Boto-zenbaketa

Botoak zenbatzeari boto-zenbaketa deritzo. Botoak bi une desberdinetan zenbatzen dira.

Boto-zenbaketa probisionala Mahaian egiten dena da botazioa amaitu bezain laster eta emaitza argitaratuko du Mahaiko Presidenteak boto-zenbaketa amaitzen denean.

Behin-betiko boto-zenbaketa botazioaren hurrengo bosgarren egunean egingo dute Hauteskunde-batzordeek eta hauteskundeen hurrengo zortzigarren eguna baino lehen amaituta egon beharko da.

UBehin bozketa amaitzen denean, Mahaietan zenbaketarekin hasten dira.

Hauteskunde hauetan boto-zenbaketa ordena honetan gordeko da:

  1. Udal hauteskundeak

  2. Udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeetarako hauteskundeak, egotekotan.

  3. Hauteskunde autonomikoak.

Hauteskunde bakoitzaren boto-zenbaketa honela gauzatuko da:

Presidenteak, banan-banan, aterako ditu hautetsontziko gutun-azalak eta ozen irakurriko du hautagaiaren izena. Boto-paper bakoitza erakutsiko die, irakurri ondoren, mahaikideei, kontu-hartzaileei eta ahaldunei.

Zenbatzen amaitzean, egon daitezkeen zalantzak edota kexak konpontzen dira. Ondoren, Presidenteak ozen emaitza adieraziko du eta honakoa zehaztuko du: hautesle erroldatuen kopurua, emandako errolda-ziurtagiri kopurua, hautesle kopurua, boto-paper baliogabe kopurua, boto zuri kopurua eta hautagaitza eta hautagai bakoitzetik jasotako boto kopurua.

Mahaiak emaitzak argitaratuko ditu boto-zenbaketa akta baten bidez. Akta horren kopia bana emango die hautagaitza bakoitzeko ordezkariei, kontu-hartzaileei, ahaldunei eta eskatzen duten hautagaiei eta Administrazioko ordezkariari.

Emaitzak hain azkar ezagutzen dira, informazioa transmititzeko prozedura konplexu eta aurreratua dagoelako.

Hauteskunde-mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat dago; eta, boto-zenbaketa amaitu ondoren, mahaiburuaren eskutik boto-zenbaketaren aktaren kopia bat jasotzen du, mahai horren emaitzekin, eta Barne Ministerioko datuen totalizazioko zentrora igortzen ditu.

  • Hauteskundeen egunean nazioko Gobernuak ematen dituen emaitza horiek Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 98.2 artikuluan ezarritakoa betetzearen ondorio dira: “Gobernuak behin-behineko informazioa eman beharko du hauteskundearen emaitzei buruz”.

  • Boto-zenbaketa ofiziala eta behin betikoa hauteskundeen ondorengo bosgarren egunean hasiko da eta eskumena duten Hauteskunde batzordeek egingo dute. Udal hauteskundeetarako tokiko Hauteskunde batzordeak izango dira.

  • Emaitza ofizialak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoak dira.

Behin betiko zenbaketa egin baino lehen, hauteskunde-batzorde eskuduna mahaitzat eratuko da, bertan ez dauden pertsona egoiliarren botoak zenbatzeko. Goizeko zortzietan, parte hartzen duten hautagaitzek izendatutako ikuskatzaileekin batera, mahaiburuak hautetsontzian sartuko ditu atzerrian bizi diren egoiliarren bozketako gutun-azalak, egun horretara jaso direnak, eta idazkariak boto-emaile bakoitzaren izenak idatziko ditu zerrendan. Jarraian, Batzordeak botoak zenbatu eta emaitzak behin betiko zenbaketan sartuko ditu.

Zenbaketa orokorra edo behin betikoa (Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 103. artikulua eta hurrengoak LOREG) bozketaren ondorengo bosgarren egunean egiten da, eta dagokion hauteskunde-batzordeak egiten du. Ekitaldi bakarra eta publikoa da.

Presidenteak batzordearen eraketa-akta egingo eta sinatuko du; batzordekideek eta idazkariak ere sinatuko dute, bai eta behar bezala akreditatutako hautagaitzen ordezkariek eta ahalduntzat izendatutako pertsonek ere.

Boto-zenbaketa hasteko, idazkariak lege-xedapenak irakurriko ditu. Ondoren, hauteskunde-egunean epaitegietan entregatu ziren gutun-azalak irekiko dira (1. gutun-azala, mahai bakoitzari dagokion hauteskunde-dokumentazioarekin).

Idazkariak mahai bakoitzeko bozketaren laburpenen berri emango du. Boto-zenbaketa egin bitartean, batzordeak ezin du ez aktarik ez botorik baliogabetu, eta dagozkion mahaietako botoen zenbaketa eta batura egiaztatu besterik ezin du egin, akten arabera edo mahaietako akten kopien arabera. Errore materialik, egitezkorik edo aritmetikorik izanez gero, zuzendu egingo da.

Boto-zenbaketa ez da eten behar, eta hauteskundeen ondorengo zortzigarren eguna igaro baino lehen amaitu beharko da.


Botoaren ibilbidea azaltzen duen bideoa