Pertsona guztiek izango dute boto aktibo, kontziente, aske eta borondatezkoa emateko eskubidea, boto hori adierazteko modua edozein dela ere eta beharrezkoa den laguntza jasoaz (Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoko 3.2. artikulua)
Administrazioak ziurtatu behar du desgaitasuna duten pertsonek hauteskunde-mahai eta -lokaletara iristeko aukera-berdintasuna dutela eta ez dutela diskriminaziorik jasaten (Desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko Erregelamenduko 2. artikulua).
Hauteskunde-prozesuetako irisgarritasunak bi adar ditu: hauteskunde-lokalera bozkatzera doazen pertsonena eta hauteskunde-mahaietako kide izendatuak izan direnena.
Hauteskunde-lokal eta -mahaiek irisgarriak izan behar dute.
Hauteskunde-mahaietako kideek desgaitasunen bat duten pertsonek botoa ahalik autonomia handienarekin eman dezaketela bermatuko dute, eta beharrezkoak diren zentzuzko egokitzapenak egingo dituzte horretarako.
Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatu behar dituen hauteskunde-prozesuetan, Gorte Nagusietarako hauteskundeen kasuan bezala, hauteslekura joateko garraio irisgarririk ez dagoela egiaztatzen bada, Estatuko Administrazio Nagusiak doako garraiobide egokiak jarriko ditu mugitzeko desgaitasuna duten pertsonentzat, eskatzen badute, eta, betiere, nahikoa aurrekontu badago. Horretarako, eskumena duen eskualdeko hauteskunde-batzordera jo daiteke edo, zuzenean, dagokion Gobernu-ordezkaritzara.
Hauteskunde-aldian irisgarritasunari buruzko kexa edo eskaririk egonez gero, eskumeneko eskualdeko hauteskunde-batzordera bidal daitezke.
Desgaitasun-egoera hauteskunde-mahai batean parte hartu behar izatetik salbuetsita egoteko nahikoa arrazoia da honako arau honi jarraiki: 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuko 4. artikulua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena.
Desgaitasuna duen pertsonak, daukan desgaitasun-maila gorabehera, desgaitasun-deklarazioa aurkeztea nahikoa izango da eskualdeko hauteskunde-batzordeak salbuespena onar diezaion eta ez du aurkeztu beharko hauteskunde-mahai bateko kidea izatea eragozten edo zailtzen dioten oztopoak zehazten dituen osasun-agiririk (6/2011 Jarraibidea, apirilaren 28koa, Hauteskunde-Batzorde Zentralarena).
Eskubide hori gauzatu nahi ez badute, Administrazioak doako zerbitzuak eskaini behar dizkie hauteskunde-mahai bateko kide izateko izendatuak izan diren pertsona gorrei eta entzumen-desgaitasuna dutenei:
1. 1. Zeinu-hizkuntzako interpretazio-zerbitzua dohainik bai titularrentzat, bai ordezkoentzat (bai gaztelaniaz, bai autonomia-erkidegoetako zeinu-hizkuntzan).
Pertsona hauek zeinu-hizkuntzako doako interprete-zerbitzua eskatu ahal izango dute eskualdeko hauteskunde-batzordean, idatziz eta izendapen-jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.
Eskualdeko hauteskunde-batzordeak dagokion Gobernu-ordezkaritzari jakinaraziko dio zer kasutan erabaki den zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua ematea.
Gobernu-ordezkaritzak kasu horien berri emango dio Barne Ministerioari, Estatu-mailako hauteskunde-prozesuak koordinatzeko ardura duen aldetik eta, era berean, Estatuko Gorren Konfederazioari (CNSE) ere jakinaraziko dio.
2. 2. Indukzio magnetikoko doako begizta-zerbitzua gorrentzat edo entzumen-desgaitasuna dutenentzat (entzuteko protesien erabiltzaileak, bai titularrentzat bai ordezkoentzat).
Pertsona horiek indukzio magnetikoko begizta-zerbitzua eskatu ahal izango dute dohainik eskualdeko hauteskunde-batzordean, idatziz eta izendapen-jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.
Eskualdeko hauteskunde-batzordea Gobernu-ordezkaritzarekin jarriko da harremanetan doako zerbitzu hori eman beharra dagoela erabaki den kasuetan, eta honek kasuon berri emango dio Barne Ministerioari, Gorren Senideen Espainiar Konfederazioarekin batera (FIAPAS) eskaera egin dutenei dagokien zerbitzua emateko.
Gaixotasuna edo desgaitasuna duela eta (osasun-ziurtagiri ofizial eta doako baten bidez frogatu beharrekoa) hautesle batek ezin badu posta bidez bozkatzeko eskaria Correoseko bulegoan zuzenean aurkeztu, berak baimendutako beste pertsona batek egin ahal izango du haren izenean, notaritzan edo kontsuletxean, hautesle bakoitzari indibidualki emango zaion agiri baten bitartez. Agiri horretan ezin izango da hautesle bat baino gehiago agertu, eta pertsona bakarrak ezin izango du hautesle bat baino gehiago ordezkatu.
Dagokion hauteskunde-batzordeak baldintza guztiak betetzen direla egiaztatuko du kasu bakoitzean.
Hauxe da jarraitu beharreko prozedura:
Interesatuta dauden pertsonak Notario batekin jarri beharko dira harremanetan, eta hark dohainik jardungo du (Notariotzaren Kontseilu Orokorra) eta LOREG izenekoaren 72.c) artikuluak aipatzen duen osasun ziurtagiri ofizial eta doakoa emango diote.
Notarioa hauteslearen helbidera joango da, haren etxera, ospitalera, zahar-egoitzara edo senide baten etxebizitzara. Ondoren, ohiko posta bidezko bozketarako prozedura bera jarraituko da.
Alegia: Ordezkatzen duen pertsona –posta bidezko botoa eskatzeko epearen barruan, apirilaren 4tik maiatzaren 18ra– zuzenean joan ahal izango da, bere NANarekin eta notario-ahalordearekin, Correoseko edozein bulegora, eta posta bidez bozkatzeko inprimakia eskatuko du.
Correoseko zerbitzuek Hauteskunde Erroldaren Bulegora bidaliko dute dokumentazio guztia, eta bulego honek posta bidez bozkatzea eskatu dela adieraziko du erroldako zerrendetan –horrela, AURREZ AURRE BOZKATZERIK IZAN EZ DEZAN–. Era berean, ahaldunari honako dokumentazio hau bidaliko dio, posta ziurtatuaren bidez, adierazitako helbidera edo, bestela, erroldan ageri den helbidera:
Bozketarako boto-paperak eta gutun-azalak
hautesle-erroldan inskribatuta egotearen ziurtagiria;
botoa ematea dagokion mahaiaren helbidea zehazten duen gutun-azala;
azalpen-orri bat.
Eskatzailea ordezkatzen duen pertsonak ere dokumentazio hori jaso ahal izango du zuzenean, bere nortasuna egiaztatu eta gero. Bere helbidean ez balego, dagokion Correoseko bulegora joan behar du zuzenean dokumentazioa jasotzera.
Itsuek edo ikusmen-desgaitasun larria dutenek, hautesle-erroldan izena eman eta braille erabiltzen dakitenek eta % 33ko desgaitasun-maila edo altuagoa aitortuta dutenek, Espainiako Itsuen Erakundeko kide direnek ere, Hauteskunde autonomietarako egunean hauteskunde-mahaian emango zaien bozketa irisgarrirako maleta/kita eskatu ahal izango dute, hurrengo autonomia-erkidegoetan:
Aragoi
Asturias
Kanariak
Kantabria
Gaztela Mantxa
Madrilgo Erkidegoa
Errioxa
Murtzia
Boto irisgarrirako prozeduran, hauteskunde-egunean, hauteskunde-mahaian, epe barruan eskatu duten itsuei edo ikusmen-desgaitasun larria dutenei, bozketa irisgarrirako maleta/kita emango zaie, osagai hauekin: bozketarako boto-paper eta gutun-azal normalizatuak (hau da, gainerako hautesleek erabiltzen dituzten boto-paper eta gutun-azalen berdinak) eta braillez idatzita dagoen dokumentazio osagarria (braillez idatzitako azalpen-gida, edukiak identifikatzeko braillez eta tintan idatzitako pegatinak…), itsuak edo ikusmen-desgaitasun larria duen eta braille erabiltzen duen pertsonak nahi duen boto-aukera identifikatu ahal dezan, erabateko autonomiarekin eta sufragio sekretuaren bermearekin.
GARRANTZITSUA: Bozketa irisgarriko prozedura hauteskunde-mahaian presentziaz egiten den bozketa denez, ez da bateragarria posta bidezko botoarekin. Hauteskunde-araudiari jarraiki, posta bidezko botoa eskatuz gero ezin izango da boto presentzialik eman hauteskunde-mahaian.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu zure Autonomia Erkidegoarekin.
1. Jokatu naturaltasunez eta begirunez.
Desgaitasuna duten pertsonak pertsona autonomo eta burujabeak dira, eta hala tratatu behar dira.
Ez da pentsatu behar pertsona batek, desgaitasun bat izatea hutsagatik, laguntza behar duela. Ingurunea irisgarria bada, desgaitasuna duten pertsonak zailtasunik gabe ibiltzen dira.
Joka ezazu beti zentzuz eta berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioetan oinarrituta.
2. Lagundu baino lehen galdetu.
Galdetu desgaitasuna duen hautesleari laguntzarik behar duen, baina laguntza behar duela ematen badu soilik. Eta, laguntza onartzen badu, lagundu baino lehen, galde iezaiozu zehazki nola nahi duen laguntzea.
Jo ezazu zuzenean desgaitasuna duen pertsonarengana, ez haren laguntzailearengana (adib.: haren konfiantzazko pertsona, zeinu-hizkuntzazko interpretea eta abar), halakorik badu.
3. Erabili zentzua.
Adibidez, egizu kontu gurpil-aulkian dagoen pertsona eserita dagoela, eta eserita dagoen pertsona baten aurrean makurtzea dela ohikoa, haren parean egoteko, edo aulki batean esertzea haren parez pare.
Desgaitasuna duen pertsona batekin izandako gorabehera jakin baten aurrean nola jokatu ez badakizu, jo ezazu Administrazioak hauteslekuan duen arduradunarengana edo eskualdeko hauteskunde-batzordera.
Botoa ematerakoan ilara sortzen bada, desgaitasuna duten hautesleek botoa emateko lehentasuna izatea gomendatzen da.
Itsu-txakurrak, eta desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-txakurrak, beti onartuko dira; ezin izango dira behar dituen pertsonarengandik aldendu, eta ez zaie trabarik egingo, ezta arreta galaraziko ere.
4. Kontuz ibili kontaktu fisikoarekin.
Desgaitasuna duten pertsona batzuek beren besoak behar dituzte orekari eusteko. Besotik hartzeak, nahiz eta lagundu nahian egin, oreka galaraz diezaieke, edo ikaratu egin ditzake, ez dutelako inork ukituko dituenik espero.
Saihestu gurpil-aulkiak edo makuluak ukitzea: desgaitasuna duten pertsonek euren espazio pertsonaltzat dauzkate elementu horiek.
5. Hauteslekuan sartzea eta hauteskunde-mahairainoko ibilbidea: lagun egitea eta argibideak ematea.
Desgaitasuna duten hautesleek hala eskatuta, eta eskatzen badute soilik, hauteslekuaren sarreran, Administrazioaren ordezkariak edo Segurtasun Indar eta Gorputzetako kideek dagokien hauteskunde-mahairainoko ibilbidean lagun egin ahal izango diete, gurpil-aulkian badoaz aulkiari bultza egin gabe eta ukitu gabe, non eta desgaitasuna duen pertsonak eskatzen ez badie.
Ikusmen-urritasuna duen pertsona bada, gure besoari heltzeko eskain diezaiokegu. Hala eginez gero, gure pausoa ikusmen-urritasuna duen pertsonarenera egokituko dugu, gabiltzan lekuaren ezaugarriak kontuan hartuta, eroso ibil dadin.
Argibideak eta orientazioa eskatzen badituzte desgaitasuna duten pertsonek (dela hauteslekuan sartzeari buruz, dela hauteskunde-mahaira heltzeko hauteslekuaren barruko ibilbideari buruz), ondorengo atalean zehazten diren jarraibideak hartu behar dira kontuan.
6. Komunikazioa errazteko jarraibideak: egizu berba argi.
Gorrekin edo entzumen-desgaitasuna dutenekin hitz egitean aurrez aurre jartzea komeni da, burua mugitu gabe. Ez hitz egin haiekin bizkarra emanda, makurtuta edo idazten ari garenean, ez oihu egin, normal ahoskatu, hau da, elkarrizketa arrunt bati dagokion erritmo normalean hitz egin, ahoan objekturik eduki gabe, aurpegiaren gaineko ikusmen argia oztopatu gabe eta, behar izanez gero, idazketa edo keinu naturalak erabil daitezke edo besoa pixka bat ukitu. Lekuak ondo argituta egon behar du eta gorrak edo entzumen-desgaitasuna duen pertsonak ez du eguzkira begira egon beharko, argi kontra egoteak aurpegia ikustea galarazten baitu.
Ez egin berba hitz-erdika, hitz-erdiok gaizki-ulertuak sor baititzakete. Gorrek esaldi baten eduki osoa behar dute testuingurua ulertzeko.
Ikusmen-desgaitasuna daukan pertsona batekin aritzean, ez erabili “hemen”, “hor”, “hori” moduko adierazpen orokorrik. Kasu horietan hobe da esamolde orientagarriagoak erabiltzea. Adibidez: “zure ezkerrean”, “zure atzean”. Gauza bati buruzko informazioa eman nahi zaionean, abisatu ondoren, ikusmen-urritasuna duen pertsonaren eskua hartu eta informazioa ematen ari garen gauzarantz eraman dezakegu, eta zer den esan.
Ikusmen-urritasuna duen pertsona batekin hizketan ari bagara, esan egingo diogu alde egin behar badugu; bestela, baliteke guri hitz egiten jarraitzea ondoan gaudelakoan. Era berean, itzultzen bagara, komeni da jakinaraztea.
Egiazta ezazu desgaitasuna duen pertsonak esan nahi diozuna ulertu duela.
Hauteskunde-araubide Orokorraren 5/1985 Lege Organikoa (LOREG), ekainaren 19koa3, 72 c) eta 87. artikuluak.
605/1999 Errege Dekretua, apirilaren 16koa, Hauteskunde Prozesuen Araudi Osagarriari buruzkoa [1. eta 8. artikuluak.] (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-1999-8583 “Real Decreto 605/1999”).
1612/2007 Errege Dekretua, martxoaren 25ekoa, desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde-prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko arautegia onartzen duena.
1612/2007 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, ikusmen-urritasuna duten pertsonei sufragio-eskubidea erabiltzeko aukera ematen dien bozketa-prozedura irisgarria arautzen duena.
INT/3817/2007 Agindua, abenduaren 21ekoa, ikusmen-urritasuna duten pertsonei boto-eskubideaz baliatzeko aukera ematen dien boto-prozedura irisgarria (abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuan arautua) garatzen duena.
HBZren 7/2019 jarraibidea, dmartxoaren 18koa, zeinak 5/2019 jarraibidea berridazten duen, Hauteskunde Erregimen Orokorraren 2/2018 Lege Organikoa eraldatzeari buruzkoa, abenduaren 5ekoa, ezintasunen bat duten pertsona ororen bozketa eskubidea bermatzen duena.
Argibide gehiago:
Hauteskunde-informazioaren helbide elektronikoa