Argitu zalantzak
Boto kontaketa
Nola egiten da mahaietan boto kontaketa edo zenbaketa?
Botoa ematen amaitutakoan, mahaietan boto kontaketa hasten da.
Boto kontaketa egiteko, mahaiburuak banan-banan aterako ditu gutun-azalak dagokion hautetsontzitik, eta ozen irakurriko du hautagai zerrendaren izena edo, kasua denean, bozkatutako hautagaien izena. Mahaiburuak boto paper bakoitza mahaikideei, artekariei eta ahaldunei erakutsiko die irakurri ondoren.
Araudiak ezartzen duenaren arabera, lehenengo Diputatuen Kongresurako hauteskundeen boto kontaketa egingo da, eta bigarren, Senaturako hauteskundeena.
Kontaketa amaitutakoan, gehiengoz ebatziko dira egon litezkeen zalantzak eta/edo protestak. Ondoren, mahaiburuak emaitza iragarriko du ozen, erroldatutako hautesle kopurua, ekarritako errolda ziurtagiri kopurua, boto baliogabe kopurua, boto zurien kopurua eta hautagaitza edo hautagai bakoitzak lortutako botoak zehaztuta.
Mahaiak emaitzak ezagutarazten ditu kontaketa aktaren bidez, horren kopia bana Administrazioaren ordezkariari eta eskatzen duten hautagaitza bakoitzaren ordezkariei, artekariei, ahaldunei eta hautagaiei emanda.
Nola izan liteke emaitzak hain bizkor jakitea?
Emaitzak horren arin jakiten dira informazioaren transmisio prozedura konplexu eta aurreratu bat dagoelako.
Hauteskunde mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat dago, boto kontaketa jakin ondoren, mahaiburuagandik mahai horretako emaitzen aktaren kopia bat jaso eta Barne Arazoetako Ministerioaren datuak totalizatzeko zentrora bidaltzen duena.
- Hauteskunde egunean Gobernuak ematen dituen emaitzak LOREG legearen 98.2 artikuluan xedatzen denagatik da: “Gobernuak hauteskundearen emaitzei buruzko behin-behineko informazioa eman beharko du”.
- Boto kontaketa ofizial eta behin betikoa Hauteskunde Batzorde Probintzialetan egiten da eta hauteskundeen ondoren hirugarren egunean hasten da.
- Emaitza ofizialak Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnak dira.
Nola egiten da behin betiko boto kontaketa?
Behin betiko boto kontaketa egin aurretik, eskumena duen hauteskunde batzordea egoiliar absenteen botoak zenbatzeko mahai moduan eratzen da. Goizeko zortzietan, lehiatu diren hautagaitzek izendatzen dituzten artekariekin batera, mahaiburuak, egun horretara arte jaso diren egoiliar absenteen bozketa gutun-azalak hautetsontzian sartzen ditu eta idazkariak boto-emaileen izena jasotzen du zerrendan. Jarraian, Batzordeak botoak kontatzen ditu eta emaitzak behin-betiko kontaketan eransten ditu.
Boto kontaketa orokor edo behin betikoa (LOREG legearen 103 art. eta hurr.) bozketaren ondorengo hirugarren egunean egiten du dagokion hauteskunde batzordeak. Ekitaldi bakarra da eta jendaurrekoa da.
Mahaiburuak, Batzordearen eraketa akta egiten du eta berak, mahaikideek eta idazkariak eta behar bezala egiaztatutako hautagaitzen ordezkari eta ahaldunek izenpetzen dute.
Boto kontaketa saioa hasteko, idazkaria lege xedapenak irakurtzen hasten da. Ondoren hauteskunde egunean epaitegietan eman ziren gutun-azalak zabaltzen dira (1 gutun-azala, mahai bakoitzari dagokion hauteskunde dokumentazioa duena).
Idazkariak mahai bakoitzaren bozketa laburpenaren berri emango du. Boto kontaketak irauten duen bitartean Batzordeak ezin du aktarik ez botorik baliogabetu, boto kontaketa egiaztatzera eta, mahaietako akten edo akta kopien arabera, mahaien botoen batuketa egiaztatzera mugatzen da. Akats materiala edo egitatezkoa badago, edo aritmetikoa, konpondu egingo da.
Boto kontaketaren ekitaldia ez da eten behar eta hauteskundeen ondorengo seigarren eguna baino geroago ez da amaitu behar.