Nola bozka dezaket posta bidez Espainian bizi banaiz?
Posta bidezko botoa Espainiatik
Espainian bizi bazara, posta bidezko botoa eskatzeko eskabide orria posta bulegoan jaso behar duzu; bertan izango duzu eskuragarri hauteskundeen deialdia egiten den egunetik.
Garrantzitsua: gogoratu postaz bozkatzea eskatzen duzun unetik eta zure eskabidea onartuz gero, ezingo duzula aurrez aurre bozkatu hauteskunde mahaian hauteskundeen egunean.
Eskabide orrian adierazi beharko duzu zer helbidetan jaso nahi duzun hauteskundeetako dokumentazioa (zure lantokia izan daiteke, baita posta kutxa bat ere).
Hautesle Erroldaren Bulegoak honako dokumentu hauek bidaliko dizkizu zuk adierazitako helbidera:
Diputatuen Kongresurako hauteskundeetako hautagaitza guztien boto paperak eta bozkatzeko gutun-azala.
Senaturako hauteskundeetako hautagai guztiak biltzen dituen boto papera eta bozkatzeko gutun-azala.
Erroldan izena eman duzula dioen ziurtagiria
Zure hauteskunde mahaiari buruzko informazio biltzen duen gutun-azal bat.
Bozkatzeko jarraitu beharreko prozedura azaltzen duen orri bat.
Dokumentu horiek zuk zeuk jaso beharko dituzu, ez beste inork.
Dokumentuak jaso ostean, hartu bozkatzea erabaki duzun Diputatuen Kongresurako hauteskundeetako boto papera eta sartu bozkatzeko gutun-azalean.
Egin gauza bera Senaturako hauteskundeen boto-paperekin, eta ez ahaztu gurutze batekin markatzea aukeratu duzun edo dituzun hautagaiak.
Kontuan izan boto papera bi aldeetatik inprimatuta egon daitekeela eta egiaztatu zure zirkunskripzioari dagokion kopurua markatu duzula.
Gorte Nagusietako hauteskundeen deialdiak Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak biltzen ditu. Bi prozesuetara bozka dezakezu, edo bietako batera, nahi izanez gero.
Ondoren, sartu bozkatzeko gutun-azala edo gutun-azalak eta erroldako ziurtagiria zure hauteskunde mahaiaren helbidea idatzita duen gutun-azalean.
Gogoan izan: ez sartu zure nortasunari buruzko agiririk bozkatzeko gutun-azalaren barruan; kasu horretan zure botoa baliogabetzat joko luke mahaiak.
Eraman gutun-azal hau Correoseko bulego batera eta posta ziurtatuz bidali, azaroaren 6ra arte.
Bidalketa hori doakoa da.
Hauteskunde egunean igandean, goizeko 09:00etan, Correoseko zerbitzuak hauteskunde mahaietara bidaliko ditu posta bidezko botoak dituzten gutun-azal guztiak.
Era berean, egunean zehar jasotzen dituzten posta bidezko bidalketak helarazten jarraituko dute, 20:00ak arte.
Ordu horretan, bozketa amaitu ostean eta zenbaketarekin hasi aurretik, mahaiak hautetsontzian sartuko ditu postaz jasotako bozkatzeko gutun-azalak.