Mahaiko kideak
Boto kontaketa eta jardunaldiaren amaiera
Nola egiten da boto kontaketa edo zenbaketa mahaietan?
Botoa ematen amaitutakoan, mahaietan boto kontaketa hasten da.
Boto kontaketa egiteko, mahaiburuak banan-banan aterako ditu gutun-azalak dagokion hautetsontzitik, eta ozen irakurriko du hautagai zerrendaren izena edo, kasua denean, bozkatutako hautagaien izena. Mahaiburuak boto paper bakoitza mahaikideei, artekariei eta ahaldunei erakutsiko die irakurri ondoren.
Araudiak ezartzen duenaren arabera, lehenengo Diputatuen Kongresurako hauteskundeen boto kontaketa egingo da, eta bigarren, Senaturako hauteskundeena.
Kontaketa amaitutakoan, gehiengoz ebatziko dira egon litezkeen zalantzak eta/edo protestak. Ondoren, mahaiburuak emaitza iragarriko du ozen, erroldatutako hautesle kopurua, ekarritako errolda ziurtagiri kopurua, boto baliogabe kopurua, boto zurien kopurua eta hautagaitza edo hautagai bakoitzak lortutako botoak zehaztuta.
Mahaiak emaitzak ezagutarazten ditu kontaketa aktaren bidez, horren kopia bana Administrazioaren ordezkariari eta eskatzen duten hautagaitza bakoitzaren ordezkariei, artekariei, ahaldunei eta hautagaiei emanda.
Edozein herritar etor daiteke hauteskunde mahaiko boto kontaketara?
Bai, jendaurreko ekitaldi bata da eta; baina bertaratzen direnek ez dute ez ahotsik ez botorik, beraz ezin dute ez erreklamaziorik, ez protestarik egin, ezta prozesuaren garapen normalean eragin.
Edozein pertsonak du, boto-emailea izan nahiz ez izan, ekitaldi horretan egoteko eskubidea, mahaia dagoen hauteslekuak aukera ematen badu behintzat. Alde horretatik, mahaiburuak ordena publikoa mantentzeko jartzen dituen mugak baino ez dira egongo.
Nola prestatzen dira hauteskunde dokumentazioaren gutun-azalak eta non ematen dira?
Hauteskunde dokumentazioa hiru gutun-azaletan banatzen da:
- 1 gutun-azala: mahaiaren eraketa aktaren originala, bilkura aktaren originala eta bilkura aktan aipatzen diren agiri guztiak eduki behar ditu. Bereziki agiri hauek sartuko dira: boto-emaileen zerrenda zenbakitua, ekarritako errolda ziurtagiriak, artekarien egiaztagutunen taloiak, erabilitako hautesle erroldako zerrenda eta boto paper baliogabeak edo erreklamazio baten xede izan direnak. Postazko botoaren gastuak itzultzeko eskabideak ere sartuko dira, halakorik balego.
- 2 eta 3 gutun-azalak: horietako bakoitzak mahaiaren eraketa aktaren kopia bat eta bilkura aktaren kopia bat hartuko ditu.
Gutun-azalak itxitakoan, mahaiburuak, mahaikideek eta artekariek euren izenpeak ipiniko dituzte gutun-azalaren hegal itsatsia harrapatzen.
Mahaiburua eta nahi duten mahaikide eta artekariak berehala abiatuko dira mahaiari barrutiagatik dagokion Lehen Auzialdiko Epaitegiaren edo Bake Epaitegiaren egoitzara, lehen eta bigarren gutun-azalak emateko. Indar publikoak lagunduko die eta, beharrezkoa bada, eramango ditu pertsona horiek.
Epaileak dokumentazioa jasoko du eta dagokion jasoagiria izenpetuko du (mahaiko dokumentazioarekin egon behar du).
Mahaikideetako batek, gutxienez, 3. gutun-azala eman arte hauteslekuan geratu behar du. Posta zerbitzuak enplegatu bat bidaliko du hauteskunde mahaira, gutun-azala hartzeko, eta dagokion jasoagiria izenpetuko du (horrek ere mahaiko dokumentazioarekin egon behar du).
Hauteskunde egunaren amaieran hauteskunde dokumentazioa eramatera Lehen Auzialdiko epaitegiraino edo Bake Epaitegiraino joan behar duten hauteskunde mahaietako kideek Gobernu Ordezkaritza edo Ordezkariordetzari eska diezazkiokete joan-etorri horrek eragindako gastu horiek.
Hirugarren gutun-azala postetxeko enplegatuari emandakoan, amaitu dira hauteslekuan geratu den mahaikidearen eginkizunak.