezko eskakizunekin hautetsontzian sartu diren botoak baliodunak edo baliogabeak izan daitezke.
Boto baliodunak dira:
- hautagaitzari emandako botoa eta
- boto zuria
Zer da boto zuria?
Boto zuria da
- Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan: boto paperik ez daukan gutun-azala eta legez baztertutako hautagaitza baten alde emandakoa.
- Senaturako hauteskundetan: boto paperik ez daukan gutun-azala eta hautagairik markatuta ez daukaten boto paperak.
Noiz da boto bat baliogabea?
Baliogabea da eredu ofizialekoa ez den edo eraldatuta dagoen gutun-azalean emandako botoa; edo eredu ofizialekoa ez den boto papera edo eraldatuta, apurtuta edo urratuta dagoena; gutun-azalik gabe emandakoa, eta hauteslearen borondatea zein den jakiterik ez dagoena (adibidez, gutun-azal batean boto paper bat baino gehiago, hautagaitza ezberdinetakoak).
Gutun-azal berean hautagaitza bereko boto paper bat baino gehiago badago, boto baliodun bakartzat zenbatuko da.
Diputatuen Kongresurako hauteskundeen kasuan, hauek ere baliogabeak izango dira: hautagaien izenak aldatu, gehitu edo zirriborratuta dituzten edo hurrenkera aldatuta dute boto paperetan emandako botoak, bai eta beste edozein motatako eraldaketa jasan dutenak ere (adibidez, hautagai zerrendaren sinboloan).
Senaturako hauteskundeen kasuan, probintzia barrutietan hiru izen baino gehiago, Kanaria Handiko, Mallorcako eta Tenerifeko uharte barrutietan eta Ceuta eta Melilla herrietan izen bi baino gehiago eta gainerako uharte barrutietan bat baino gehiago markatuta dituzten boto paperetan emandako botoak ere baliogabeak izango dira.
Balioduntzat joko dira hautagaietako baten ondoan seinale, gurutze edo itxoroski bat daukaten boto paperetan emandako botoak, marka horiek ez badute garrantzi edo leba nahikorik horiekin boto paperaren konfigurazioa eraldatu dela edo hautagaietako bati edo bere formazio politikoari arbuioa erakusten zaiola ulertzeko.
Nork erabakitzen du boto bat balioduna edo baliogabea den?
Soil-soilik hauteskunde mahaiak, mahaiburuak eta mahaikideek osatzen dutenak.
Mahaiko boto baliogabeak gorde egin behar dira?
Bai, gero erreklamazio edo errekurtsorik badago ere.
Balioduna da hautagai zerrenda berberaren boto paper bat baino gehiago dituen botoa?
Bai, argi eta garbi dagoelako hauteslearen borondatea. Aitzitik, boto paperak hautagaitza ezberdinetakoak badira botoa baliogabea izango da.
Baliodunak dira botoak eredu ofizialarekin alderatuta tonu edo tamaina ezberdina edo akats tipografikoak dituzten boto paperetan eman badira?
Bai, diferentzia txikiek ez dute botoaren balioa aldatzen.
Baliodunak dira botoak eredu ofizialarekin alderatuta tonu edo tamaina ezberdina edo akats tipografikoak dituzten gutun-azaletan eman badira?
Bai, botoaren sekretua arriskuan jartzen ez badu.
Posta arruntez heltzen den postazko boto bat, balioduntzat hartu behar da?
Ez, baliogabetzat joko da, izan ere postazko botoa baliozkotzat jotzeko nahitaez posta ziurtatuz bidali behar da eta.
Balioduna da gutun-azal elebidunean emandako botoa erkidego bateko eremu elebakarrean?
Bai.
Balioduna da gaztelaniazko boto papera erkidego elebidun batean?
Bai, hauteslearen borondatea argi geratzen delako.
Balioduna da onartu ondoren baztertu egin den hautagaia daukan boto papera?
Bai, boto balioduntzat jotzen da, baina balioz onartutako hautagaiei dagokienez, bakarrik.