Mahaiko kideak
Izendapenaren aurkako errekurtsoa: eragozpenak eta salbuespenak
Mahaiko kide karguak nahitaezkoak dira, eta ordezko karguak ere bai.
Abenduaren 20ko hauteskundeetan, izendatuek zazpi egun izango dituzte dagokien kargua onartzea eragozten dien kausa justifikatu eta dokumentatu bat alegatzeko. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari. Izendatu diren 65 urte baino gehiago duten adinekoek jakinarazpena eman zaienetik zazpi eguneko epean uko egin dezakete.
Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak 5 eguneko epean ebatziko ditu alegazioak. Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen ebazpen horren aurka ez dago errekurtsorik hauteskundeekiko administrazio bidean, baina interesdunak egoki deritzon edozein errekurtso jar dezake auzibidean (2001eko apirilaren 20ko, irailaren 19ko eta abenduaren 3ko akordioak). Beste alde batetik, Administrazioarekiko Auzi Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.5 artikuluak dioenez, Administrazioarekiko auzietarako epaitegiei dagoie Eskualdeko Hauteskunde Batzordeen egintzen kontrako aurkapenak ebaztea.
Badago kontsultak eta errekurtsoak faxez bidali eta jasotzea, beti ere, gainera, jatorrizko dokumentazioa postaz bidaltzen bada edo interesdunak hartu egin duela jasota geratzeko moduko beste edozein bidez bidaltzen bada (2000ko otsailaren 9ko Hauteskunde Batzorde Zentralaren akordioa).
Pertsona izendatuak alegatutako salbuespena Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak onartu ondoren baino ez da galtzen hauteskunde mahaiko kidetasuna. Ezin du beste ezein pertsona edo instituziok erabaki kidetasun horren aldaketarik.
Gero izendatutako norbait ezin bada joan mahaiko kide karguan jardutera, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinarazi behar dio hauteskunde eguna hasi baino 72 ordu lehenago, behar diren justifikazioak erantsita. Joan ezina epe horren ondoren gertatzen bada, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari berehala esan beharko zaio eta, nolanahi ere, hauteskunde mahaia eratu aurretik (bozketa eguneko 08:00). Ordezkoek ere alega ditzakete mahaiko kide izatea eragozten dieten salbuespenak.
Mahaiko kide kargua ezin du hartu hautagai aurkezten denak, ezta beste barruti batean izan arren ere. Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera hautetsezina izatea kausa justifikatua da.
Administrazioak hauteskundeen emaitzen behin-behineko informazioa ematearren kontaketa aktaren kopia jasotzeko izendatu duen pertsona ezin izango da aldi berean mahaiko kide izan.
Hauteskunde mahaietako burua eta mahaikideak, eta bakoitzaren ordezkoak, euren eginkizunak betetzera ez badoaz, bidezko kausarik gabe bertan behera uzten badituzte edo salbuespena edo abisua aurrez eman beharra kausa justifikaturik gabe betetzen ez badute, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe zigorra edo seitik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna izango dute.
6/2011 Jarraibidea, apirilaren 28koa, Hauteskunde Batzorde Zentralaren , hauteskunde mahaietako mahaiburu eta mahaikide karguetarako eragozpen eta salbuespen justifikatuei buruzko Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 27.3 artikulua interpretatzekoa.
2/2014 Jarraibidea, abenduaren 11koa, Hauteskunde Batzorde Zentralarena, hauteskunde mahaietako mahaiburu eta mahaikide karguetarako eragozpen eta salbuespen justifikatuei buruzko Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 27.3 artikulua interpretatzeko apirilaren 28ko 6/2011 Jarraibidea aldatzekoa.