Hauteskunde-eguna

Hauteskunde-eguna

Hauteskunde mahaiko lehendakaria, bokalak eta ordezko kideak 08:00etan elkartuko dira bozketarako ezarritako lekuan.

Lehendakaria agertzen ez bada, lehenengo ordezko kideak hartuko du haren lekua. Lehenengo ordezko kidea ere agertzen ez bada, bigarren ordezkoak beteko du lehendakariaren lekua, eta bigarren ordezkoa ere agertu ez bada, lehenengo bokalak, edo bestela bigarrenak, hurrenez hurren. Era berean, bokalen bat agertzen ez bada, edo bokalen batek lehendakariarena egin behar badu, bokal horren ordezko kideak hartuko du haren lekua.

Lehendakaria eta bi bokal egon ezik, hauteskunde-mahaia ez da eratuko. Mahaia eratu ezin bada, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko zaio telegramaz edo telefonoz. Horrez gain, gertatutakoaren adierazpena idatziko da eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordera igorriko da gutun ziurtatu baten bidez.

Hauteskunde Batzordeak hauteskunde-mahaia nortzuek osatu behar duten erabakiko du askatasunez. Gerta liteke hauteslekuan dagoen hautesleren bati agintzea mahaikide izateko.

Hala ere, bozketa hasteko ezarritako ordutik ordubetera mahaia osatzeko modurik ez badago, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko zaio eta hark bozketarako beste dei bat egingo du hurrengo bi egunen barruan.

Behin mahaia eratuta eta eraketa-akta eginda, ordurako agertu ez den bokalen bat berandu agertzen bada, ordezko kideak haren lekua hartua duelarik, ezin izango du bokal eginkizuna hartu. Behin hauteskunde-mahaia eratuta, mahaiaren osaeran parte hartu ez duten ordezko kideek ez dute inolako betebeharrik edukiko.

Hauteskunde-mahaiko lehendakaria da hauteslekuko ordena publikoaren agintaria; aginpide esklusiboa du ordena mantentzeko, hautesleen askatasuna ziurtatzeko eta legea betetzen dela zaintzeko.

Horretarako, mahaiko lehendakariak hauteslekua babesteko bidalitako polizia-indarrak izango ditu lagun, hauteslekuaren barruan zein kanpoan, behar duen guztian.

Hauteslekuetan eta haien inguruan ezin izango da inolako hauteskunde-propagandarik egin. Arlo 
Itxi daiteke hauteslekua ezarritako ordua baino lehenago? 
Bai, mahaian erroldatutako hautesle guztiek botoa eman badute.

Hauteslekuan egon daiteke hauteskundeetako kartelik edo propagandarik bozketa-egunean? 
Ez, hauteslekuaren barruan ezin da egon hauteskundeetako kartelik edo propagandarik bozketa-egunean.

Halakorik egonez gero, mahaiko lehendakariak (edota Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak) kentzeko aginduko dio Poliziari.

Ez dira hauteskunde-propagandatzat hartuko artekariek edo ahaldunek identifikatzeko eraman ohi dituzten enblemak edo sinboloak.

Zer egin behar da ordena publikoko gorabeheraren bat gertatuz gero? 
Hauteslekuaren barruan, mahaiko lehendakariak du aginpide esklusiboa ordena publikoa mantetzeko. Horretarako, beharrezkoa izanez gero, segurtasun-indar eta -kidegoei esku hartzeko eska diezaieke.

Gertakariak eta eragileen izen-abizenak hauteskunde-saioaren aktan jasoko dira.

Nola identifikatu behar da hauteslea hauteskunde-mahaian? 
Identifikatzeko, hautesleak agiri hauetako bat aurkeztu beharko du:
  • Nortasun agiri nazionala (NANa).
  • Pasaportea (argazkiduna).
  • Gidabaimena (argazkiduna).
Berdin da agiriak iraungita badaude, baina jatorrizkoak izan behar dute, fotokopiek ez dute balio.

Agiri horietakoren bat aurkeztu eta, hala ere, hauteskunde-mahaiak hauteslearen identitateaz zalantza baldin badu, mahaikideen gehiengoz ebatziko du, hautesleak aurkeztutako agiriak eta bertan dauden hautesleen lekukotzak kontuan hartuta.

Zer egin behar da hauteslea erroldako zerrendan ez badago? 
Halakoetan, hauteskunde-mahaian botoa eman ahal izateko, agiri hauetako bat aurkeztuko beharko du:
  • Hautesleak mahaiko erroldan egoteko eskubidea duela adierazten duen EPAI JUDIZIALA.
  • ALTAKO ERROLDA-ZIURTAGIRI BEREZIA, Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzak emana, boto-eskubideaz baliatzeko gaitzen duena.
Botoa emateko, jatorrizko ziurtagiriak zein udalak faxez bidalitakoak balioko du.

Errolda-ziurtagiri bereziak kontuan hartu behar dira hautesleen zerrenda zenbakituan, gero boto-kontaketaren aktan eta saioaren aktan kontatzeko.

Nola ematen dute botoa desgaitasunen bat duten pertsonek?
Hautesle batek irakurtzen ez badaki edo, desgaitasunen bat dela eta, boto-papera hautatzeko edo gutun-azalaren barruan sartzeko eta mahaiko lehendakariari emateko ezinduta badago, konfiantzazko pertsona batez balia daiteke egin beharreko horiek egiteko.

Noiz ematen dute botoa mahaikideek eta artekariek?
Bozketa amaitutakoan eta postaz bidalitako boto-paperak dituzten gutun-azalak hautetsontzian sartu ondoren bozkatuko dute mahaikideek eta mahaiaren aurrean akreditatutako artekariek. Mahaiko lehendakariak sartuko ditu gutun-azalak hautetsontzian.

Hautesleen zerrenda zenbakituan, mahaiko erroldan ez dauden artekariak zer hauteskunde-ataletakoak eta mahaitakoak diren jasoko da.

Zer egin behar da hauteskunde-egunean gutun-azalak edo boto-paperak falta badira? 
Mahaiak hautagaitzaren baten boto-paperak falta direla ikusiz gero, hautagaitza horren artekariek edo ahaldunek ekar ditzakete.

Ezinezkoa bada, mahaiko lehendakariak bozketa eten eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko dio, falta diren boto-paperak berehala ekar ditzan.

Etenaldia ordubetekoa izan liteke gehienez, eta bozketa etenaldiak iraun duen beste luzatuko da.

Zer egin behar da bozketa ordubete baino luzaroago etenda badago?
Arau orokorrak dio bozketaren etenak ezin duela iraun ordubete baino gehiago.
Hala ere, etenaldia ordubete baino apur bat luzeagoa izan bada eta mahaiak erabakitzen badu bozketarekin aurrera egitea (eta ixteko ordua atzeratzea bozketa etenda egon den adina denbora), irregulartasun horrek ez du baliogabetuko hauteskundea.

Baina etenaldia ordubete baino askoz luzeagoa bada, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak ebatzi beharko du bozketak aurrera egin behar duen ala bertan behera utzi behar den.

Noiz eta nork utz dezake bertan behera bozketa? Bozketa ordubete baino luzaroago etetea edo bozkatzea eragozten duten gorabeherak 
Mahaiko lehendakariak aginduko du bozketa bertan behera uzteko, gorabehera hauetakoren bat gertatuz gero:
  • Ordubete baino luzaroago etenda egon bada.
  • Dena delakoagatik bozkatzea ezinezkoa bada.
Erabaki hori hartu aurretik, komeni da lehendakariak mahaikide guztiei iritzia eskatzea eta, ahal izanez gero, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari telefonoz kontsulta egitea.

Zer egin bozketa bertan behera utziz gero? 
Bozketa bertan behera utziz gero, lehendakariak idazki batean jaso beharko du arrazoiak azalduz. Idazki hori hauteskunde-espedienteari erantsiko zaio.

Kopia bat bidaliko zaio berehala Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, eskuz edo gutun ziurtatu baten bidez, Batzordeak arrazoiak egiazkoak eta nahikoak diren egiaztatzeko eta behar den deklarazioa egiteko edo erantzukizunak eskatzeko.

Bozketa bertan behera geratuz gero, emandako botoak ez dira kontuan hartuko eta ez da boto-kontaketarik egingo. Mahaiko lehendakariak hautetsontzian dauden boto-paperak suntsitzeko aginduko du berehala eta hori ere jasoko du lehen aipatutako idazkian.

Hauteskunde-mahai bateko bozketa bertan behera geratuz gero, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak berriro deituko ditu hauteskundeak mahai horretan, hurrengo bi egunen barruan.

Hautesle bat hautesleen erroldan ageri ez bada baina epai baten bidez bertan agertzeko eskubidea duela frogatzen badu, botoa eman dezake?
Bai. Mahaiko lehendakariak hautesle horren botoa onartuko du, baldin eta hautesleak frogatzen badu bere helbidea mahai horri dagokiola.

Hauteslea beste pertsona batek ordezka dezake?
Ez, inoiz ez. Bozkatzea egintza pertsonal eta besterenezina da. Pertsona batek desgaitasunen bat badu, konfiantzazko pertsona bat izan dezake ondoan prozesu guztian, boto-papera hautatu behar duenetik mahaiko lehendakariari ematen dion arte.

Zer egin behar da postaz bozkatu duen hautesle bat ez bada ageri sistema horren bidez bozkatzeko eskaria egin dutenen artean?
Hautesle horren botoa ezingo da ireki ez hautetsontzian sartu, baina gorde egin beharko da, erreklamaziorik edo errekurtsorik badago ere.

Hautesle batek postaz eman badu botoa eta horren ostean hil egin bada, kanpoan utz daiteke beraren botoa?
Bai, hauteskunde-mahaiari heriotza-ziurtagiria aurkeztuz gero. Kasu horretan, botoa ez da hautetsontzian sartuko.

Zer egin behar da postaz bidalitako botoak artekariak bozkatzen ari direnean edo ostean iristen badira hauteskunde-mahaira?
Hori gertatuz gero, boto horiek EZIN dira kontatu.

Nork azaldu diezazioke hautesleari nola eman behar duen botoa? 
Mahaiko kideek baino ezin diete eman informazio hori hautesleei, eskatuz gero.

Hauteslekuaren barruan egon daitezke poliziak?
Bai, hauteskunde mahaiko lehendakariak sartzeko eskatuz gero.

Artekariek eta ahaldunek eraman dezakete aldean koalizio edo alderdi baten ikur edo eranskailurik? 
Bai, baina alderdiaren edo koalizioaren sigla besterik ezin dute eduki irudikatuta.

Artekari eta ahaldunek erreklamaziorik aurkez dezakete? 
Bai, eta halakorik eginez gero, saioaren aktan jaso behar da. Dena dela, horrek ez du esan nahi mahaiak erreklamazio horretan parte hartzen duenik.

Hauteskunde-mahaiak boto-kontaketaren akta eman behar die ahaldunei, nahiz eta ahaldunak mahaia eratzeko unean aurkeztu ez?
Bai, mahaiak boto-kontaketaren aktaren kopia eman behar die berehala eta dohainik.

Hauteskunde-mahaiak hautesleen zerrenda zenbakituaren kopia eman behar die alderdien ordezkariei? Ez, inola ez; hori hautesleen eskubideak urra ditzake eta Konstituzioak babesten ditu.

Komunikabideek informatzeko jarduerarik egin dezakete hauteslekuen barruan? 
Hauteslekutik kanpo eman behar dituzte albisteak, baina barruko bozketaren irudiak eman ditzakete eta halakoak ateratzeko mahaiaren aurrean akreditatu beharko dira. Irudien grabaketak ez du bozketa eragotzi beharko
Zer da boto balioduna? 
Hautetsontzian legearen arabera utzitako botoak baliodunak edo baliogabeak izan daitezke.
Boto baliodunak dira
  • hautagaitza bati emandakoak eta
  • boto zuriak

Zer da boto zuria?
Boto zuria hau da:
  • Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan: boto-paperik ez duen gutun-azala eta legez baztertu den hautagai-zerrendaren baten alde emandako botoa.
  • Senaturako hauteskundeetan: boto-paperik ez duen gutun-azala eta hautagairik markatuta ez duen boto-papera.
Zer da boto baliogabea?
Boto baliogabea da eredu ofizialekoa ez den edo aldatuta dagoen gutun-azalean emandako botoa; edo eredu ofizialekoa ez den boto-papera edo aldatuta, apurtuta edo urratuta dagoena; gutun-azalik gabe emandakoa, eta hauteslearen borondatea zein den jakiterik ez dagoena (adibidez, gutun-azal batean boto-paper bat baino gehiago badaude, hautagaitza ezberdinetakoak).

Gutun-azal berean hautagaitza bereko boto-paper bat baino gehiago badago, boto baliodun bakartzat kontatuko da.

Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan, hauek ere izango dira boto baliogabeak: hautagaien izenak aldatuta, gehituta, zirriborratuta edo hurrenkeraz aldatuta dituzten boto-paperak, eta beste edozein motatako aldaketa dutenak (adibidez, hautagaitzaren sinboloan).

Senaturako hauteskundeetan, hauek ere izango dira boto baliogabeak: probintzia-barrutietan, hiru izen baino gehiago markatuta dituztenak; Kanaria Handiko, Mallorcako eta Tenerifeko uharte-barrutietan eta Ceuta eta Melilla hirietan, izen bi baino gehiago markatuta dituztenak; eta gainerako uharte-barrutietan, izen bat baino gehiago markatuta dituztenak.

Boto balioduntzat joko dira hautagaietako baten ondoan seinale, gurutze edo ixa bat daukaten boto-paperak, marka horiek ez badute garrantzi nahikorik boto-paperaren konfigurazioa aldatu dela edo hautagaietako bati edo bere formazio politikoari arbuioa erakusten zaiola esateko.

Nork erabakitzen du botoak baliodunak ala baliogabeak diren? 
Hauteskunde-mahaiak erabakitzen du, hau da, lehendakariak eta bokalek elkarrekin.

Mahaiko boto baliogabeak gorde egin behar dira? 
Bai, baliteke-eta gerora erreklamazio edo errekurtsoren bat egotea.

Gutun-azal baten barruan hautagaitza beraren boto-paper bat baino gehiago badago, balioduna da boto hori?
Bai, argi dagoelako zein den hauteslearen hautua. Boto-paperak hautagaitza desberdinetakoak balira, berriz, boto hori baliogabea izango litzateke.

Boto-paperak eredu ofizialak ez bezalako tonua, tamaina edo akats tipografikoak baditu, balioduna da? 
Bai, halako aldaketa txikiek ez dute botoa baliogabetzen. Botoa emateko gutun-azalak eredu ofizialak ez bezalako tonua, tamaina edo akats tipografikoak baditu, barruko botoa balioduna da? Bai, baldin eta botoaren sekretutasuna arriskuan jartzen ez badu.

Botoa posta arruntaren bidez heltzen bada, balioduna da?
Ez, baliogabea da; postaz bidalitako botoa balioduna izan dadin, gutun ziurtatu baten bidez igorri behar da.

Erkidego batean, elebiduna ez den alde batean, botoa gutun-azal elebidunean emanez gero, balioduna da boto hori? 
Bai.

Erkidego elebidun batean, gaztelania hutsean dagoen boto-papera balioduna da? 
Bai, argi dagoelako zein den hauteslearen hautua.

Boto-paper batean agertzen baldin bada hautagai izendatu ondoren hautagaitzatik baztertua izan den pertsona bat, balioduna da boto-paper hori?
Bai, boto hori balioduna da, baina balioa duten hautagaiak kontuan hartuta.