Argitu zalantzak
Hauteskunde mahaiak
Zer da hauteskunde mahai bat?
Hauteskunde mahaiek hauteskunde administrazioa osatzen dute, hauteskunde batzordeekin batera.
Hiru herritarrek osatzen dute ‒mahaiburuak eta mahaikide bik, hirurogeita hamar urte baino gutxiagokoak eta irakurtzen eta idazten dakitenak‒.
Mahaiko kideak mahaian erroldatuta daudenen artean aukeratzen dira zozketa bidez.
Mahaiburuak Batxiler titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa izan behar du edo, bestela, Eskola Graduarena edo baliokidea.
Nola aukeratzen dira hauteskunde mahaietako kideak?
Hauteskunde mahaietako kideak aukeratzea udalei dagokie, eta udalbatzaren osoko bilkuran zozketa bidez, baina zozketa gobernu batzordearen aurrean egin daiteke, udalbatzak osoko bilkuran hari eman badio eskumen honen ordezkaritza eta jendaurreko saio batean egiten bada. Zozketak azaroaren 21etik 25era bitartean egingo dira.
Zer eskubide dituzte hauteskunde mahaietako kideek?
Mahaiburuek eta mahaikideek, bai eta azkenean mahaiko kide titular bilakatzen diren ordezkoek ere:
- 62,61 euroko dieta bat jasoko dute.
- Biharamunean lanaldia 5 ordu murrizteko eskubidea izango dute.
- Hauteskundeetan parte hartzetik eratortzen diren kontingentzia eta egoeren aurrean Gizarte Segurantzaren sistemak babestuta egongo dira.
Zer gertatzen da osatu behar dudan mahaian agertzen ez banaiz?
Hauteskunde mahaietako mahaiburu eta mahaikide karguak nahitaezkoak dira. Ezin dituzte karguak hartu hautagai aurkezten direnak.
Mahaiburua, mahaikideak eta ordezkoak, euren eginkizunak betetzera ez badoaz, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe zigorra edo seitik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna izango dute.
Mahaiburu eta mahaikide izendapena azaroaren 21 eta 28 bitartean jakinarazi behar zaie interesdunei (zozketaren hurrengo 3 egunetan). Jakinarazpenarekin Mahaietako Kideentzako Jarraibide Eskuliburu bat emango zaie, Hauteskunde Batzorde Zentralak ikuskatu duena eta Ministro Kontseiluak onartu.
Mahaiburu eta mahaikide izendatuek zazpi egun izango dituzte kargua onartzea eragozten dien kausa justifikatu eta dokumentatu bat alegatzeko Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari. Batzordeak bost eguneko epean ebatziko du, errekurtso barik, eta, kasua bada, lehen ordezkoari jakinaraziko dio gertatu den ordezpena.
Gero, izendatutako norbait, ezin bada joan mahaiko kide karguan jardutera, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinarazi behar dio hauteskunde eguna hasi baino 72 ordu lehenago, behar diren justifikazioak erantsita.
Joan ezina epe horren ondoren gertatzen bada, Batzordeari berehala esan beharko zaio eta, nolanahi ere, hauteskunde mahaia eratu aurretik. Halakoetan, Batzordeak dagokion ordezkoari ordezpenaren berri ematen dio, horretarako denborarik badago, eta beste bat izendatzen du, beharrezkoa bada.
Nola eratzen da mahaia hauteskunde egunean?
Mahaiburua, mahaikideak eta euren ordezkoak, balego, abenduaren 20an goizeko zortzietan bilduko dira dagokien hauteslekuko hauteskunde mahaian.
Mahaiburua agertu ez bada, bere lehen ordezkoak ordeztuko du. Lehen ordezkoak ere huts egiten badu, bigarren ordezkoak ordeztuko du, eta, hori ere agertzen ez bada, lehen mahaikideak hartuko du mahaiburutza, edo bigarren mahaikideak, hurrenkera horretan. Agertu ez diren mahaikideak, edo mahaiburu jarri direnak, horien ordezkoek ordeztuko dituzte.
Ezin eratu daiteke mahaia mahaiburu bat eta mahaikide bi ez badaude. Mahaia eratzerik ez badago, bertan dauden mahaiko kideek, agertu diren ordezkoek edo, bestela, gobernu agintariek, gertakarien adierazpena idatzi eta izenpetuko dute eta posta ziurtatuz bidaliko dute Eskualdeko Hauteskunde Batzordera, eta telegrafoz edo telefonoz ere jakinaraziko dizkiote gertakariok.
Batzordeak, kasu horretan, hauteskunde mahaia eratuko duten pertsonak askatasunez izendatuko ditu, baita hauteslekuan dauden hautesleetako baten bat ere izenda dezake mahaia osatzeko. Nolanahi ere, Batzordeak Fiskaltzari jakinaraziko dio gertatutakoa, agertu ez diren mahaikideek edo ordezkoek izan dezaketen zigor erantzukizuna argitze aldera.
Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, hala ere bozketa hasteko legez ezarritako ordua baino ordubete geroago ere artean ezin bada mahaia eratu, artikulu honetako hirugarren lerrokadan aipatutako pertsonek Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote. Batzordeak beste bozketa baten deialdia egingo du hurrengo bi egunen barruan. Deialdiaren kopia bat berehala jarriko da hauteslekuaren atean eta Batzordeak ofizioz izendatuko ditu mahai berriko kideak.