Nola egiten da botoen zenbaketa Mahaietan?
 
Bozketa amaitu ondoren zenbaketa hasiko da Mahaietan.
Zenbaketa egiteko, Presidenteak, banan-banan, gutun-azalak hautestontzitik atera eta ozen irakurriko du hautagaitzaren izena edo, hala denean, bozkatutako hautagaien izena. Presidenteak, irakurri ondoren, boto-paper bakoitza erakutsiko die mahaikideei, artekariei eta ahaldunei.
Araudiak xedatzen duenez, lehenbizi Diputatuen Kongresurako hauteskundeei dagokien zenbaketa egingo da, eta ondoren Senatuko hauteskundeei dagokiena.
Zenbaketa amaitu ondoren, egon daitezkeen zalantzak edo/eta protestak gehiengoz ebatziko dira. Amaitzean, Presidenteak ozen iragarriko du emaitza, erroldan dauden hautesleen kopurua, aurkeztutako errolda ziurtagiri kopurua, baliorik gabeko boto-paper kopurua, boto zuri kopurua eta hautagaitza edo hautagai bakoitzak jasotako boto kopurua zehaztuz.
Mahaiak zenbaketa akta baten bitartez jakinaraziko ditu emaitzak. Akta horren kopia bana emango zaie Administrazioaren ordezkariari eta hautagaitza bakoitzaren ordezkariei, artekariei, ahaldunei eta hala eskatzen duten hautagaiei.
Edozein hiritar egon daiteke Hauteskunde Mahaiaren zenbaketan?
 
Bai, ekitaldi publikoa baita, baina bertara doazen pertsonek ez dute ez ahotsik ezta botorik ere. Hori dela eta, ezin izango dute erreklamaziorik edo kexarik aurkeztu, ezta prozesuaren ohiko garapenean eragin ere.
Edozein pertsonak, hautesle izan ala ez, ekitaldi horretan egoteko eskubidea du, Mahaia dagoen lekuak horretarako aukera ematen badu. Horri dagokionez, egon daitezkeen muga bakarrak, ordena publikoari eusteko Presidenteak plantea ditzakeenak izango dira.
Nola prestatzen dira hauteskundeei buruzko dokumentazioa duten gutun-azalak eta non entregatzen dira?
 
Hauteskundeetako dokumentazioa hiru gutun-azaletan banatzen da:
- 1 zenbakiko gutun-azala: Mahaiaren eraketaren akta, saioaren aktaren jatorrizkoa eta saioaren aktan aipatzen diren dokumentu guztiak jaso behar ditu. Era berezian dokumentu hauek sartuko dira: boto-emaileen zerrenda zenbakitua, aurkeztutako errolda ziurtagiri kopurua, artekarien egiaztapenen taloiak, erabilitako hauteskunde erroldaren zerrenda eta boto-paper baliogabeak edo erreklamazioa jaso dutenak. Posta bidezko botoaren gastuak itzultzeko eskariak ere jasoko dira, horrelakorik egonez gero.
- 2 eta 3 zenbakiko gutun-azalak: bakoitzak Mahaiaren eraketaren aktaren eta saioaren aktaren kopia bat jaso behar ditu.
Gutun-azalak itxi ondoren, Presidenteak, mahaikideek eta artekariek euren sinadurak jarriko dituzte, hegalak gurutzatuz.
Presidentea eta hala nahi duten mahaikideak eta artekariak, Mahaiari dagokion Lehen Instantziako Epaitegiaren edo Bake Epaitegiaren egoitzara joango dira berehala, lehen eta bigarren gutun-azalak bertan entregatzeko. Indar publikoak lagunduko die pertsona horiei eta, beharrezkoa bada, beraien joan-etorria erraztuko du.
Epaileak dokumentazioa jaso eta dagokion hartu izanaren agiria sinatuko du (hartu izanaren agiria Mahaiko dokumentazioaren artean egon beharko da).
Mahaikideetako bat, gutxienez, hauteskundeak egin diren lokalean egon beharko da 3 zenbakiko gutun-azala entregatzen den arte. Posta Zerbitzuak langile bat bidaliko du Hauteskunde Mahaira, eta langile horrek gutun-azala bere ardurapean jaso eta dagokion hartu izanaren agiria sinatuko du (hartu izanaren agiria Mahaiko dokumentazioaren artean egon beharko da).
Hauteskunde jardunaldia amaitu ondoren hauteskundeei buruzko dokumentazioa entregatzeko Lehen Instantziako Epaitegiaren edo Bake Epaitegiaren egoitzara joan behar duten Hauteskunde Mahaietako kideek joan-etorri horri dagozkion gastuak eskatu ahal izango dizkiote Gobernu Ordezkaritzari edo Ordezkariordetzari.
Hirugarren gutun-azala Posta Zerbitzuko langileari entregatu ondoren amaituko dira hauteskundeak egin diren lokalean egon den mahaikidearen eginbeharrak.