Argitu zalantzak
Postazko botoa espainiatik
Nola bozkatzen da postaz Espainiatik?
Hauteskundeen deialdia egin ondoren, eta abenduaren 10era arte, postazko botoa eskatzeko epea amaitzen den egunera arte, Correos postetxearen edozein bulegotara joan eta postazko botoa egiteko inprimakia eskatu ahal izango dute hautesleek.
Behar bezala bete ondoren, postetxearen edozein bulegotan emango du berak, bulego horretako enplegatuari bere identifikazioa egiaztatuaz nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena erakutsita (titularraren argazkia eta izenpea baitauzkate; inola ere ez fotokopia), horrela eskatuko baitio izenpea egiaztatzeko.
Gogoratu: postazko botoa eskatu ahal izateko epea abenduaren 10ean amaituko da (epea abenduaren 11 arte luzatu da).
Postetxearen zerbitzuek eskaera behar bezala beteta Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko dute, errolda zerrendetan dagokion oharra egiteko. Beraz, postazko botoa eskatzen duen hautesleak, bere eskaera onartu denetik aurrera, EZIN DU BOTOA AURREZ AURRE EMAN.
Jarraian, hautesleak eskaera orrian esandako helbidera, Hautesle Erroldaren Bulegoak posta ziurtatuz bidaliko du gutun-azal bat dokumentazio hau barruan duela:
- Boto paperak eta gutun-azalak.
- erroldako inskripzioaren ziurtagiria.
- botoa ematea egokituko litzaizukeen mahaiaren helbidea duen gutun-azal bat.
- azalpen orri bat.
Dokumentazio hori ere hautesleak berak hartu behar du, bere identitatea egiaztatu ondoren. Esandako helbidean ez badago, dagokion posta bulegora joan beharko du berak.
Hautesleak bere botoa aukeratu beharko du:
- Diputatuak hautatzeko, aukeratu duen hautagai zerrendaren boto papera gutun-azal zurian sartuko du.
- Senatariak hautatzeko, aukeratu duen hautagaia edo hautagaiak markatuko ditu boto paperean bertan ematen diren jarraibideak beteaz. Gero boto paper hori sepia koloreko gutun-azalean sartuko du.
Jarraian, hauteskunde mahaira zuzenduta dagoen gutun-azalean hauek sartuko ditu:
- Botoa emateko gutun-azalak, boto paperak barruan daudela.
- Erroldako inskripzioaren ziurtagiria.
Abenduaren 16 arte dago (epea abenduaren 18 arte luzatu da), gutun-azal hori posta ziurtatuz bidaltzeko. Bidalketa hori doakoa da hauteslearentzat, Barne Arazoetarako Ministerioa izango baita bidalketa horien ordaina posta operatzaileari emango diona hauteskundeetarako aurrekontuaren bitartez.
Kontuan izan behar da ez dela beharrezkoa hauteslea bera joatea postetxearen bulegora bozketarako gutun-azala ziurtatzera, beste edozein pertsonak egin baitezake bere izenean (1995eko maiatzaren 10eko HBZ akordioa).
Posta zerbitzuak bozketa eguna iritsi arte gordeko du hauteskunde mahaietara zuzendutako gutuneria guztia, eta goizeko bederatzietan eramango du mahai horietara.
Halaber, egun horretan jasotzen dena eramaten ere jarraituko du, egun horretako hogeiak arte. Posta zerbitzuak jasotako dokumentazio guztiaren erregistroa edukiko du, eta Hauteskunde Batzordeen esku egongo da.
Bozketarako jarritako eguneko hogeiak baino geroago jasotzen diren gutun-azalak Eskualdeko Hauteskunde Batzordera bidaliko dira (eta suntsitu egingo dira).
Nola nahasten dira postaz jasotako botoak hautetsontzian aurrez aurre sartu direnekin?
Abenduaren 20an, 20:00etan, hauteskunde mahaian azken hautesleak bozkatu ondoren, postaz bidalitako boto paperak dituzten gutun-azalak dagokien hautetsontzian sartuko dira.
Horretarako, urrats hauek jarraitu behar dira:
- Mahaiko buruari bidalitako gutun-azalak ireki, banan-banan, eta hauteslearen erroldako inskripzioaren ziurtagiria eta postazko botoaren gutun-azala edo gutun-azalak barruan daudela egiaztatu.
- Hauteslea mahaiko erroldan inskribatuta dagoela egiaztatu.
- Boto gutun-azala edo gutun-azalak dagokien hautetsontzian sartu.
- Hauteslea boto-emaileen zerrenda zenbakituan jaso (mahaikideek hauteslearen izena boto-emaileen zerrenda zenbakituan idatziko dute).