Argitu zalantzak
Hauteskunde sistema
Nola esleitzen dira jarlekuak hautagai zerrenden artean?
Jarlekuak boto kontaketaren emaitzen arabera esleitzeko arau hauek jarraitzen dira:
- Hautesbarruti bakoitzean emandako boto baliodunen, gutxienez, % 3 atera ez duten hautagai zerrendak baztertu egiten dira (hautagai zerrendei ematen zaizkienak gehi boto zuriak dira boto baliodunak).
- Handienetik txikienera ordenatzen dira, zutabe batean, gainerako hautagai zerrendek lortutako boto kopuruen zifrak.
- Hautagai zerrenda bakoitzak lortutako botoak zatitu egiten dira 1, 2, 3 eta abarren artean, hautesbarrutiari dagokion jarleku kopuru osoraino heldu arte.
- Jarlekuak zatidurarik handienak lortzen dituzten hautagai zerrendei esleitzen zaizkie, beheranzko hurrenkera jarraituaz.
- Ceuta eta Melillako hatesbarrutietan boto kopuru gehien lortu duen hautagaia izango da hautetsia.
Nola aukeratzen dira senatariak?
Sufragio unibertsal, aske, berdin, zuzen eta sekretuz aukeratzen diren 208 senatarien hautespena honela egiten da:
Hautesleek botoa eman diezaiekete gehienez:
- 3 hautagairi penintsulako hautesbarrutietan.
- 2ri Kanaria Handia, Mallorcan, Tenerifen, Ceutan eta Melillan.
- 1i uharteetako gainerako barrutietan.
Gero, hautesbarrutiari izendatutako senatari kopurua osatu arte boto gehien lortu duten hautagaiak izendatzen dira hautetsi.
Nolakoa da diputatuen Kongresurako boto papera?
Kongresurako boto papera zuria da, alde bakarretik inprimatua, eta han agertuko dira alderdiaren, federazioaren, koalizioaren edo hautesle taldearen izena, sigla eta ikurra eta hautagaien eta ordezkoen izen-abizenak.
Nolakoa da Senaturako boto papera?
Boto papera sepia kolorekoa da, bakarra hautesbarruti bakoitzerako, eta hautagai guztientzat berbera.
Hautagai taldeak boto paperean aurreko hauteskundeetan lortu zituzten emaitzen arabera ordenatzen dira, eta hautagaiak talde bakoitzaren barruan, hautagaitzak berak ezartzen duen hurrenkeran. Hautesleak gurutze bat ipin dezake nahiago duen hautagaiaren ondoan dagoen laukitxoan, hautagai taldearen barruan daukan kokagunea gorabehera.
Hautesleek botoa eman dezakete:
- Gehienez 3 hautagairi hautesbarruti probintzialetan.
- Gehienez 2ri Kanaria Handian, Mallorcan, Tenerifen, Ceutan eta Melillan.
- Gehienez hautagai bati uharteetako gainerako hautesbarrutietan.
Hautesleak izendatutako hautagaiek ez daukate formazio berekoak izan beharrik nahitaez.
Boto paperak tamaina ezberdina izan dezake, hautesbarrutian aurkeztu diren hautagaien kopuruaren arabera, eta hautagaiak boto paperaren alde bietan zerrendatuta egon daitezke (aurrealdean eta atzealdean).
Noiz da boto bat balioduna?
Botoak baliodunak edo baliogabeak izan daitezke.
Boto baliodunak hauek dira:
- Hautagaiei emandakoak eta
- Boto zuria
hautetsontzian legezko eskakizunak beteaz sartzen badira.
Zer da boto zuria?
Boto zuriak hauek dira:
- Kongresurako hauteskundeetan: boto paperik ez daukan gutun-azala eta legez baztertu den hautagai zerrendaren baten alde emandako botoa.
- Senaturako hauteskundeetan: boto paperik ez daukan gutun-azala eta hautagairik markatuta ez duten boto paperak.
Noiz da boto bat baliogabea?
Baliogabea da eredu ofizialekoa ez den edo eraldatuta dagoen gutun-azalean emandako botoa; edo eredu ofizialekoa ez den boto papera edo eraldatuta, apurtuta edo urratuta dagoena; gutun-azalik gabe emandakoa, eta hauteslearen borondatea zein den jakiterik ez dagoena (adibidez, gutun-azal batean boto paper bat baino gehiago, hautagaitza ezberdinetakoak).
Gutun-azal berean hautagaitza bereko boto paper bat baino gehiago badago, boto baliodun bakartzat zenbatuko da.
Diputatuen Kongresurako hauteskundeen kasuan, hauek ere baliogabeak izango dira: hautagaien izenak aldatu, gehitu edo zirriborratuta dituzten edo hurrenkera aldatuta duten boto paperetan emandako botoak, bai eta beste edozein motatako eraldaketa jasan dutenak ere (adibidez, hautagai zerrendaren sinboloan).
Senaturako hauteskundeen kasuan, probintzia barrutietan hiru izen baino gehiago, Kanaria Handiko, Mallorcako eta Tenerifeko uharte barrutietan eta Ceuta eta Melilla herrietan izen bi baino gehiago eta gainerako uharte barrutietan bat baino gehiago markatuta dituzten boto paperetan emandako botoak ere baliogabeak izango dira.
Balioduntzat joko dira hautagaietako baten ondoan seinale, gurutze edo itxoroski bat daukaten boto paperetan emandako botoak, marka horiek ez badute garrantzi edo leba nahikorik horiekin boto paperaren konfigurazioa eraldatu dela edo hautagaietako bati edo bere formazio politikoari arbuioa erakusten zaiola ulertzeko.