Nola eman botoa

Hautesleak  /  Nola eman botoa  /  Botoa emateko beste prozedura batzuk

Botoa emateko beste prozedura batzuk

Ontziratutakoak
 

Espainiako bandera duten Armadako ontzietako, merkataritza-ontzietako edo itsas zabaleko arrantza-ontzietako langileak, hauteskundeak deitzen direnetik egiten diren arte ontziratuta egon behar badute eta epealdi horretan aldez aurretik lurralde nazionalean aitortutako portuetara heltzen badira, botoa emateko eskubidea honela gauzatu ahal izango dute:

Irrati bidezko telegrafia-zerbitzuaren bitartez, posta elektroniko edo fax bidez edo helburu horretarako eskura izan dezaketen beste edozein bitarteko erabilita, interesduna izena emana dagoen Hauteskunde Erroldaren Bulego Probintzialari erroldako inskripzio-ziurtagiria eskatu ahal izango zaio.

Mezuan honakoak jasoko dira:

  • Eskatzailearen izena eta bi abizen.
  • Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.
  • Jaioteguna, probintzia eta udalerria.
  • Hauteskunde-erroldan izena emana dagoen egoitza-udalerria.
  • Ontziratuta dagoen ontziaren izena.
  • Ontzia zein portura edo portutara helduko den, eta zein egunetan gertatuko den hori.
Hauteskunde-dokumentazioa beste ontzi batetik jasotzeko modurik izanez gero, irrati bidezko mezuan zein ontzigilera, kontsignatzailera edo ontzira bidali behar den adieraziko da. Posta bidezko botoa eskatzeko, ontzietako irrati bidezko telegrafia-zerbitzuek Posta Zerbitzuaren ordezkaritzat joko dira eta Komandanteak eta Kapitainak edo berariaz eskuordetutako Ofiziala eskaera jasotzeko langile arduraduntzat.

Dagokion Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Ordezkaritza Probintzialak, interesduna izena emana dagoela egiaztatutakoan, eskaera jasotzat joko du helburu guztietarako eta egoki den dokumentazioa portura igorriko du edo, hala badagokio, hautesleak dagoeneko izena eman duen ontzigile, kontsigna-hartzaile edo ontzira.

Hautesleak dokumentazio hori jasotzen duenean, ziurtatutako eta presazko posta bidez, ontzia lurreratzen den edozein portutik, hauteskunde-dokumentazioa botoa ematea dagokion Hauteskunde-mahaira bidaliko du.

Atzerrian misioak betetzen ari diren indar armatuetako kideak
 

Espainia kide den nazioarteko erakundeen esparruan edo bakea, egonkortasuna eta segurtasuna eusten laguntzeko eta laguntza humanitarioari laguntzeko alorrean Espainiaren eta bere aliatuen segurtasunarekin eta defentsarekin lotutako operazioetan Lurralde nazionaletik kanpo dauden Indar Armatuetako kideek, deialdia argitaratzen den egunetik hauteskundeak egiten diren arte, botoa emateko eskubidea gauzatzeko modua izan dezaten, prozedura honi jarraitu beharko zaio:

Ontziko Komandanteak edo Unitateko Buruak botoa emateko eskubidea gauzatu nahi duten kideen zerrenda Defentsa Ministerioko Langileen Zuzendari Nagusiari igorriko dio, Defentsa Estatu Nagusiko Buruaren eta Armaden Estatu Nagusiko Buruen bitartez.

Eskatzaile bakoitzari buruz zera jasoko da:

  • Izena eta bi abizen.
  • Nortasun agiri nazionalaren zenbakia. J
  • aioteguna, probintzia eta udalerria.
  • Hauteskunde-erroldan izena emana dagoen egoitza-udalerria.
Defentsa Ministerioko Langileen Zuzendari Nagusiak, deialdia dagokion aldizkari ofizialean argitaratzen denetik aurrera eta bozketa aurreko hamargarren eguna baino lehen, zerrenda hori Hauteskunde Erroldaren Bulegora igorriko du eta honek egoki diren Ordezkaritza Probintzialei helaraziko die.

Dagokion Hauteskunde Erroldaren Ordezkaritza Probintzialak, interesdunaren inskripzioa egiaztatutakoan, eskaera jasotzat joko du helburu guztietarako eta dagokion dokumentazioa Defentsa Ministerioko Langileen Zuzendaritza Nagusira bidaliko du, ahalik eta prozedurarik presazkoena erabilita hartzaileari helarazi diezaion.

Hautesleak botoa emateko eskubidea aurreko puntuak aipatzen duen dokumentazioa jasotakoan gauzatuko du. Ontziko Komandantea edo Unitateko Burua emandako botoez arduratuko da eta zaindu egingo ditu, segurtasuna, osotasuna eta sekretua bermatuz, lurralde nazionalera eramateko arduradunak jaso arte. Defentsa Ministerioko Langileen Zuzendaritza Nagusiak jasotako botoak Estatuko Posta eta Telegrafoen Sozietateari helaraziko dizkio, hauteskundeak egiten diren aurreko bigarren eguna baino lehen eta honek presazko izaeraz egoki den Hauteskunde-mahaira igorriko dizkio.

Espetxeratutakoak
 

Espetxeetan daudenek, botoa emateko eskubidea kendu ez bazaie, postaz emango dute botoa, prozedura honi jarraiki:

Espetxe guztietan, bertan dauden guztiek ikusteko moduan, posta bidezko botoa zuzentzen duten hauteskunde-arauak azalduko dituzte eta botoa emateko prozedura azaltzeko eta argitzeko informazio-saioak antolatuko dira.

Horretarako, Espetxe bakoitzeko Zuzendariak -edo honek eskuordetzen duen pertsonak- deialdia argitaratu eta lehen hiru egunetan Estatuko Posta eta Telegrafoen Sozietateari zerbitzu horretako langile bat egun jakin batean Espetxera joan dadila eskatuko dio, botoa posta bidez emateko beharrezkoak izan daitezkeen ziurtagiri-eskaeren inprimakiekin, botoa emateko eskubidea gauzatu nahi duten eta barruan dauden guztiek hantxe bertan bete ditzaten.

Presoren batek NANik ez badu, barruan dauden guztiek duten Barneko Nortasun Agiria aski izango da, titularraren argazkia ageri bada, beti ere.

Hauteskunde Erroldaren Bulegoak presoa dagoen Espetxera behar adina gutun-azal eta boto-paper igorriko ditu eta Correos-eko langileak berak emango dizkio hautesleari. Hautesleak dagokion boto-papera aukeratuko du, gutun-azalean sartuko du (edo ez du boto-paperik sartuko boto zuria eman nahi badu) eta hori dagokion Hauteskunde-mahaira igorriko zaio beste gutun-azal batean.

Correos-eko langileak gutun-azal horiek egoki diren Hauteskunde-mahaietara helaraziko dituzte bozketaren egunean.