• Irisgarritasuna
  • Irisgarritasunari buruzko gida: 2019ko hauteskunde orokorrak

Irisgarritasunari buruzko gida: Hauteskunde Orokorrak 2019ko azaroa

Irisgarritasunari buruzko gida: Hauteskunde Orokorrak 2019ko azaroa
Pertsona guztiek izango dute boto aktibo, kontziente, aske eta borondatezkoa emateko eskubidea, boto hori adierazteko modua edozein dela ere eta beharrezkoa den laguntza jasoaz (Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 3.2. artikulua)

Administrazioak ziurtatu behar du desgaitasuna duten pertsonek hauteskunde-mahai eta -lokaletara iristeko aukera-berdintasuna dutela eta ez dutela diskriminaziorik jasaten (Desgaitasuna duten Pertsonek Bizitza Politikoan eta Hauteskunde Prozesuetan Parte Hartzeko Oinarrizko Baldintzei buruzko Erregelamenduko 2. artikulua).

Hauteskunde-prozesuetako irisgarritasunak bi adar ditu: hauteskunde-lokalera bozkatzera doazen pertsonena eta hauteskunde-mahaietako kide izendatuak izan direnena.
Hauteskunde-lokal eta -mahaiek irisgarriak izan behar dute.

Hauteskunde-mahaietako kideek desgaitasunen bat duten pertsonek botoa ahalik autonomia handienarekin eman dezaketela bermatuko dute, eta beharrezkoak diren zentzuzko egokitzapenak egingo dituzte horretarako.

Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatu behar dituen hauteskunde-prozesuetan, Gorte Nagusietarako hauteskundeen kasuan bezala, hauteslekura joateko garraio irisgarririk ez dagoela egiaztatzen bada, Estatuko Administrazio Nagusiak doako garraiobide egokiak jarriko ditu mugitzeko desgaitasuna duten pertsonentzat, eskatzen badute, eta, betiere, nahikoa aurrekontu badago. Horretarako, eskumena duen eskualdeko hauteskunde-batzordera jo daiteke edo, zuzenean, dagokion Gobernu-ordezkaritzara. 

Hauteskunde-aldian irisgarritasunari buruzko kexa edo eskaririk egonez gero, eskumeneko eskualdeko hauteskunde-batzordera bidal daitezke.

 www.juntaelectoralcentral.es  
Desgaitasun-egoera hauteskunde-mahai batean parte hartu behar izatetik salbuetsita egoteko nahikoa arrazoia da honako arau honi jarraiki: 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuko 4. artikulua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena.

Desgaitasuna duen pertsonak, daukan desgaitasun-maila gorabehera, desgaitasun-deklarazioa aurkeztea nahikoa izango da eskualdeko hauteskunde-batzordeak salbuespena onar diezaion eta ez du aurkeztu beharko hauteskunde-mahai bateko kidea izatea eragozten edo zailtzen dioten oztopoak zehazten dituen osasun-agiririk (6/2011 Jarraibidea, apirilaren 28koa, Hauteskunde Batzorde Zentralarena).

Eskubide hori gauzatu nahi ez badute, Administrazioak doako zerbitzuak eskaini behar dizkie hauteskunde-mahai bateko kide izateko izendatuak izan diren pertsona gorrei eta entzumen-desgaitasuna dutenei:

1. Zeinu-hizkuntzako interpretazio-zerbitzua dohainik bai titularrentzat, bai ordezkoentzat (bai gaztelaniaz, bai autonomia-erkidegoetako zeinu-hizkuntzan).

Pertsona hauek zeinu-hizkuntzako doako interprete-zerbitzua eskatu ahal izango dute eskualdeko hauteskunde-batzordean, idatziz eta izendapen-jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.
Eskualdeko hauteskunde-batzordeak dagokion Gobernu-ordezkaritzari jakinaraziko dio zer kasutan erabaki den zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua ematea.
Gobernu-ordezkaritzak kasu horien berri emango dio Barne Ministerioari, Estatu-mailako hauteskunde-prozesuak koordinatzeko ardura duen aldetik eta, era berean, Estatuko Gorren Konfederazioari (CNSE) ere jakinaraziko dio, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioarekin batera, hauteskunde-egunean zerbitzu hori emango duten zeinu-hizkuntzako interprete ofizialak aukeratzeko.

2. Indukzio magnetikoko doako begizta-zerbitzua gorrentzat edo entzumen-desgaitasuna dutenentzat (entzuteko protesien erabiltzaileak, bai titularrentzat bai ordezkoentzat).

Pertsona horiek indukzio magnetikoko begizta-zerbitzua eskatu ahal izango dute dohainik eskualdeko hauteskunde-batzordean, idatziz eta izendapen-jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.
Eskualdeko hauteskunde-batzordea Gobernu-ordezkaritzarekin jarriko da harremanetan doako zerbitzu hori eman beharra dagoela erabaki den kasuetan, eta honek kasuon berri emango dio Barne Ministerioari, FIAPASekin batera (Gorren Senideen Espainiar Konfederazioa) dagozkion neurriak har ditzan, eskaera egin dutenei dagokien zerbitzua emateko.
Hauteskunde-mahaian braillezko dokumentazio osagarria utzi beharko da gorrak izanik edo ikusmen-desgaitasun larria izanik eskaera garaiz eta dagokion moduan aurkeztu duten hautesleentzat. Eskaera Barne Ministerioaren doako telefono honetan egin behar da: 900 150 000 (2019ko martxoaren 5etik apirilera 1era).

Hauteskunde-egunean prozedura hau erabiltzeko eskaera egin duen itsu batek bozkatu behar badu, hauteskunde-mahaian dokumentazio hau egongo da:
  1. Boto irisgarria eskatu duten pertsonen NANaren zerrenda.
  2. Gorte Orokorretarako Hauteskundeetarako bozka irisgarriko kit/maleta bat, eduki honekin:
  • Azalpen-gida bat braillez, maletaren barruan dagoen dokumentazioa erabiltzeko jarraibideekin.
  • Bozkatzeko gutun-azal normalizatu bat, ez braillez idatzia, Senaturako hauteskundeetarako
  • Txantiloi trokelatu bat eta, barruan, Senaturako hauteskundeetarako boto-paper estandarra
  • Senaturako hautagaien izenak jasotzen dituen zerrenda, braillez idatzita.
  • Gutun-azal handi bat, Diputatuen Kongresurako hauteskundeak braillez eta tintaz idatzita daukana.
Gutun-azal handi horren barruan zera dago:
  • Gutun-azal txiki bat (orri-laurdenekoa), Kongresurako hauteskundeetara aurkezten den zerrenda bakoitzeko. Gutun-azal txiki horietako bakoitzak etiketa bat izango du itsatsita, zerrendaren izen eta siglarekin, braillez eta tintaz idatzita. Gutun-azalaren barruan boto-papera joango da, tintan (ez braillen).
  • Bozkatzeko gutun-azal normalizatua, ez braillez idatzia, Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako.
Hauteskunde-lokaletan esparru bat egongo da, irisgarria eta egokia eta hauteskunde-mahaitik ahalik eta gertuena, bozketa irisgarriko prozedura eskatu duten pertsonek bozkatzeko. Esparru horretan, hautesleak boto-aukera sekretupean egin ahal izateko behar diren pribatutasun-baldintzak zainduko dira.
1. Jokatu naturaltasunez eta begirunez.
Desgaitasuna duten pertsonak pertsona autonomo eta burujabeak dira, eta hala tratatu behar dira.
Ez da pentsatu behar pertsona batek, desgaitasun bat izatea hutsagatik, laguntza behar duela. Ingurunea irisgarria bada, desgaitasuna duten pertsonak zailtasunik gabe ibiltzen dira.
Joka ezazu beti zentzuz eta berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioetan oinarrituta.

2. Lagundu baino lehen galdetu.
Galdetu desgaitasuna duen hautesleari laguntzarik behar duen, baina laguntza behar duela ematen badu soilik. Eta, laguntza onartzen badu, lagundu baino lehen, galde iezaiozu zehazki nola nahi duen laguntzea.

Jo ezazu zuzenean desgaitasuna duen pertsonarengana, ez haren laguntzailearengana (adib.: haren konfiantzazko pertsona, zeinu-hizkuntzazko interpretea eta abar), halakorik badu.

3. Erabili zentzua.
Adibidez, egizu kontu gurpil-aulkian dagoen pertsona eserita dagoela, eta eserita dagoen pertsona baten aurrean makurtzea dela ohikoa, haren parean egoteko, edo aulki batean esertzea haren parez pare.

Desgaitasuna duen pertsona batekin izandako gorabehera jakin baten aurrean nola jokatu ez badakizu, jo ezazu Administrazioak hauteslekuan duen arduradunarengana edo eskualdeko hauteskunde-batzordera.

Botoa ematerakoan ilara sortzen bada, desgaitasuna duten hautesleek botoa emateko lehentasuna izatea gomendatzen da.

Itsu-txakurrak, eta desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-txakurrak, beti onartuko dira; ezin izango dira behar dituen pertsonarengandik aldendu, eta ez zaie trabarik egingo, ezta arreta galaraziko ere.

4. Kontuz ibili kontaktu fisikoarekin.
Desgaitasuna duten pertsona batzuek beren besoak behar dituzte orekari eusteko. Besotik hartzeak, nahiz eta lagundu nahian egin, oreka galaraz diezaieke, edo ikaratu egin ditzake, ez dutelako inork ukituko dituenik espero.

Saihestu gurpil-aulkiak edo makuluak ukitzea: desgaitasuna duten pertsonek euren espazio pertsonaltzat dauzkate elementu horiek.

5. Hauteslekuan sartzea eta hauteskunde-mahairainoko ibilbidea: lagun egitea eta argibideak ematea.
Desgaitasuna duten hautesleek hala eskatuta, eta eskatzen badute soilik, hauteslekuaren sarreran, Administrazioaren ordezkariak edo Segurtasun Indar eta Gorputzetako kideek dagokien hauteskunde-mahairainoko ibilbidean lagun egin ahal izango diete, gurpil-aulkian badoaz aulkiari bultza egin gabe eta ukitu gabe, non eta desgaitasuna duen pertsonak eskatzen ez badie.

Ikusmen-urritasuna duen pertsona bada, gure besoari heltzeko eskain diezaiokegu. Hala eginez gero, gure pausoa ikusmen-urritasuna duen pertsonarenera egokituko dugu, gabiltzan lekuaren ezaugarriak kontuan hartuta, eroso ibil dadin.

Argibideak eta orientazioa eskatzen badituzte desgaitasuna duten pertsonek (dela hauteslekuan sartzeari buruz, dela hauteskunde-mahaira heltzeko hauteslekuaren barruko ibilbideari buruz), ondorengo atalean zehazten diren jarraibideak hartu behar dira kontuan.

6. Komunikazioa errazteko jarraibideak: egizu berba argi.
Gorrekin edo entzumen-desgaitasuna dutenekin hitz egitean aurrez aurre jartzea komeni da, burua mugitu gabe. Ez hitz egin haiekin bizkarra emanda, makurtuta edo idazten ari garenean, ez oihu egin, normal ahoskatu, hau da, elkarrizketa arrunt bati dagokion erritmo normalean hitz egin, ahoan objekturik eduki gabe, aurpegiaren gaineko ikusmen argia oztopatu gabe eta, behar izanez gero, idazketa edo keinu naturalak erabil daitezke edo besoa pixka bat ukitu. Lekuak ondo argituta egon behar du eta gorrak edo entzumen-desgaitasuna duen pertsonak ez du eguzkira begira egon beharko, argi kontra egoteak aurpegia ikustea galarazten baitu.

Ez egin berba hitz-erdika, hitz-erdiok gaizki-ulertuak sor baititzakete. Gorrek esaldi baten eduki osoa behar dute testuingurua ulertzeko.

Ikusmen-desgaitasuna daukan pertsona batekin aritzean, ez erabili “hemen”, “hor”, “hori” moduko adierazpen orokorrik .Kasu horietan hobe da esamolde orientagarriagoak erabiltzea. Adibidez: “zure ezkerrean”, “zure atzean”. Gauza bati buruzko informazioa eman nahi zaionean, abisatu ondoren, ikusmen-urritasuna duen pertsonaren eskua hartu eta informazioa ematen ari garen gauzarantz eraman dezakegu, eta zer den esan.

Ikusmen-urritasuna duen pertsona batekin hizketan ari bagara, esan egingo diogu alde egin behar badugu; bestela, baliteke guri hitz egiten jarraitzea ondoan gaudelakoan. Era berean, itzultzen bagara, komeni da jakinaraztea.

Egiazta ezazu desgaitasuna duen pertsonak esan nahi diozuna ulertu duela.

7. Desgaitasuna duten mahaiko kideak.
Lehenago esan den bezala, baliteke gor bat edo entzumen-urritasuna duen pertsona bat (zeinu-hizkuntza darabilena) hauteskunde-mahaiko kide aukeratu izatea. Horretarako, zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua izan dezake, gida honetako II. atalean azaltzen den prozedurari jarraikiz eskumena duen hauteskunde-batzordeari eskatu ondoren.

Halaber, gor batek edo entzumen-urritasuna duen pertsona batek ahozko hizkeran egiten badu hitz, 6. atalean adierazitako komunikazio-jarraibideak hartuko dira kontuan. Gerta daiteke hauteskunde-mahaiko kideren batek ahozko komunikazioan laguntzeko gailu bat erabiltzea: indukzio magnetikozko begizta. Produktu lagungarri bat da, orri baten neurriko gailu bat, sare elektrikorako konexioa baino behar ez duena.