Prozesuaren irisgarritasuna

Irisgarritasuna  /  Prozesuaren irisgarritasuna

Irisgarritasunari buruzko gida laburra

Aplikatu beharreko araudia
 

5/1985 Lege Organikoa, ekainaren 19koa, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzkoa (LOREG) (72 c) eta 87. artikuluak).
605/1999 Errege Dekretua, apirilaren 16koa, Hauteskunde Prozesuen Araudi Osagarriari buruzkoa (1. eta 8. artikuluak).
422/2011 Errege Dekretua, martxoaren 25ekoa, desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko arautegia onartzen duena.
1612/2007 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, ikusmen-urritasuna duten pertsonei sufragio-eskubidea erabiltzeko aukera ematen dien bozketa-prozedura irisgarria arautzen duena.
INT/3817/2007 Agindua, abenduaren 21ekoa, ikusmen-urritasuna duten pertsonei boto-eskubideaz baliatzeko aukera ematen dien boto-prozedura irisgarria (abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuan arautua) garatzen duena.

Hautesleku eta hauteskunde mahai irisgarriak
 

Hauteslekuek eta hauteskunde mahaiek (udalek Hautesle Erroldaren Bulegoaren ordezkaritza probintzialei proposatutakoek) irisgarriak izan beharko dute, eta hautesleak botoa eman behar duen hauteskunde mahaitik ahalik eta hurbilen dagoen espazio irisgarri eta egoki bat izango dute. Leku horretan, hautesleak boto-aukera sekretupean egin ahal izateko behar diren pribatutasun-baldintzak zainduko dira.

Hautesleen garraioa. Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatu behar dituen hauteskunde prozesuetan, Gorte Nagusietarako hauteskundeen kasuan bezala, hauteslekura joateko garraio irisgarririk ez dagoela egiaztatzen bada, Estatuak doako garraiobide egokiak jarriko ditu mugitzeko desgaitasuna duten pertsonentzat, eskatzen badute, eta, betiere, nahikoa aurrekontu badago. Horretarako, eskumena duen eskualdeko hauteskunde batzordera jo daiteke edo, zuzenean, dagokion Gobernuaren ordezkaritzara edo ordezkariordetzara. www.juntaelectoralcentral.es

 

Hauteskunde mahaietako kideak
 

Desgaitasuna duten hautesleak boto-eskubideaz ahalik eta autonomia handienarekin baliatu ahal daitezen saiatuko dira hauteskunde mahaietako kideak, eta, horretarako, behar diren zentzuzko egokitzapen guztiak egingo dituzte.

Gorrak diren edo entzumen-urritasuna duten hauteskunde mahaiko kideentzako doako zerbitzuak:

1.   Zeinu-hizkuntzazko interpretazio-zerbitzua doan gorrak diren edo entzumen-urritasuna duten pertsonentzat, hauteskunde mahaiko kide aukeratu badituzte (bai titularrentzat, bai ordezkoentzat).

a) Pertsona gorrak entzumen-urritasuna dutenak (zeinu-hizkuntza darabiltenak) hauteskunde mahaiko kide aukeratu badituzte, administrazio publikoek hau jarriko duten pertsona horien esku, LOREG legearen 27.3 artikuluan ezarritako moduan hauteskunde mahaiko kide-kargua ez onartzeko duten eskubidea ezertan galarazi gabe, eta garaiz eta forman eskatzen badute: zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua, pertsona gorrentzat edo entzumen-urritasuna dutenentzat, Espainiako zeinu-hizkuntzaren edo, kasua bada, autonomia-erkidegoetako zeinu-hizkuntzen erabiltzaileak badira, hauteskunde mahaiko kide aukeratzen dituztenean.

b) Prozedura:
Pertsona horiek eskualdeko hauteskunde batzordeari eskatu ahal izango diote, idatziz eta LOREG legearen 27.3 artikuluak ezarritako zazpi eguneko epean, zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua.

o   Eskualdeko hauteskunde batzordeak Gobernuaren dagokion ordezkaritzari edo ordezkariordetzari jakinaraziko dio zer kasutan erabaki den zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua ematea.

1.  Gobernuaren dagokion ordezkariordetzak Barne Arazoetako Ministerioari jakinaraziko dizkio kasu horiek (Estatuko hauteskunde prozesuen kudeaketa eta garapena koordinatzea baitagokio, bai eta hauteskunde arloan eskumenak dituzten beste ministerioen menpeko atalei dagozkien funtzioak koordinatzea ere), eta, aldi berean, Gorren Estatu Konfederazioak (CNSE) Barne Arazoetako Ministerioarekin eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioarekin lankidetzan bereziki prestatutako CNSE 607992514 telefono-zenbakira deituko du (arreta-ordutegia: 08:00-20:00), hauteskunde egunean zerbitzu hori emango duten zeinu-hizkuntzazko interprete ofizialak hautatze aldera.

2.   Indukzio magnetikozko begiztaren doako zerbitzua hauteskunde mahaian egongo diren eta gorrak diren edo entzumen-urritasuna duten pertsonentzat
(entzuteko protesiak darabiltzatenentzat), hauteskunde mahaiko kide titular aukeratu badituzte.

Prozedura:
Pertsona horiek indukzio magnetikozko begiztaren doako zerbitzua eskatu ahal izango diote eskualdeko hauteskunde batzordeari, idatziz eta zazpi eguneko epean.

Eskualdeko hauteskunde batzordeak Gobernuaren dagokion ordezkaritzari edo ordezkariordetzari jakinaraziko dio zer kasutan erabaki den doako zerbitzu hori ematea.

Gobernuaren dagokion ordezkariordetzak Barne Arazoetako Ministerioari jakinaraziko dizkio kasu horiek, eta Ministerioak behar diren gestioak egingo ditu Gorren Familien Espainiako Konfederazioarekin (FIAPAS).

 

Bozketa-prozedura irisgarria: gorrak diren edo ikusmen-urritasun larria duten hautesleentzako braillezko dokumentazio osagarria hauteskunde mahaian ematea garaiz eta forman eskatu dutenei (Barne Arazoetako Ministerioaren doako telefono-zenbakia: 900 150 000)
 

Indarrean dagoen araubidearen arabera, maiatzaren 3tik 30era Barne Arazoetako Ministerioaren doako telefono-zenbakian (900 150 000) boto irisgarria erabili nahi duela jakinarazi duen itsu bat hauteskunde mahai batera botoa ematera badoa, hauek eduki beharko dira mahaian:

1. Boto irisgarria eskatu duten hautesleen zerrenda, nortasun-agiriaren zenbakiak dituena.

2. Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako botoa emateko kit/maletin irisgarria, hauek dauzkana:

  • Azalpen-gida, braillez.
  • Bozketako gutun-azal normalizatu bat, braillez idatzi gabea, Senaturako hauteskundeetarako. 
  • Txantiloi trokelatu bat eta, barruan, Senaturako hauteskundeetarako boto-paper estandarra.
  • Senaturako hautagaien izen-zerrenda, braillez. 
  • Gutun-azal handi bat, etiketa batean “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak” braillez eta tintaz
  • daukana. Hau dago gutun-azal handi horren barruan:
    • Gutun-azal txiki bat (orri-laurden baten neurrikoa), dagokion hautesbarrutian Diputatuen Kongresurako hauteskundeetara aurkezten den hautagaitza bakoitzeko. Gutun-azal txiki horietako bakoitzak etiketa bat du itsatsita, barruan dagoen boto-paperean (estandarrean, ez braillezkoan) ageri den hautagaitzaren izena eta siglak dituena, braillez eta tintaz.
    • Bozketako gutun-azal normalizatua, ez braillez idatzia, Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako

Gomendio orokorrak: desgaitasuna duten pertsonak eta hauteskunde eguna
 

1. Jokatu naturaltasunez eta begirunez.

Desgaitasuna duten pertsonak pertsona autonomo eta burujabeak dira, eta hala tratatu behar dira.
Ez da aurresuposatu behar pertsona batek, desgaitasun bat edukitzeagatik bakarrik, laguntza behar duela. Ingurunea irisgarria bada, zailtasunik gabe ibiltzen dira desgaitasuna duten pertsonak.
Joka ezazu beti zentzuz eta berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioan oinarrituta.

2. Galdetu lagundu baino lehen.

Galdetu desgaitasuna duen hautesleari laguntza behar duen, baina soil-soilik laguntza-beharrean dagoela badirudi. Eta, laguntza onartzen badu, lagundu baino lehen, galde iezaiozu zehazki nola lagun diezaiokezun.

Jo ezazu zuzenean desgaitasuna duen pertsonarengana, ez haren laguntzailearengana (adib.: haren konfiantzazko pertsona, zeinu-hizkuntzazko interpretea eta abar), halakorik badakar.

3. Erabili zentzua.

Adibidez, demagun gurpil-aulkian dagoen pertsona eserita dagoela, eta eserita dagoen pertsona baten aurrean ohikoa makurtzea edo aulki batean bere aurrean esertzea dela, bere mailan egoteko.

Desgaitasuna duen pertsona batekin izandako gorabehera jakin baten aurrean nola jokatu ez badakizu, jo ezazu Administrazioak hauteslekuan duen arduradunarengana edo eskualdeko hauteskunde batzordera.

Botoa ematerakoan ilara sortzen bada, desgaitasuna duten hautesleek botoa emateko lehentasuna izatea gomendatzen da.

Itsu-txakurrak, eta desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-txakurrak, beti onartuko dira; ezin izango dira behar dituen pertsonarengandik aldendu, eta ez zaie trabarik egingo, ezta arreta galaraziko ere.

4. Zuhur ibili kontaktu fisikoarekin.

Desgaitasuna duten pertsona batzuek besoak behar dituzte orekari eusteko. Besotik hartzeak, nahiz eta lagundu nahian ibili, oreka galaraz diezaieke, edo ikaratu egin ditzake, ez dutelako inork ukituko dituenik espero.
Saihestu gurpil-aulkiak edo makuluak ukitzea: desgaitasuna duten pertsonek euren espazio pertsonaltzat dauzkate elementu horiek.

5. Hauteslekuan sartzea eta hauteskunde mahairainoko ibilbidea: lagun egitea eta argibideak ematea.

Desgaitasuna duten hautesleek hala eskatuta, eta eskatzen badute soilik, hauteslekuaren sarreran, Administrazioaren ordezkariek edo Segurtasun Indarretako eta Gorputzetako kideek dagokien hauteskunde mahairainoko ibilbidean lagun egin ahal izango diete, gurpil-aulkian badoaz aulkiari bultza egin gabe eta ukitu gabe, desgaitasuna duen pertsonak hala eskatzen ez badie.

Ikusmen-urritasuna duen pertsona bada, gure besoari heltzeko eskain diezaiokegu. Hala eginez gero, gure pausoa ikusmen-urritasuna duen pertsonarenera egokituko dugu, gabiltzan lekuaren ezaugarriak kontuan hartuta, eroso ibil dadin.

Desgaitasuna duten pertsonek argibideak eta orientazioa eskatzen badituzte (hauteslekuan sartzeari hori hauteskunde mahaira heltzeko hauteslekuaren barruko ibilbideari buruz), ondorengo atalean zehazten diren jarraibideak hartu beharko dira kontuan.

6. Komunikazioa errazteko jarraibideak: egizu berba argi.

Gorrei dagokienez, edo entzumen-urritasuna duten pertsonei dagokienez, gomendagarria da: aurrez aurre hitz egitea; burua ez mugitzea; bizkarra ematen diegunean, makurtuta gaudenean edo idazten ari garenean hitz ez egitea; oihu ez egitea; eta normal ahoskatzea. Hau da, edozein elkarrizketaren erritmo normalean hitz egitea, ahoan ezer izan gabe, eta aurpegia argi ikustea oztopatu gabe, eta, behar izanez gero, idazketa edo keinu naturalak erabil ditzakezu lagungarri, edo besoan ukitu xume bat eginez erakarri arreta; lekuak argi ona izan behar du, eta gorrak edo entzumen-urritasuna duen pertsonak ez du egon behar eguzkira begira, argiaren kontra egoteak aurpegia ikustea zailtzen du eta.
Ez egin berba hitz-erdika, hitz-erdiok gaizki-ulertuak sor baititzakete. Gorrek esaldi baten eduki osoa behar dute testuingurua ulertzeko.

Ikusmen-urritasuna duen pertsona batekin ari zarenean, ez erabili adierazpen generikoak (besteak beste, “hemen”, “han”, “hau”…). Horrelakoetan, hobe da adierazpide esanguratsuagoak erabiltzea, hala nola “zure ezkerrean”, “zure atzean”. Gauza bati buruzko informazioa eman nahi zaionean, abisatu ondoren, ikusmen-urritasuna duen pertsonaren eskua hartu eta informazioa ematen ari garen gauzarantz eraman dezakegu, eta zer den esan.

Ikusmen-urritasuna duen pertsona batekin hizketan ari bagara, esan egingo diogu alde egin behar badugu; bestela, baliteke guri hitz egiten jarraitzea ondoan gaudelakoan. Era berean, itzultzen bagara, komeni da jakinaraztea.

Egiazta ezazu desgaitasuna duen pertsonak esan nahi diozuna ulertu duela.

7. Desgaitasuna duten hauteskunde mahaiko kideak

Lehenago esan den bezala, baliteke gor bat edo entzumen-urritasuna duen pertsona bat (zeinu-hizkuntza darabilena) hauteskunde mahaiko kide aukeratua izatea. Horretarako, zeinu-hizkuntzazko doako interprete-zerbitzua izan dezake, gida honetako II. atalean azaltzen den prozedurari jarraikiz eskumena duen hauteskunde batzordeari eskatu ondoren.

Halaber, gor batek edo entzumen-urritasuna duen pertsona batek ahozko hizkeran egiten badu hitz, 6. atalean adierazitako komunikazio-jarraibideak hartuko dira kontuan. Izan liteke hauteskunde mahaiko kide batek ahozko komunikazioaren lagungarri bat erabiltzea. Indukzio magnetikozko begizta “lagungarri” bat da, folio baten tamainako gailu bat, sare elektrikora konektatzea baino behar ez duena.

Argibide gehiago:

infoelectoral@interior.es
www.infoelectoral.mir.es
http://www.interior.gob.es/