Argitu zalantzak

Sufragio aktiboa eta hautesle errolda

Nork eman dezake botoa hauteskunde hauetan?

“Sufragio aktiborako eskubidea” botoa emateko eskubidea da, eta “sufragio pasiborako eskubidea” hautagai aurkezteko eta botoak jasotzeko eskubidea da.

Gorte Orokorretarako hauteskundeetan hautesle erroldan inskribatuta dauden espainiar adindun guztiek eman dezakete botoa (bai Espainian bizi direnak bai atzerrian bizi direnak).

Hala ere, ezin izango dute botorik eman:

  • Boto eskubidea ez izatera epai judizial irmoz kondenatu dituztenak.
  • Epai judizial irmoz ezgai deklaratu dituztenak, baldin epai horrek espres adierazten badu boto eskubidea gauzatzeko ezgaitasuna.
  • Epaileren baimenarekin ospitale psikiatrikoan sartu dituztenak, egonaldiak irauten duen bitartean eta baimenean epaileak espres adierazten badu boto eskubidea gauzatzeko ezgaitasuna.

Nahitaezkoa da botoa ematea?

Ez. Inor ezin daiteke behartu inolako aitzakiekin boto eskubidean, ezta botoa agerraraztera ere.

Botoa (sufragio eskubideaz baliatzea) unibertsala, askea, berdina, zuzena eta sekretua da.

  • Unibertsala eskubide zibil eta politikoen jabe diren adindun guztiek egin dezaketelako.
  • Askea, inor ezin daitekeelako botoa ematera behartu..
  • Berdina, boto guztiek dutelako balio bera.
  • Zuzena, gure botoaren bidez gai publikoetan gure ordezkari izatea nahi dugunak aukeratzen direlako.
  • Sekretua, inor ezin daitekeelako behartu bere botoa agertzera.

Zer da hautesle errolda?

Hautesle errolda datu-base bat da, botoa emateko beharkizunak betetzen dituzten eta boto eskubideaz behin betiko edo aldi baterako gabetuta ez dauden pertsona guztien inskripzioa duena.

Hautesle errolda bakarra eta iraunkorra da, eta hilero eguneratzen da.

Gorte Orokorretarako hauteskundeen kasuan, hauek dira hautesle errolda osatzen dutenak:

  1. Espainian Egoiliar diren Hautesleen Errolda (CER)
  2. Atzerrian bizi diren Hautesle Egoiliar Absenteen Errolda (CERA)

Hautesle erroldan izena ematea nahitaezkoa da botoa eman ahal izateko.

Nork egiten du hautesle errolda?

Hautesle errolda Hautesle Erroldaren Bulegoak egiten du, Estatistika Institutu Nazionalean dagoenak (Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa), eta bere eskumenak Hauteskunde Batzorde Zentralaren zuzendaritzapean eta hark ikuskatuta egiten du bere lana.

Udalek, Espainiaren atzerriko bulego kontsularrek eta misio diplomatikoetako atal kontsularrek ofizioz tramitatzen dituzte hautesleen inskripzioak eta Hautesle Erroldaren Bulegoa da hautesle errolda osatzeko ardura duena.

Errolda egiteko, Bulegoak:

  • Hautesle errolda egiteko prozesua koordinatzen du, eta, horretarako, udalei eta kontsulatuei jarraibideak bidal diezazkieke, bai eta Erregistro Zibilaren eta Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistroaren arduradunei ere.
  • Hautesle Erroldaren egikera prozesua ikuskatzen du, eta, horretarako, udalak eta kontsulatuak ikuskatu ditzake.
  • Eskumena duten organoek tramitatutako altak eta bajak ofizioz kontrolatu eta ikuskatzen ditu eta hautesleen fitxategi nazional bat egiten du.
  • Udalek eta kontsulatuek hauteman ez dituzten hautesle beraren inskripzio anizkoitzak ezabatzen ditu.

Zer errolda erabiliko da abenduaren 20an ?

Hauteskunde prozesu bakoitzean erabiltzen den errolda, deialdi egunaren aurreko bigarren hilaren lehen egunean itxi dena da.

Abenduaren 20ko Hauteskundeen kasuan, 2015eko abuztuaren 1ean itxi zena izango da errolda.

Hala ere, Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoak zuzenketa aldi bat ezartzen du hauteskundeen deialdia egin ondoren.

Non eta noiz ikus daitezke errolda eta hauteskunde mahaia?

Udalek eta kontsulatuek azaroaren 2tik 9ra erakutsiko dituzte indarrean dauden hautesle zerrendak euren udalerrietan.

Gainera, Hautesle Erroldaren Bulegoak hautesle guztiei bidaliko die errolda txartel bana, bakoitzaren hautesle erroldako inskripzioaren eta botoa eman behar duen atal eta mahaiaren datuak eguneratuta, eta hauteskunde atal, hautesleku edo hauteskunde mahaien aldaketak ere jakinaraziko dizkie aldaketok eragiten dieten hautesleei.

Era berean,Interneten ikusi ahal izango dira hautesleku eta hauteskunde mahaien datuak INE institutuaren web orrialdearen bidez (www.ine.es) ziurtagiri digitala eduki beharrik gabe.

Hautesle bakoitzaren inskripzio datu indibidualak ikusteko, botoa eman behar duen mahaia eta hauteslekua ere agertuko baita, ziurtagiri digital bat beharko da, eta INE institutuaren web orrialdearen bitartez ikusi ahal izango da deialdia argitaratzen den egunetik.

Nire datuak oker badaude, zer egin behar dut?

Zerrendak erakustaldian dauden bitartean (azaroaren 2tik 9ra), edozeinek ikusten badu oker sartuta edo kanporatuta dagoela hautesle erroldatik, Hautesle Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialari erreklamazio bat aurkeztu diezaioke.

Ordezkaritzak hiru eguneko epean erreklamazioak ebatzi eta zuzenketak aginduko ditu, eta azaroaren 13an egon beharko dute erakustaldian, jendearentzat. Gainera, hartutako ebazpena erreklamaziogileetako bakoitzari eta dagokien udalei eta kontsulatuei jakinaraziko die.

Helbidea aldatu duten edo lehen aldiz bozkatzen duten hautesleek egiaztatu behar dituzte bereziki datuak zuzen dituzten.