Mahaiko kideak
Hauteskunde Mahaiei buruzko informazio orokorra
Hauteskunde mahaiek hauteskunde administrazioa osatzen dute, hauteskunde batzordeekin batera.
Hauteskunde mahaiari dagokio bozketa ekitaldiaren buru izatea, bozketa nola egiten den kontrolatzea eta boto zenbaketa eta kontaketa egitea.
Hauteskunde mahaia mahaiburu batek eta mahaikide bik osatzen dute.
Hauteskunde mahaia osatzen dutenen izendapena udal bakoitzaren eskumena da, eta udalbatzak aukeratzen ditu osoko bilkuran jendaurreko zozketa bidez, ausazko edozein prozedura edo zorizko sistema erabiliaz. Ez dago eragozpenik zozketa hori gobernu batzordearen aurrean egiteko, udalbatzak osoko bilkuran hari eman badio eskumen honen ordezkaritza, baina jendaurreko saio batean egin behar da.
Zozketa hori 70 urte baino gutxiago izanik irakurtzen eta idazten dakiten hauteskunde ataleko erroldako pertsona guztien artean egiten da, baina hirurogeita bost urtetik aurrera ezetza eman ahal izango da zazpi eguneko epean. Baztertuta egongo dira hautesle zerrendak egiten direnetik bozketa egunera bitartean heltzen direnak adinera.
Mahaiburuak Batxiler titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa izan behar du edo, bestela, Eskola Graduarena edo baliokidea.
Hauteskunde mahaiko kide bakoitzaren ordezko bi izendatuko dira (mahaikide bakoitzeko bi eta mahaiburuarentzako beste bi).
Abenduaren 20ko hauteskundeetarako azaroaren 21etik 25era bitartean egingo dira zozketak.
Udalbatzak oso bilkuran izendatu dituenei mahaiko kideak direla zozketaren hurrengo hiru egunetan jakinaraziko zaie, hau da, azaroaren 21etik 28ra bitartean, baina geroago jakinarazten bazaio, atzerapena ez da nahikoa izango izendapena baliogabetzeko.
Jakinarazpenarekin batera hauteskunde mahaiko kideentzako jarraibideen eskuliburubat bat emango zaie.
Hauteskunde prozesu baterako mahaiko kide izendatzeak ez dakar hurrengorako ere jarraitzea, baina ez du ezerk eragozten, zozketaz, hurrengo hauteskundeetan ere hauteskunde mahairako izendatu ahal izatea.