Irisgarritasunaren gida: 2019ko maiatzeko hauteskundeak
Pertsona orok egikaritu ahalko du sufragio aktiboaren eskubidea, jakinaren gainean, askatasunez eta borondatez, edozein izanda ere komunikatzeko modua eta behar dituen laguntza baliabideekin (Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 3.2 artikulua).
Desgaitasuna duten pertsonek aukera berdintasuna izateko duten eskubidea babesten dela jagon behar du Administrazioak Hauteslekuen eta Hauteskunde mahaien sarbidean, eta pertsona horiek diskriminatzen ez direla (Desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko Arautegiaren 2. artikulua).
Hauteskunde prozesuen irisgarritasunak alde bi ditu: hauteslekura botoa ematera doazen pertsonentzako irisgarritasuna eta Hauteskunde mahaietako kide izateko izendatutako pertsonentzako irisgarritasuna.
Hauteslekuek eta Hauteskunde mahaiek irisgarriak izan beharko dute.
Desgaitasuna duten pertsonek boto eskubidea ahalik eta autonomiarik handienarekin egikaritu dezaketela jagongo dute Hauteskunde mahaiak osatzen dituztenek, eta horretarako beharrezkoak diren zentzuzko doikuntzak egingo dituzte.
Hauteskunde prozesuetan, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumeneko kudeaketa badagokie eta hauteslekura garraio publiko irisgarririk ez dagoela egiaztatzen bada, Estatuko Administrazio Orokorrak motrizitate desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako doako garraiobideak jarriko dizkio eskatzen dionari, betiere aurrekontu nahikoa badago. Ondorio hauetarako, dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordera jo behar da edo, zuzenean, Gobernuaren dagokion ordezkaritzara edo ordezkariordetzara.
Irisgarritasunari buruzko edozein kexa edo eskaera, hauteskundeak diren bitartean, dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordera bidal daiteke.
Hauteskunde Mahaiko kide izan beharra salbuesteko nahikotzat jotzen da desgaitasun egoera, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen eta horien gizarteratzearen Lege Orokorraren testu bateratua onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera deklaratua.
Interesdunak desgaitasun deklarazioa ekartzea, edozein gradutakoa izanda ere, nahikoa izango da Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak salbuespena onartzeko, eta ez da izango beharrezkoa Hauteskunde mahaiko kidearen egitekoak betetzea galarazten edo zailtzen dioten mugen xehetasuna jasotzen duen mediku ziurtagiria ekartzea (Hauteskunde Batzorde Zentralaren apirilaren 28ko 6/2011 Jarraibidea).
Eskubide horretaz baliatu nahi ez badute, Administrazioak doako zerbitzuak eskaintzen ditu Hauteskunde Mahaiko kide izateko izendatu dituzten pertsona gorrentzat edo entzumen desgaitasuna dutenentzat:
- Zeinu hizkuntzaren interpretazio zerbitzua doan bai titularrentzat bai ordezkoentzat (dela Espainiako zeinu hizkuntza, dela, kasua bada, autonomia erkidegoetako zeinu hizkuntzak).
Pertsona hauek idatziz eta izendapena jakinarazi zaienetik zazpi eguneko epean eskatu ahal izango diote Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari zeinu hizkuntzaren doako interprete zerbitzua.
Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak zeinu hizkuntzaren doako interprete zerbitzua eman behar dela erabaki duen kasuen berri emango dio berari dagokion Gobernu Ordezkaritzari/Ordezkariordetzari.
Dagokion Gobernu Ordezkariordetzak Barne Arazoetako Ministerioari emango dio kasu horien berri, Ministerioari baitagokio estatuaren eremuko hauteskunde prozesuak koordinatzea, eta, aldi berean, Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioa (CNSE) jakinaren gainean jarriko telefonoan; Telefono hori bereziki gaituta dauka Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak (CNSE), Barne Arazoetako Ministerioarekin eta Osasun, Kontsumo eta Ongizate Ministerioarekin elkarlanean, hauteskunde egunean zerbitzu hori emango duten zeinu hizkuntzako interprete ofizialak hautatzeko.
- Pertsona gorrentzako edo entzumen desgaitasuna dutenentzako (entzumenerako protesiak erabiltzen dituztenak, bai titularrak bai ordezkoak) indukzio magnetikoko begizta zerbitzua doan.
Pertsona horiek idatziz eta izendapena jakinarazi zaienetik zazpi eguneko epean eskatu ahal izango diote Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari zeinu indukzio magnetikoko doako begizta zerbitzua.
Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak doako interprete zerbitzu hori eman behar dela erabaki duen kasuen berri emango dio berari dagokion Gobernu Ordezkaritzari/Ordezkariordetzari, honek Barne Arazoetako Ministerioari jakinaraziko dizkio kasuak, eta Ministerioak behar diren kudeaketak FIAPAS Pertsona Gorren Familien Espainiako Konfederazioarekin egingo ditu pertsona horiei eskatu duten zerbitzua emateko.
Hauteskunde Mahaian dokumentazio osagarria emango da braillez, hautesle itsuentzat edo ikusmen desgaitasun larria duten hautesleentzat, garaiz eta forman eskatu badute Barne Arazoetako Ministerioaren doako telefonoan: 900 150 000 (2019ko apirilaren 2tik 29ra).
Hauteskunde egunean prozedura hau erabiltzea eskatu duen pertsona itsu batek botoa ematen badu, Hauteskunde mahaian dokumentazio hau aurkituko du:
- Boto irisgarria eskatu duten pertsonen zerrenda nortasun-agiriduna.
- Bozketa irisgarrirako kit/maletin bat Europako Parlamenturako.
- Bozketa irisgarrirako kit/maletin bat Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko hauteskundeetarako.
Bozketa irisgarrirako maletin/kit bakoitzaren eduka hau izango da:
- Maletinaren barruan dagoen dokumentazioa nola erabili azaltzen duen braillezko gida bat.
- Estalki handi bat, etiketa bat duena braillez eta tintaz, kasuaren arabera hau dioena: «2019ko Europako Parlamentuko hauteskundeak» edo «Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko hauteskundeak».
Estalki horietako bakoitzak barruan dauka:
- Estalki txiki bat (orri laurdeneko tamaina) Europako Parlamentuko edo Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkezten den hautagai zerrenda bakoitzeko. Estalki txiki horietako bakoitzak braillez eta tintaz idatzitako etiketa bat du itsatsita, barruan daukan boto papera (estandarra, ez braillezkoa) dagokion hautagai zerrendaren izena eta siglak dituena.
- Bozketako gutun azal normalizatu bat, ez braillez idatzia, Europako Parlamentuko edo Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko hauteskundeetarako.
Hauteslekuek leku irisgarri eta egoki bat izango dute, boto irisgarriaren prozedura eskatu duten pertsonei botoa ematea dagokien Hauteskunde mahaitik ahalik eta hurbilen. Leku horretan beharrezko pribatutasun baldintzak beteko dira boto aukera sekretupean egin ahal izateko.
1. Jokatu naturaltasunez eta errespetuz.
Desgaitasuna duten pertsonak pertsona autonomo eta independenteak dira eta horrela tratatu behar dira.
Ez da jakintzat jo behar pertsona batek, desgaitasun bat izateagatik bakarrik, laguntza behar duenik. Ingurunea irisgarria bada desgaitasuna duten pertsonak zailtasunik gabe konpontzen dira.
Gida zaitez nolanahi ere zentzuz eta berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioaz.
2. Galdetu lagundu aurretik.
Zure laguntza beharrezkoa ote den galdetu soilik desgaitasuna duen hautesleak laguntza behar duela badirudi. Eta pertsona horrek zuk laguntzea onartzen badu, ezer egin aurretik, galdetu iezaiozu zein modu konkretutan lagundu diezaiokezun.
Hitz egiozu zuzenean desgaitasuna duen pertsonari, ez lagunari (adib., bere konfiantzako pertsona, zeinu hizkuntzaren interpretea eta abar), kasua bada.
3. Erabili zentzua.
Adibidez, pentsa ezazu aulki gurpildunean dagoen pertsona bat eserita dagoen pertsona bat dela, eta eseritako pertsona baten aurrean ohikoa makurtzea dela bere altueran egoteko, edo bere aurrean aulki batean esertzea.
Desgaitasuna duen pertsona batek planteatutako gorabehera konkretu baten aurrean nola jokatu ez badakizu, jo ezazu hauteslekuko Administrazioaren arduradunagana edo Eskualdeko Hauteskunde Batzordera.
Ilara sortzen bada botoa emateko, desgaitasuna duten pertsonek botoa emateko lehentasuna izatea gomendatzen da.
Itsu txakurrak, eta desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza txakurrak, beti onartuko dira, behar dituen pertsonagandik ez dira inoiz bereiziko eta ez zaie lasaitasuna eragotziko ez arreta galaraziko.
4. Argi ibili kontaktu fisikoarekin.
Desgaitasuna duten pertsona batzuek euren besoak behar dituzte oreka mantentzeko. Besotik hartzeak, nahiz eta lagundu nahi izan, oreka galaraz liezaieke, edo ikaratu, ez zutelako kontaktu hori espero.
Ahal dela ez ukitu aulki gurpilduna edo, kasua bada, makulua: desgaitasuna duten pertsonek euren espazio pertsonalaren osagai moduan ikusten dituzten elementu horiek.
5. Hauteslekuan sartzea eta Hauteskunde mahairainoko ibilbidea: lagun egitea eta informazioa.
Desgaitasuna duten hautesleen eskariz, eskatzen dutenean soilik, hauteslekuaren sarreran, Administrazioaren ordezkariak edo Segurtasun Indar eta Gorputzek dagokion Hauteskunde mahairainoko ibilbidean laguntasuna eman diezaieke, bultza egin gabe edo aulki gurpilduna, kasua bada, ukitu gabe, desgaitasuna duen pertsonak eskatzen ez badu.
Ikusmen desgaitasuna duen pertsona bat bada, gure besoari heltzeko eskain dakioke. Kasu horretan, gure pausoa ikusmen desgaitasuna duen pertsonarenera egokituko dugu eta kontuan hartuko ditugu gabiltzan lekuaren ezaugarriak, eroso ibil dadin.
Desgaitasuna duten pertsonek, bai hauteslekuko sarbideaz bai hautesleku barruan Hauteskunde mahairaino heldu arteko joan-etorriaz, planteatutako informazio eta orientazio eskaerari erantzuteko, hurrengo ataleko berariazko jarraibideak hartu behar dira kontuan.
6. Komunikazioa errazteko jarraibideak: hitz egizu argi.
Pertsona gorrei, edo entzumen desgaitasuna dutenei, dagokienez, gomendagarria da: aurrez aurre hitz egitea, burua ez mugitzea; bizkarra ematen diogunean, makurtuta gaudenean edo idazten ari garenean ez hitz egitea, ez oihukatzea, normal ahoskatzea, hau da, edozein elkarrizketaren erritmo normalean hitz egitea ahoan ezer eduki gabe, aurpegia argi ikustea eragotzi gabe, eta, beharrezkoa bada, idazketa lagungarria izan dezakezu, edo keinu naturalak edo beroan ukitu arin bat arreta erakartzeko; lekuak argitasun ona izan behar du eta pertsona gorrak edo entzumen desgaitasuna duenak ez du egon beharko eguzkira begira, argi-kontrakoak aurpegia ikustea zailtzen du eta.
Ez esan hitz solteak, oker ulertzera bultza dezakete eta. Pertsona gorrek esaldi baten eduki osoa behar dute testuingurua ulertzeko.
Elkarrekintza ikusmen desgaitasuna duen pertsona batekin bada, saihestu adierazpen generikoak, esate baterako, «hemen», «han», «hau»… Kasu horietan hobe da adierazpide orientagarriagoak erabiltzea, adibidez: «zure ezkerrean», «zure atzean». Gauza bati buruzko informazioa eman nahi bada, ikusmen desgaitasuna duen pertsonaren eskua, aurretik abisatuta, informazioa ematen ari zatzaizkion gauzarantz gida daiteke, eta zer den adierazi.
Ikusmen desgaitasuna duen pertsona batekin hizketan ari bagara, abisatu egingo diogu alde egin behar badugu, izan ere, bestela, guri hitz egiten jarraitu dezake han gaudela pentsaturik. Era berean, itzultzen bagara, komeni da esatea.
Egiaztatu desgaitasuna duen pertsonak ulertu duela esan nahi diozuna.
7. Hauteskunde mahaia osatzen duten pertsona desgaitasundunak.
Lehenago esan den bezala, gerta daiteke pertsona gor bat edo entzumen desgaitasuna duena (zeinu hizkuntzaren erabiltzailea) Hauteskunde mahaiko kide izateko izendatuta egotea. Horretarako, zeinu hizkuntzaren interprete zerbitzu bat izan dezake doan, aurretik dagokion Hauteskunde Batzordean eskatzen badu, gida honetako atal egokian azaldutako prozedura jarraituz.
Era berean, pertsona gor batek edo entzumen desgaitasuna duenak ahozko hizkuntzak hitz egiten badu, kontuan hartuko dira 6. atalean emandako komunikazio jarraibideak. Gerta daiteke Hauteskunde mahaia osatzen duen pertsona batek ahozko komunikazioari laguntzeko baliabide bat erabiltzea: indukzio magnetikoko begizta. «Laguntza produktu» bat da, folio baten tamainako gailu bat, argindar sarean konektatzea besterik behar ez duena.
- Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren (LOREG) 3, 72 c) eta 87. artikuluak.
- Hauteskunde prozesuen arau osagarrien apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 1 eta 8. artikuluak.
- Desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko Arautegia onartzen duen martxoaren 25eko 422/2011 Errege Dekretua.
- Ikusmen desgaitasuna duten pertsonei sufragio eskubidea egikaritzea errazten dien boto irisgarriaren prozedura bat arautzen duen abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretua.
- Abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuak araututako boto irisgarriaren prozedura, ikusmen desgaitasuna duten pertsonei sufragio eskubidea egikaritzea errazten diena, garatzen duen abenduaren 21eko INT/3817/2007 AGIN
- INSTRUCCIÓN JEC 7/2019, de 18 de marzo
Informazio gehiago:
060