Hauteskunde mahaia osatzen duten pertsonak
Mahaiburua, mahaikide izendatutakoak eta ordezkoak goizeko 08:00etan bilduko dira bozketarako jarritako lekuan.
Mahaiburua agertu ez bada, bere lehen ordezkoak ordeztuko du. Hori ere ez badago, bigarren ordezkoak ordeztuko du, eta hori ere agertu ez bada, lehen mahaikideak edo bigarren mahaikideak, hurrenkera horretan, hartuko dute mahaiburuaren kargua. Era berean, agertu ez diren edo kargua hartzen ez duten mahaikideen lekua horien ordezkoek hartuko dute.
Ezin da Mahaia eratu mahaiburu bat eta mahaikide bi egon gabe. Mahaia eratzerik ez badago, gertaeren deklarazio bat egingo da eta posta ziurtatuz bidaliko da Eskualdeko Hauteskunde Batzordera, lehenago telegrafoz edo telefonoz horren berri eman ondoren.
Batzordeak, kasu honetan, askatasunez izendatuko ditu Hauteskunde mahaia eratuko duten pertsonak, eta hauteslekuan dagoen hautesle bat mahaiko kide izan dadila ere agindu ahal izango du.
Hala ere, Mahaia eratzerik ez badago bozketa hasteko legez ezarritako ordua baino ordubete geroago ere, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari esango zaio, eta honek beste bozketa baten deialdia egingo du hurrengo egun bien barrurako.
Mahaia eratu eta eraketa akta jasota dagoenean, ez zaie kargua emango Hauteskunde mahaikoak izan arren euren zereginetara berandu agertu direnei, beste batzuek dagoeneko ordezkatu dituztelako. Hauteskunde mahaia eratu ondoren, Mahaia osatu behar izan ez duten ordezkoak horri buruzko eginbehar guztietatik libre geratuko dira.
Hauteskunde mahaiko mahaiburua agintaria da hautesleku barruan ordena publikoaren arloan; aginte esklusiboa du ordena mantentzeko, boto-emaileen askatasuna segurtatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.
Ondorio horietarako, hauteslekuak babestera bidalitako polizia indarrek mahaiburuari eskatzen duen laguntza emango diote hautesleku barruan eta kanpoan.
Ez hauteslekuetan ez hauteslekuen inguruan ezin daiteke inolako hauteskunde propagandarik egin. Mahaiburuak egoki deritzen neurriak hartuko ditu horretarako.
Itxi daiteke hautesleku bat jarritako ordua baino lehen?
Bai, Mahaian erroldatutako guztiek botoa eman badute.
Egon daiteke hauteskunde kartel edo propagandarik bozketa egunean hauteslekuan?
Ezin daiteke hauteskunde kartel ez propagandarik egon bozketa egunean hauteslekuan.
Halakorik badago, mahaiburuak (edo bestela Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak) kentzeko agindu beharko die Segurtasun Indar eta Gorputzei.
Ez dira hauteskunde propagandatzat joko artekariek eta ahaldunek identifikaziorako eramango dituzten ikur edo sinboloak.
Zer egin ordena publikoko gorabeheraren bat gertatzen bada?
Mahaiburuak aginte esklusiboa du, hautesleku barruan, ordena publikoa mantentzeko. Horretarako, Segurtasun Indar eta Gorputzen esku hartzea eskatu ahal izango dute, behar izanez gero.
Sortzen diren gorabeherak, eta gorabeherak eragin dituztenen izen-abizenak, saioaren aktan jasoko dira.
Nola identifikatzen da hauteslea Mahaian?
Hauetako bata erakutsi identifikatzen da:
- Nortasun agiri nazionala (DNI).
- Pasaportea (argazkiduna).
- Gidabaimena (karnet argazkiduna). Tarjeta de identidad de extranjero, en el caso de nacionales de países con los que España haya suscrito un tratado de reciprocidad para el reconocimiento del derecho de sufragio en las elecciones municipales
- Egoiliar txartela, Europar Batasuneko herritar txarteldunak badira.
- Atzerritarren identitate txartela, baldin udal hauteskundeetan boto eskubidea aitortzeko Espainiarekin elkarrekikotasun tratatua sinatu duen herrialdeko herritarra bada.
Agiri horiek Espainiakoak edo jatorri herrialdeak emanak izan daitezke, betiere botoa emango duenaren argazkia agerian badute. Ez du ardura agiri horiek iraungita egon arren, baina originalak izan behar dute, fotokopiek ez dute balio.
Agiri horiek erakutsi arren, hauteslearen identitateari buruz zalantzak badaude, Mahaiak, aurkeztutako agiriak eta eman dezaketen lekukotasuna kontuan hartuta, kideen gehiengoz erabakiko du.
Zer gertatzen da hauteslea ez bada ageri erroldako zerrendan?
Kasu horretan, agiri hauetako bat aurkezten badu baino ezingo du botoa eman Mahaian:
- EPAI JUDIZIALA, boto-emaileari Mahaiko erroldan inskribatuta egoteko eskubidea aitortzen diona.
- ERROLDA ZIURTAGIRI BEREZIA, Hauteskunde Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak emana, boto eskubidea gauzatzeko gaitzen duena.
Bozketarako, bai errolda ziurtagiri bereziaren originalak bai faxez edo dagokion udalaren bitartez jasotakoak balioko dute.
Botoa emateko diren errolda ziurtagiri bereziak kontuan hartu behar dira boto-emaileen zerrenda zenbakituan, gero behar bezala zenbatzeko, boto-kontaketaren eta saioaren aktetan.
Nola ematen dute botoa desgaitasuna duten pertsonek?
Irakurtzen ez dakiten hautesleek edo desgaitasunagatik boto papera aukeratzeko edo gutun azalean sartzeko eta mahaiburuari emateko ezinduta daudenek euren konfiantzako pertsona bat har dezakete eragiketa horiek egiteko.
Noiz emango dute botoa Mahaia osatzen dutenek eta artekariek?
Bozketa amaitutakoan, eta postaz bidalitako boto paperak barruan dauzkaten gutun azalak hautetsontzian sartu ondoren, Mahaiko kideek eta Mahaian egiaztatutako artekariek emango dute botoa, bertan botoa emateko eskubidea badute. Mahaiburuak hautetsontzian sartuko ditu gutun azalak.
Boto-emaileen zerrenda zenbakituan Mahaiko erroldan agertzen ez diren artekarien Hauteskunde atala eta Hauteskunde mahaia adierazi behar dira.
Zer gertatzen da hauteskunde egunean gutun azalak edo boto paperak falta badira?
GELDIARAZI BEHAR DA Mahaikoak hautagai zerrendaren baten boto paperak falta direla konturatzen badira, hautagai zerrenda horretako artekari edo ahaldunek eman ditzakete.
Ezin bada, Mahaiburuak bozketa geldiarazi beharko du eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari adieraziko dio, honek berehala hornitu dezan Hauteskunde mahaia.
Geldialdiak ezin dezake iraun ordubete baino gehiago, eta bozketa luzatu egingo da geldiarazita egon den adina denbora.
Zer gertatzen da bozketa ordubete baino gehiago badago geldiarazita?
Arau orokorra da bozketaren geldialdiak ez duela ordubete baino gehiago iraun behar. Hala ere, ordubete baino gutxi gehiagoko geldialdi baten ondoren Mahaiak bozketa egiten jarraitzea erabakitzen badu (gero, bozketa geldiarazita egon den adina denbora luzaturik), ezingo da hori hartu hauteskundea baliogabetzen duen irregulartasuntzat.
Alabaina, geldialdia ordubete baino askoz luzeagoa bada, Eskualdeko Hauteskunde Batzordea izango da bozketa egiten jarraitu behar den ala eten egin behar den balioztatuko duena.
Noiz eta nork etengo du bozketa? Bozketa ordubete edo gehiago geldi edo bozketa ezinezkoa egiten duen gertakaria
Bozketaren etenaldia mahaiburuak agindu beharko du kasu hauetan:
- Ordubete baino gehiagoko geldialdia.
- Edozergatik bozketa egitea ezinezkoa denean.
Erabaki hori hartu aurretik komeni da mahaiburuak Mahaiko kide guztiei iritzia eskatzea eta, ahal izanez gero, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari telefonoz kontsulta egitea.
Zer gertatzen da bozketa eteten denean?
Bozketa etenez gero, mahaiburuak jasota utzi behar du idazki arrazoituan, eta hauteskunde espedienteari atxiki beharko dio idazkia.
Berehala bidaliko zaio kopia bat, eskuan edo posta ziurtatuz, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, honek arrazoien egiatasuna eta nahikotasuna egiazta dezan eta ondorioztatzen diren erantzukizunak deklaratu eta eskatu ditzan.
Bozketa etenez gero, ez dira kontuan hartuko emandako botoak, eta ez da boto kontaketarik egingo. Mahaiburuak Hautetsontzian sartutako boto paperak suntsitzeko agindua emango du berehala, eta hori egin duela jasota utziko du lehen esan den idazkian.
Hauteskunde mahai bateko bozketa etendakoan, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak hauteskunde berrien deialdia egingo du Mahai horretan hurrengo egun bietan.
Eman dezake botoa bere eskubidea epai bidez egiaztatzen duen eta hauteskunde erroldako zerrendetan agertzen ez den hautesleak?
Bai. Mahaiburuak bere botoa onartu ahal izango du baldin, gainera, bere helbidea botoa emango duen Mahaikoekin bat datorrela egiaztatzen badu.
Izan daiteke beste pertsona bat hautesle baten ordezkaria?
Inoiz ez. Botoa emateak izaera pertsonal eta transferitu ezina du. Desgaitasun motaren bat duen pertsonaren kasuan, bere konfiantzako pertsona batek lagundu diezaioke prozesu guztian, boto papera aukeratzetik bozketako gutun azala mahaiburuari eman arte.
Zer gertatzen da botoa posta bidez eman duen pertsona bat ez bada ageri markatuta sistema horrekin bozkatzeko dokumentazioa eskatu dutenak bezala?
Botoa ezingo da zabaldu ez hautetsontzian sartu, baina gorde egin beharko da erreklamazioak edo errekurtsoak dauden kasurako.
Botoa postaz eman duen pertsona bat gero hil egin bada eten daiteke bozketa?
Bai, betiere hildakoaren heriotza agiria Mahaian aurkezten bada haren botoa hautetsontzian sar ez dadin.
Zer egin posta bidezko botoen estalkiak Mahaira heltzen badira artekariak botoa ematen ari direnean edo geroago?
Kasu honetan, EZ dago boto horiek kontatzerik.
Botoa ematera doanari nork azaldu diezaioke botoa nola eman?
Mahaiko kideak dira informazio hori eskatu duenari eman diezaioketen bakarrak.
Hautesleku barruan poliziakoak egon daitezke?
Bai, mahaiburuak deituta badoaz.
Artekari eta ahaldunek eraman ditzakete koalizio edo alderdiren baten ikurrak eta eranskailuak?
Bai, betiere alderdi edo koalizioaren siglak baino ez badauzka.
Aurkez dezakete erreklamaziorik artekariek eta ahaldunek?
Bai, eta saioaren aktari erantsi behar zaizkio, baina horrek ez du esan nahi Mahaiak bat egiten duenik erreklamazio horrekin.
Eman behar die Mahaiak ahaldunei boto kontaketaren aktaren kopia ez badira agertu Mahaia eratzeko unean?
Bai, Mahaiaren eginbeharra da boto kontaketaren aktaren kopia bat berehala eta doan ematea ahaldunei.
Eman behar die Mahaiak alderdien ordezkariei boto-emaileen zerrenda zenbakituaren kopia bat?
Ez, inondik ere ez, hori konstituzioak babestutako boto-emaileen eskubideen aurkakoa izan liteke.
Egin dezakete komunikabideek informazio lanik hauteslekuetan?
Normalean hauteslekuaren kanpoaldetik egin behar dute, baina eman ditzakete barruko bozketaren irudiak, horretarako Mahaian egiaztatu ondoren. Irudiak grabatzeak inola ere ez du eragotzi behar bozketa.
Noiz da boto bat balioduna?
Hautetsontzian legezko eskakizunak beteta sartu diren botoak baliodunak edo baliogabeak izan daitezke.
Boto balioduna da:
- hautagai zerrendari emandako botoa eta
- boto zuria
Zer da boto zuria?
Boto zuriak dira:
- Boto paperik ez daukaten gutun azalak.
- Legez erretiratutako hautagai zerrenda baten alde emandako botoa.
- Hautagairik markatu ez den boto paperak, 250 biztanlerainoko edo Kontzeju Irekiko udalerrietako edo udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeetako hauteskundeen kasuan.
- Hautagai zerrendaren edo hautagaiaren izena idatzi ez den boto paperak, aldi baterako atzerrian diren hautesleen kasuan udal hauteskundeetan eta udalerria baino eremu txikiagoko erakundeetako hauteskundeetan.
Noiz da botoa baliogabea?
Boto baliogabeak dira:
- Eredu ofizialekoak ez diren gutun azal edo boto paperetan ematen direnak.
- Gutun azalik gabeko boto paperak.
- Hautagai zerrenda desberdinetako boto paperak dauzkatenak (hautagai zerrenda bereko boto paper bat baino gehiago sartzen bada, boto baliodun bakartzat zenbatuko da).
- Gutun azal eraldatuetan ematen direnak.
- Hautagaien izena aldatu, gehitu edo zirriborratuta, zerrendako ordena aldatuta, idazkun edo adierazpen bat idatzita, edo borondatez edo nahita eraldatuta dauden boto paperak.
- Udal hauteskundeen kasuan, lau hautagai baino gehiago markatu diren boto paperak, 101 eta 250 biztanle arteko udalerrietan, eta bi baino gehiago markatu direnak, 100 biztanlerainoko udalerrietan.
- Kontzeju Irekiko udalerrietako edo udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeetako hauteskundeetan, hautagai bat baino gehiago markatu diren boto paperak.
Balioduntzat zenbatuko dira hautagairen baten ondoan seinale, gurutze edo ixa bat daukaten boto paperetan emandako botoak, ez badu garrantzirik edo pisu nahikorik marka horiekin boto papera eraldatu nahi izan dela pentsatzeko edo hautagairen baten aurkako edo bere formazio politikoaren aurkako adierazpenen bat jaurti dela uste izateko.
Nork erabakitzen du boto bat balioduna ala baliogabea den?
Hauteskunde mahaiak bakarrik, hau da, mahaiburuak eta mahaikideak.
Mahaiko boto baliogabeak gorde egin behar dira?
Bai, gero erreklamazioak edo errekurtsoak dauden kasurako.
Balioduna da hautagai zerrenda bereko boto paper bat baino gehiago duen botoa?
Bai, argi eta garbi dagoelako zein den hauteslearen borondatea. Aitzitik, boto paperak hautagai zerrenda desberdinetakoak badira botoa baliogabea izango da.
Baliodunak dira eredu ofizialaren aldean tonu edo tamaina desberdinekoak diren boto paperetan eta akats tipografikodunetan emandako botoak?
Bai, diferentzia txikiek ez dute botoaren balioa aldatzen.
Baliodunak dira eredu ofizialaren aldean tonu edo tamaina desberdinekoak diren gutun azaletan eta akats tipografikodunetan emandako botoak?
Bai, betiere botoaren sekretua arriskuan jartzen ez badu.
Posta arruntez heltzen den posta bidezko boto bat balioduna da?
Ez, baliogabea da, postazko botoa balioduntzat jotzeko nahitaez posta ziurtatuz bidali behar da eta.
Balioduna da gutun azal elebidunean emandako botoa erkidego bateko eremu ez-elebidunean?
Bai.
Balioduna da gaztelaniazko boto paper bat erkidego elebidun batean?
Bai, argi dagoelako hauteslearen borondatea.
Balioduna da aldarrikatu ondoren baztertu den hautagai bat ageri den boto papera?
Bai, boto balioduna da, baina ondo aldarrikatutako hautagaientzat bakarrik.