Boto presentziala eta posta bidezko botoa: irisgarritasun-baldintzak
 
Boto presentziala.
Hauteslekuek eta hauteskunde mahaiek irisgarriak izan behar dute eta hautesleak botoa eman behar duen hauteskunde mahaitik ahalik eta hurbilen egongo den espazio irisgarria eta egokia izango dute. Leku horretan, hautesleak boto-aukera sekretupean egin ahal izateko behar diren pribatutasun-baldintzak zainduko dira.
Desgaitasuna duten hautesleak boto-eskubideaz ahalik eta autonomia handienarekin baliatu ahal daitezen saiatuko dira hauteskunde mahaietako kideak.
Hauteskunde aldian, irisgarritasunari buruzko kexarik edo eskaerarik egin nahi izanez gero, eskumena duen eskualdeko hauteskunde batzordera bidal daiteke.
Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak hau dio 87. artikuluan:
- “irakurtzen ez dakiten hautesleak, edo, ezintasunagatik, boto-papera beren kabuz aukeratu, gutun-azalean sartu, hauteskunde mahaiko presidenteari eman edo hautetsontzian sartu ezin dutenak, konfiantzazko pertsona batez balia daitezke zeregin horietarako;
- bozketa-prozedura arautuko da itsuentzat edo ikusmen-urritasuna dutenentzat, eta Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, Europako Parlamenturakoetan eta erreferendumetan erabiliko da prozedura hori. 2007an arautu zen prozedura eta, lehen aldiz, Gorte Nagusietarako hauteskundeetan erabili zen.
Estekak:
- Ikusmen-urritasuna duten hautesleentzako bozketa-prozedura irisgarria (dokumentazio osagarria braillez)
Posta bidezko botoa mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat: medikuaren ziurtagiria eta notario-ahalordea doan.
Gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik hautesle batek ezin badu bere kabuz botoa posta bidez emateko eskaera postetxean aurkeztu (medikuaren doako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatu beharko da), haren izenean beste pertsona batek egin ahal izango du notarioaren edo kontsularen bidez hautesle bakoitzari banan-banan egindako agirian baimenduz gero, baina agiri horretan ezingo da sartu hautesle bat baino gehiago, ezta pertsona bera hautesle baten baino gehiagoren ordezkari izan ere.
Eskumena duen hauteskunde batzordeak egiaztatuko du, kasu bakoitzean, alderdi horiek guztiak betetzen diren.
Hau da prozedura:
Interesdunek notario bat hartu beharko dute, eta hark doan jardungo du (Notariotzaren Kontseilu Orokorra). Interesdunek LOREG legearen 72.c) artikuluan aipatzen den doako mediku-ziurtagiri ofiziala emango diote notarioari.
Notarioa hauteslearen helbidera joango da: ospitalea, zaharren egoitza edo senide baten bizilekua. Ondoren, posta arrunt bidezko botoaren prozedura berari jarraituko zaio.
Hau da, ordezkari edo ahalduna bera joan ahal izango da postetxera —posta bidezko botoa eskatzeko epearen barruan: maiatzaren 3tik ekainaren 16ra—, nortasun-agiria eta notario-ahalordea hartuta, eta botoa posta bidez emateko inprimakia eskatuko du.
Posta zerbitzuek Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko dute dokumentazio guztia. Han, botoa posta bidez emateko eskaera egin dela idatziko da erroldaren zerrendetan ?horrela EZ DU AURREZ-AURRE BOTOA EMATERIK IZANGO?, eta dokumentazio hau bidaliko zaio ahaldunari, posta ziurtatu bidez, beronek eman duen helbidera edo, bestela, erroldan agertzen denera:
- Hauteskundeetara aurkezten den alderdi politiko bakoitzaren boto-paper bat.
- Bozketako gutun-azal bat, bertan sartzeko dagokion boto-papera.
- Hautesle-erroldan inskribatu izanaren ziurtagiria.
- Gutun-azal bat, botoa eman beharko lukeen mahaiaren helbidea idatzita duena.
- Azalpen-orria.
Ahaldunak berak ere jaso beharko du dokumentazio hori, nortasuna egiaztatu ondoren. Etxean ez badago, dagokion postetxera joan beharko du jasotzera.
Argibide gehiago:
- 5/1985 Lege Organikoa, ekainaren 19koa, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzkoa (72., 87. eta 118.1.b) artikuluak).
- 605/1999 Errege Dekretua, apirilaren 16koa, Hauteskunde Prozesuen Araudi Osagarriari buruzkoa (1. eta 8. artikuluak).
- 1612/2007 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, ikusmen-urritasuna duten pertsonei sufragio-eskubidea erabiltzeko aukera ematen dien bozketa-prozedura irisgarria arautzen duena.
- 422/2011 Errege Dekretua, martxoaren 25ekoa, desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko arautegia onartzen duena.
- 557/1993 Errege Dekretua, apirilaren 16koa, botoa posta bidez emateko prozedurako notario-jarduerari buruzkoa.
- Instrukzioa, 1993ko apirilaren 26koa, Hauteskunde Batzorde Zentralarena, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 72.c) artikuluan aipatzen den doako mediku-
- ziurtagiri ofizialari buruzkoa, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoak emandako idazketan.
Ikusmen-urritasuna duten hautesleentzako bozketa-prozedura irisgarria (dokumentazio osagarria braillez
Boto presentziala.
Boto irisgarriaren kita erabiltzeko azalpen-gida (hizkuntza koofizial guztietan)
• Castellano
• Català
• Euskara
• Galego
Zertan datza prozedura horrek?
Hauteskunde egunean hauteslearen hauteskunde mahaian bozketa irisgarriaren kit/maletin bat braillez dakiten hautesle itsuen edo ikusmen-urritasun larria duten hautesleen esku jartzea da bozketa-prozedura irisgarriaren helburua, betiere, garaiz eta modu egokian eskatu badute.
Prozedura honetan erabiltzen diren boto-paper eta gutun-azalak ez daude braillez; kit/maletin horretan sartzen diren etiketak eta dokumentazio osagarria baino ez daude braillez, botoaren sekretua mantentzearren.
Hau dago bozketa irisgarriaren maletin/kit horren barruan: boto-paper eta gutun-azal normalizatuak (hau da, gainerako hautesleek Kongresurako eta Senaturako erabiltzen dituzten gutun-azal eta boto-paper berdinak) eta dokumentazio osagarria braillez (azalpen-gida braillez, edukiak identifikatzen dituzten itsasgarriak braillez eta tintaz, Senaturako hautagaien zerrenda braillez…), braillez dakien hautesleari nahi duen boto-aukera autonomia osoz eta botoaren sekretua bermatuz identifikatzeko modua emateko.
GARRANTZITSUA: Hauteskunde araudiak ezartzen duenez, posta bidezko botoa eskatzen bada, ez dago hauteskunde egunean hauteskunde mahaian aurrez-aurre botoa ematerik. Bozketa-prozedura irisgarria, hauteskunde mahaiko bozketa presentziala denez, posta bidezko botoarekin bateraezina da. Bere garaian, prozedura honi buruzko errege-dekretuaren proiektua prestatu zenean, txosten teknikoak egin ziren. Haien arabera, boto irisgarriaren kitak egiteko zenbat denbora behar den ikusita (braillera itzuli behar dira hautagaitzak eta, Senatuaren kasuan, baita hautagai guztiak ere), ezinezkoa da hauteskunde araudiak botoa posta bidez emateko ezartzen dituen epeen barruan kitak eskatzaileen etxeetara bidaltzea.
Nork eska dezake bozketa-prozedura irisgarria 900 150 000 doako telefono-zenbakian?
Hautesle-erroldan inskribatutako hautesle itsuek edo ikusmen-urritasun larria dutenek, Braille sistema erabiltzen jakinik, % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta badute, edo Espainiako Itsuen Erakundeko (ONCE) afiliatuak badira, Gorte Nagusietarako 2016ko hauteskundeen egunean hauteskunde mahaian emango zaien bozketa irisgarriaren maletin/kit bat eska dezakete, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala.
Bozketa irisgarriaren kit hori eskatzeko, hautesle horiek Estatuaren Administrazio Orokorrari jakinarazi behar diote Barne Arazoetarako Ministerioaren doako telefono-zenbakiaren bitartez, 900 150 000, maiatzaren 3tik 30era (biak barne) Halaber, 900 150 000 telefono-zenbakian eskatu ahal izango dute hautesleek prozedurari buruzko informazioa. Arreta-ordutegia (Estatuko jaiegunetan izan ezik): ekainaren 16ra arte: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 17:30era eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara; ekainaren 16tik aurrera: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara eta larunbatetan 08:00etatik 14:00etara.
Zer datu eman behar dira boto irisgarria telefonoz eskatzeko?
Bozketa-prozedura irisgarria eskatzen duten hautesleek datu hauek eman behar dituzte, epe barruan (hots, maiatzaren 3tik 30era), Barne Arazoetarako Ministerioaren 900 150 000 doako telefono-zenbakiaren bitartez:
• Izen-abizenak
• Jaiotze-data
• Nortasun-agiri nazionalaren (NAN) zenbakia
• Helbidea
• Harremanetarako telefono-zenbakia
Gainera, eskakizun hauek betetzen dituztela adierazi beharko dute:
• Badakitela braillez irakurtzen; eta
• % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta dutela, edo Espainiako Itsuen Erakundeko (ONCE) afiliatuak direla.
Administrazioak edonoiz eskatu ahal izango du datu horiek egiaztatzeko.
Datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, zegokionean boto irisgarriaren fitxategia sortu zen eta alta eman zitzaion Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.
Zer informazio eska daiteke doako telefono-zenbakian?
Doako telefono-zenbakian, alderdi hauekin erlazionatutako kontsultak egin ahal izango dituzte hautesleek, maiatzaren 3tik hauteskunde egunera arte:
• Abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuan araututako boto-prozedura irisgarria
• Hauteskunde prozesua
• Onartu diren hautagaitzak: Diputatuen Kongresurako hauteskundeak eta Senaturako hauteskundeak
Zein da Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako bozketa irisgarriaren kit horren edukia?
a) Botoa emateko material estandar edo normalizatua.
- Bozketako gutun-azal estandar bat Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako.
- Bozketako gutun-azal estandar bat Senaturako hauteskundeetarako.
- Boto-paper estandar bat Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako onartu den hautagaitza bakoitzeko.
- Boto-paper estandar bat Senaturako hauteskundeetarako.
b) Dokumentazio osagarria braillez.
- Azalpen-gida bat tintaz eta braillez, kit/maletin horretan dagoen dokumentazioa nola erabili azaltzeko.
- Txantiloi trokelatu bat eta, barruan, Senaturako hauteskundeetarako boto-paper estandarra.
- Senaturako hautagaien izenen zerrenda, braillez.
- Gutun-azal handi bat eta, barruan, gutun-azal txiki bat (orri-laurden baten neurrikoa) Diputatuen Kongresurako hauteskundeetara aurkezten den hautagaitza bakoitzeko. Gutun-azal txiki horietako bakoitzak etiketa bat izango du itsatsita, barruan dagoen boto-paperean (estandarrean, ez braillezkoan) ageri den hautagaitzaren izena eta siglak dituena, braillez eta tintaz.
Gutun-azal handia etiketa batekin identifikatuta egongo da, testu hau braillez idatzita eta tintaz inprimatuta: “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak”
Orri-laurden baten neurriko gutun-azal bakoitzak, onartutako hautagaitza baten boto-paper normalizatua edukiko du. Hautesleak gutun-azal bakoitzaren edukia ezagutu ahal dezan, bakoitzari etiketa bat itsatsiko zaio, braillez, eta tintaz ere bai, gutun-azal horren barruko hautagaitzaren izena eta siglak aditzera emateko.
Nork bermatzen ditu braillezko itzulpenak zuzenak direla?
Boto irisgarriaren maletin/kit horren barruan dauden braillezko testuak Espainiako Braille Batzordeak ikuskatzen ditu, eta horren ziurtagiriak ematen, eta Hauteskunde Administrazioak (hauteskunde batzordeek eta hauteskunde mahaiek) ikuskatzen du boto-prozedura irisgarriaren funtzionamendua zuzena dela.
Gorte Nagusietarako hauteskundeetan, zer ematen zaie hauteskunde mahaian bozketa-prozedura irisgarria erabiltzeko eskaera telefonoz egin duten hautesleei?
Hauteskunde egunean hautesleak bere burua identifikatuko du hauteskunde mahaiko presidentearen aurrean edo, bestela, mahaikideen aurrean, bozketa irisgarriaren kit delako hori garaiz eta modu egokian eskatu zuela jakinaraziko du, eta nortasun-agiriaren zenbakia emango du.
Hauteskunde mahaiko kideek bozketa irisgarria eskatu dutenen zerrenda bat edukiko dute eta, bertan, datu hauek bakarrik agertuko dira: bozketa irisgarriaren kit bat eskatu duen hauteslearen nortasun-agiriaren zenbakia, eta dagokion hauteslekuaren probintzia/udalerria/barrutia/atala/mahaia eta helbidea.
Hauteskunde mahaiko kideek bozketa irisgarriaren maletin/kit hori emango diote hautesleari, baina zerre
ndan ageri bada baino ez.
Bozketa irisgarriaren maletin/kit horretan dagoen dokumentazioa erabiltzeko jarraibideak.
A. Botoa prestatzea.
Bozketa irisgarriaren kit hori ematen dizutenean, hauteskunde mahaiko kideei eskatu ahal izango diezu bozketa irisgarriaren kit horretan dagoen dokumentazioa erabiltzeko pribatutasun-bermeak betetzen dituen gune batera eraman zaitzatela, hauteskunde mahaitik ahalik eta hurbilen. Bozketa irisgarriaren kit hori hauteslekutik atera ere egin dezakezu, eta geroago itzuli botoa ematera.
Senaturako hauteskundeetarako, markatu, boligrafoz edo arkatzez, zure boto-aukera Senaturako boto-papera barruan duen braillezko txantiloiaren gelaxketan.
Txantiloi horretan, hautagaitza bakoitza zenbaki batez identifikatuta dago. Bilatu zenbaki hori braillezko hautagaitza-zerrendan, eta, horrela, hautagaitzaren izena jakin ahal izango duzu, baita hautagaitza horrek Senaturako aurkezten dituen hautagaien izenak ere. Zure botoa jasoko duten hautagaiak aukeratu ondoren, atera boto-paper estandarra txantiloitik eta sartu “Senaturako hauteskundeak” jartzen duen gutun-azalean.
Diputatuen Kongresurako hauteskundeen kasuan, ireki gutun-azal handia, braillez “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak” duena. Barruan dauden gutun-azal txikietatik, aukeratu braillez esaten dizuna zure botoa jasoko duen hautagaitzari dagokion boto-papera daukala; atera boto-paper hori eta sar ezazu “Diputatuen Kongresurako hauteskundeak” dioen gutun-azalean.
B. Bozketa.
Jarraian, zoaz hauteskunde mahaira eta, han, agiri hauetako bat erakutsi beharko diozu hauteskunde mahaiko presidenteari, identifikatzeko:
- Nortasun-agiri nazionala (NAN). Ez du balio izapidean dagoen nortasun-agiriaren ordezkagiriak, ez baitauka hauteslearen argazkirik.
- Pasaportea (argazkiduna).
Berdin dio agiri horiek iraungita egotea, baina originalak izan behar dute; ez dute balio fotokopiek.
C. Soberako materiala.
Botoa eman ondoren, bozketa irisgarriaren maletin/kit hori berarekin eramatea gomendatzen zaio hautesleari, emandako botoaren sekretua ziurtatze aldera.