2019ko Europako Parlamentuko hauteskundeetan hautagai zerrendak aurkeztea
Europako Parlamentuko hauteskundeetan hautagaiak aurkeztu eta aldarrikatzearen inguruko eragiketa guztietarako eskumena duen hauteskunde batzordea Hauteskunde Batzorde Zentrala da (Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 220. artikulua).
Alderdiek, federazioek, koalizioek eta hautesle elkarteek hautagai zerrendak aurkez ditzakete Europako Parlamentuko hauteskundetan.
Horretarako, 15.000 hautesleren izenpeak egiaztatu behar dituzte edo, baldintza horren ordez (hautesle elkarteek izan ezik), 50 hautetsiren izenpeak aurkez ditzakete, diputatuenak, senatarienak, Europako Parlamentuko espainiar diputatuenak, autonomia erkidegoetako legebiltzarkideenak nahiz toki korporazioetako kideenak eta auzo alkateenak.
Hautesleek edo hautetsiek ezin dute izenpea eman hautagai zerrenda bi edo gehiagotarako.
Hauteskunde Batzordeko idazkariak zenbaki korrelatibo bat emango dio hautagai zerrenda bakoitzari aurkezpen hurrenkeraren arabera, eta hurrenkera hori gordeko da argitalpen guztietan (Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 46.9 artikulua).
Alderdiek, federazioek, koalizioek eta hautesle elkarteek Hauteskunde Batzorde Zentralean hautagai zerrenda aurkezten duten unean euren boto paperak zein lurralde eremutan zabaltzea nahi duten adieraz dezakete, eremua estatuarena baino txikiagoa denean eta betiere gutxienez autonomia erkidego batean dauden hauteskunde atalekin bat badator. LOREG 221.4 art.
Hautagarriak dira Europar Batasuneko herritar adindunak, baldin, hautesle izanik, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 6 eta 210.bis artikuluetan (Europako Parlamentuko hauteskundeak) jasotako kasuren batean ez badaude.
Hautagai zerrendak aurkezteko epea apirilaren 17tik 22ra da. Aurkeztutako hautagai zerrendak eta aldarrikatutako hautagai zerrendak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira apirilaren 24an eta 30ean hurrenez hurren (Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 47.1 eta 220.5 artikuluak).
Hauteskunde batera elkarrekin aurkezteko koalizio itun bat egiten duten alderdi edo federazioek Hauteskunde Batzorde Zentralari adierazi behar diote deialdiaren hurrengo hamar egunetan (apirilaren 3tik 12ra bitartean).
Adierazpen horretan koalizioaren izena, koalizioaren arauak eta zuzendaritza eta koordinazio organoetako titularrak zein diren esan behar da.
Hautesle elkarteak hautesleen izenpe kopuru aldakorren abalarekin eratzen diren formazio politikoak dira, eta bakar-bakarrik hauteskunde prozesu konkretu eta jakin batean hautagai zerrenda aurkeztu ahal izateko.
Ez dute, beraz, jarraitzeko bokaziorik edo antolakunde izaerarik, eta ez daukate Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatu beharrik.
Hautesle elkarte bakoitza autonomoa eta independentea da beste edozeinetatik. Euren jarduera eremua hauteskunde barrutia da (ez dago hautagai zerrenda kolektiboak egiterik, ez barruti bat baino gehiago hartzen dutenak, ez euren arteko federazio edo koalizioak osatzerik), eta aurkeztu den hauteskunde prozesu konkretuarekin amaitzen da bere balioaldia (ez dago hortik aurrera luzatzerik).
Europako Parlamentuko hauteskundeetarako hautagai zerrendak aurkezteko, hautesle elkarteek 15.000 hautesleren izenpeak egiaztatu behar dituzte.
Hautagai zerrenda aurkezteko (web honetan deskargatu daitezkeen formularioak erabili behar dira) dokumentazio hau erantsi behar da (1999ko martxoaren 15eko Hauteskunde Batzorde Zentralaren Jarraibidea)
Hautagai bakoitzaren DNIren fotokopia sinplea.
* Paper arruntean idatzita hautagai bakoitzak izenpetuta zinpeko deklarazio bat, hautagai izateko desgaitze zigorraren mendean ez dagoela eta hautaezintasun kasuan ez dagoela eta, gainera, bere hautagaitza onartzen duela adierazten duena. Idazki hori dokumentu bakarra izan daiteke hautagai guztiek izenpetua edo bakarka izenpetutakoa. Deklarazioa hautagai izateko desgaitze zigorraren mendean ez egotearen zina edo promesa eginez ematen da, baina horren ordez zigor aurrekarien ziurtagiri negatiboa aurkez daiteke (1999ko maiatzaren 3ko Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakia).
Bestalde, eta Europako Parlamentuko hauteskundeetan sufragio pasiboko eskubidea egikaritzeari buruzko xedapen batzuk ezartzen dituen otsailaren 21eko 100/2014 Errege Dekretuaren arabera:
«1.- Bizilekua Espainian izanik Europako Parlamentuko hauteskundeetan sufragio pasiboko eskubidea egikaritzeko Hauteskunde Batzorde Zentralean hautagai zerrenda aurkezten duten beste Estatu kide bateko herritarrek, espainiar nazionalitateko hautagaiei eskatzen zaizkien agiriez gain, zertzelada hauek jasotzen dituen deklarazio formal bat aurkeztu beharko dute:
- Euren nazionalitatea, jaioteguna eta lekua, jatorriko Estatu kidean izan zuten azken helbidea eta Espainian dutena;
- Aldi berean beste Estatu kide batean Europako Parlamentuko hauteskundeetan hautagai ez direla aurkezten;
- Kasua bada, azkenekoz inskribatuta egon ziren hautesle errolda dagokion Estatu kideko barrutia edo toki erakundea;
- Jatorriko Estatu kidean sufragio pasiboko eskubidea ez zaiela kendu ebazpen judizial edo erabaki administratibo indibidualez, betiere honi errekurtsoa jar badakioke auzitegietan.
Hauteskunde Batzorde Zentrala LOREG legean jasotzen diren hautagarritasun baldintzak betetzen diren ere egiaztatuko du.
Gainera, hautesle erroldan inskribatu izanaren ziurtagiria eskatzen zaie, diren hauteskundeetan Espainian sufragio eskubidea egikaritzeko borondatea adierazi izanaren ondorioz. (Kontseiluaren 93/109/CE Zuzentaraua, 1993ko abenduaren 6koa, 2012ko abenduaren 20ko Kontseiluaren 2013/1/UE Zuzentarauak aldatua, eta 1999ko martxoaren 15eko Hauteskunde Batzorde Zentralaren Jarraibidea, BOE zk. 67, 1999ko martxoaren 19koa).
Hautagai zerrendak dokumentazio guztia paperean dutela aurkeztu behar dira, bain ez nahitaez eredu ofizialean; balio du, beraz, paper arruntean aurkezteak, horretarako eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badira (1999ko maiatzaren 13ko eta 2009ko apirilaren 23ko Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakiak).
Hauteskunde Administrazioak (Hauteskunde Batzordea) alderdiekin elkarlanean jardun behar du irregulartasunak konpontzeko, izan ere, jokoan dagoena kargu publikoetara berdintasun baldintzetan iristeko oinarrizko eskubidea da, eta kasu honetan sufragio pasiboko eskubidean islatzen da; hortaz, hauteskunde prozesuan zehar tratu errespetuzko eta mesedegarria jaso behar du (KA 86/1987 Epaia, ekainaren batekoa).
Ez dira argitaratuko dagokion aldizkari ofizialean (HBZren erab., 1996ko urtarrilaren 10ekoa) aldarrikatu ez diren hautagai zerrendak, eta ez aldarrikatzearen erabaki arrazoitua ordezkariari jakinaraziko zaio, eta errekurtsoen berri emango.