Nola eman dezaket botoa postaz, bizilekua espainian badut?
Bizilekua Espainian baduzu, botoa posta bidez ematea eskatzeko, Postetxean jaso behar duzu eskaera inprimakia, han izango baituzu eskura hauteskundeen deialdi egunetik beretik (apirilaren 2a).
Oso garrantzitsua da gogoratzea posta bidezko botoa eskatzen duzun unetik, eskaera onartzen bazaizu, ezingo duzula hauteskunde egunean Hauteskunde mahaian aurrez aurreko botoa eman.
Eskaera inprimakian hauteskunde dokumentazioa zein posta helbidetara bidaltzea nahi duzun adieraziko duzu (izan daiteke zure lantokia eta posta kutxatila bat ere bai)
Ondoren, Hautesle Erroldaren Bulegoak posta ziurtatuz bidaliko du eskaera inprimakian adierazitako helbidera estalki bat dokumentazio hau barruan duela:
Deialdiko prozesu bakoitzera aurkezten diren talde politikoen boto paper bana.
Bozketako gutun azal bat prozesu bakoitzeko.
Erroldako inskripzio ziurtagiria.
Botoa eman behar zenuen Hauteskunde mahaiaren helbidea agertuko den estalki bat.
Azalpen orri bat.
Dokumentazio hau zuk zeuk jaso beharko duzu.
Dokumentazioa jasotakoan, botoa ematea erabaki duzun prozesu bakoitzeko boto papera aukeratu behar duzu eta dagokion bozketako gutun azalean sartu (edo ez sartu boto paperik, boto zuria eman nahi baduzu).
Gero, sartu bozketako gutun azala edo gutun azalak eta erroldako inskripzio ziurtagiria zure Hauteskunde mahaiaren helbidea idatzita duen estalkian.
Gogoratu: Ez sartu zure identitatea egiaztatzen duen agiririk bozketako gutun azalean, sartzen baduzu Hauteskunde mahaiak baliogabetzat joko baitu zure botoa.
Eramazu estalki hori Postetxe batera eta bidal ezazu posta ziurtatuz maiatzaren 22ra arte. Bidalketa hori doakoa da.
Hauteskunde egunean, maiatzaren 26an, Postetxeak botoak dauzkaten estalki guztiak bidaliko ditu postaz Hauteskunde mahaietara goizeko 9etan. Era berean, egunean zehar heltzen zaizkion posta bidalketak helarazten jarraituko du, 20:00ak arte. Ordu horretan, bozketa amaituta eta kontaketa hasi aurretik, postaz jaso dituen bozketako gutun azalak hautetsontzian sartuko ditu Hauteskunde mahaiak.