BOTOA ETA IRISGARRITASUNA

Botoa eta irisgarritasuna

Pertsona guztiek izango dute boto aktibo, kontziente, aske eta borondatezkoa emateko eskubidea, boto hori adierazteko modua edozein dela ere eta beharrezkoa den laguntza jasoaz (Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 3.2. artikulua)

Administrazioak ziurtatu behar du desgaitasuna duten pertsonek hauteskunde-mahai eta -lokaletara iristeko aukera-berdintasuna dutela eta ez dutela diskriminaziorik jasaten (Desgaitasuna duten Pertsonek Bizitza Politikoan eta Hauteskunde Prozesuetan Parte Hartzeko Oinarrizko Baldintzei buruzko Erregelamenduko 2. artikulua).

Hauteskunde-prozesuetako irisgarritasunak bi adar ditu: hauteskunde-lokalera bozkatzera doazen pertsonena eta hauteskunde-mahaietako kide izendatuak izan direnena.

7/2019 Errege Dekretua, martxoaren 25ekoa

Gaixotasuna edo desgaitasuna duela eta (osasun-ziurtagiri ofizial eta doako baten bidez frogatu beharrekoa) hautesle batek ezin badu posta bidez bozkatzeko eskaria Correoseko bulegoan zuzenean aurkeztu, berak baimendutako beste pertsona batek egin ahal izango du haren izenean, notaritzan edo kontsuletxean, hautesle bakoitzari indibidualki emango zaion agiri baten bitartez. Agiri horretan ezin izango da hautesle bat baino gehiago agertu, eta pertsona bakarrak ezin izango du hautesle bat baino gehiago ordezkatu.

Dagokion hauteskunde-batzordeak baldintza guztiak betetzen direla egiaztatuko du kasu bakoitzean.

Hauxe da jarraitu beharreko prozedura:

Interesatuta dauden pertsonak Notario batekin jarri beharko dira harremanetan, hark dohainik jardungo du (Notariotzaren Kontseilu Orokorra) eta LOREG izenekoaren 72.c) artikuluak aipatzen duen doako osasun ziurtagiria emango diote.

Notarioa hauteslearen helbidera joango da, haren etxera, ospitalera, zahar-egoitzara edo senide baten etxebizitzara.

Alegia: Ordezkatzen duen pertsona –posta bidezko botoa eskatzeko epearen barruan, irailaren 24tik urriaren 21era– zuzenean joan ahal izango da, bere NANarekin eta notario-ahalordearekin, Correoseko edozein bulegora, eta posta bidez bozkatzeko inprimakia eskatuko du.

Correoseko zerbitzuek Hauteskunde Erroldako Bulegora bidaliko dute dokumentazio guztia, eta bulego honek posta bidez bozkatzea eskatu dela adieraziko du erroldako zerrendetan –horrela, AURREZ AURRE BOZKATZERIK IZAN EZ DEZAN–. Era berean, ahaldunari honako dokumentazio hau bidaliko dio, posta ziurtatuaren bidez, adierazitako helbidera edo, bestela, erroldan ageri den helbidera:

  • Bozketarako boto-paperak eta gutun-azalak
  • hautesle-erroldan inskribatuta egotearen ziurtagiria;
  • botoa ematea dagokion mahaiaren helbidea zehazten duen gutun-azala;
  • azalpen-orri bat.

Eskatzailea ordezkatzen duen pertsonak ere dokumentazio hori jaso ahal izango du zuzenean, bere nortasuna egiaztatu eta gero. Bere helbidean ez balego, dagokion Correoseko bulegora joan behar du zuzenean dokumentazioa jasotzera.

Itsuek edo ikusmen-desgaitasun larria dutenek, hautesle-erroldan izena eman eta braille erabiltzen dakitenek eta %33ko desgaitasun-maila edo altuagoa aitortuta dutenek. Organización Nacional de Ciegos Españoles erakundeko kide direnek ere, hauteskunde egunean hauteskunde-mahaian emango zaien bozketa irisgarrirako maleta/kita eskatu ahal izango dute, 2019ko Gorte Nagusietarako hauteskundeetan: azaroaren 10ean (igandea).

Bozketa irisgarrirako prozedura honetan datza: hauteskunde-egunean, hauteskunde-mahaian, hala eskatu duten itsuei edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei bozketa irisgarrirako maleta/kit bat ematen zaie, honakoa barne hartzen du: bozketarako boto-paper eta gutun-azal normalizatuak (hau da, gainontzeko hautesleek erabiltzen dituzten bezalako boto-paperak eta gutun-azalak) eta dokumentazio osagarri bat braillez (braillez idatzitako azalpen-gida, edukiak identifikatzeko braillez eta tintan idatzitako pegatinak...). Honen bitartez, itsua denak edo ikusmen-desgaitasuna duen pertsonak nahi duen botoa identifikatzeko aukera izango du, autonomia osoarekin eta sufragio-sekretuaren bermearekin.

GARRANTZITSUA: Bozketa irisgarriko prozedura hauteskunde-mahaian presentziaz egiten den bozketa denez, ez da bateragarria posta bidezko botoarekin. Hauteskunde-araudiari jarraiki, posta bidezko botoa eskatuz gero ezin izango da boto presentzialik eman hauteskunde-mahaian.

Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako bozketa irisgarrirako prozedura erabili nahi duten ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek Barne Ministerioaren 900 150 000 doako telefono-zenbakira deitu beharko dute. Bertan jasoko dira bozketa irisgarrirako prozedura eskatzeko deiak, irailaren 24tik urriaren 21era, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 17:30etara eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara.


 
Bozketa irisgarrirako prozedura eskatzen duten pertsonek, 900 150 000 doako telefonoaren bitartez eta epearen barruan, datu hauek eman behar dituzte:
  • Izen-abizenak
  • Jaiotze-data
  • Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) zenbakia
  • Helbidea
  • Harremanetarako telefono zenbakia
Gainera, honako baldintza hauek betetzen dituztela adierazi beharko dute:
  • Braillez irakurtzen dakitela.
  • %33ko desgaitasun-maila edo altuagoa aitortua dutela edo Organización Nacional de Ciegos Españoles (ONCE) erakundeko kide direla.
Administrazioak, datu horiek egiaztatzeko eskatu ahal izango du, edozein unetan.
900 150 000 doako telefono zenbakian, bozketa irisgarrirako maleta/kita eskatu ahal izateaz gain (irailaren 24tik urriaren 21era), gai hauei buruzko kontsultak ere egin ahal izango dira (irailaren 24tik azaroaren 9ra, biak barne):
  • Abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretu bitartez araututako bozketa irisgarrirako prozedura.
  • Beharrezko dokumentazioa.
  • Izendatutako hautagaiak: Kongresurako eta Senaturako Hauteskundeetan.

a) Bozketa estandar edo normalizaturako materiala.

  • Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako bozketa estandarreko gutun-azal bat.
  • Senaturako hauteskundeetarako bozketa estandarreko gutun-azal bat.
  • Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako izendatutako hautagaitza bakoitzari dagokion boto-paper estandar bat.
  • Senaturako hauteskundeetarako boto-paper estandar bat.

b) Dokumentazio osagarria braillez.

  • Kitean/maletan dagoen dokumentazioa erabiltzeko moduari buruzko azalpen-gida, tintaz eta braillez idatzita.
  • Trokelatutako txantiloi bat; bertan, Senaturako Hauteskundeei dagokien boto-paper estandarra egongo da.
  • Diputatuen Kongresurako hauteskundeetara aurkezten den hautagaitza bakoitzeko, gutun-azal txiki bat (orrilaurden baten tamainakoa) barruan edukiko duen gutun-azal handia. Gutun-azal horietako bakoitzak etiketa bat izango du, eta bertan, tintaz eta braillez, gutun-azal barruan dagoen boto-papera (estandarra, ez braillez) zein hautagaitzari dagokion adieraziko da.

Gutun-azal handia, testu hau braillez errotulatuta eta tintaz inprimatuta izango duen etiketa batek identifikatuko du: “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak”

Aipatutako orrilaurdenaren neurriko gutun-azal bakoitzak, izendatutako hautagaitza bati dagokion boto-paper normalizatua edukiko du. Hautesleak gutun-azal bakoitzaren edukia zein den jakin dezan, gutun-azal barruan dagoen hautagaitzaren izena eta siglak jasotzen dituen etiketa itsatsiko da gutun-azal bakoitzean, braillez eta tintaz.

Bozketa irisgarrirako maletan/kitean dauden braillez idatzitako testuak Comisión Braille Española batzordeak gainbegiratu, eta eman beharreko ziurtagiriak emango ditu. Boto irisgarria emateko prozeduraren funtzionamendu egokia hauteskunde-administrazioak gainbegiratzen du (hauteskunde-batzordeek eta hauteskunde-mahaiek).