Argitu zalantzak
Ahaldunak eta artekariak
Zer da ahalduna?
Hautagaitza bakoitzaren ordezkariek eskubide zibil eta politikoen jabetza osoan dagoen edozein herritar adinduni eman diezaiokete ahala hauteskunde ekitaldi eta operazioetan hautagaitzaren ordezkaritza izan dezan. Hori da ahalduna.
Ahaldunak askatasunez sar daitezke hautesleku guztietara, bozketaldia aztertu eta edozein mahaitako boto kontaketa ere bai, erreklamazioak eta protestak egin eta ziurtapenak eskatu.
Ahaldunek, euren hautagaitzako artekaririk ez badago, artekari gisa jardun dezakete mahaian, eztabaidetan ahotsa dutela, baina botorik ez.
Ahaldunek hala identifikatu behar dute mahaikideei euren egiaztagutunak eta nortasun agiria erakutsiaz.
Ahaldunek ez dute botoa ematen mahaian, ez badaude bertako erroldan.
Zer egiten du artekariak?
Hautagaitza bakoitzaren ordezkariak, hauteskundea baino hiru egun lehenago arte, hauteskunde mahaietan bina artekari izenda ditzake, taloi bidezko egiaztagutunak emanaz, izendapenaren oinean data eta izenpea jarrita.
Artekari horiek mahaira joan daitezke eta mahaiko eztabaidetan parte har dezakete ahotsez, baina botorik gabe. Horretarako, mahaian egiaztaturiko artekariak bata bestearen ordezko izan daitezke.
Egiaztaturik dauden mahaian baino ezin dute jardun.
Erreklamazioak eta protestak aurkeztu ditzakete eta ziurtapenak eskatu ditzakete.
Egiaztaturik dauden mahaian ematen dute botoa, bertako hautesle erroldan sartuta egon ez arren, beti ere mahai horri dagokion hautesbarrutiko erroldan inskribatuta badaude. Bestela, postaz baino ezin izango dute eman botoa, inskribatuta dauden errolda dagokion mahaian.