Boto kontaketa eta egunaren amaiera
Bozketa amaitutakoan, Mahaietako boto kontaketa hasten da.
Hauteskunde hauetan boto kontaketak ordena hau mantenduko du:
1. Europako Parlamentuko hauteskundeak.
2. Udal hauteskundeak.
3. Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeetako hauteskundeak, kasua bada.
4. Hauteskunde autonomikoak.
5. Uharteetako kabildoak.
Hauteskunde bakoitzaren boto kontaketa honela egiten da:
Mahaiburuak banan-banan aterako ditu gutun azalak hautetsontzitik eta hautagai zerrendaren izena ozen irakurriko du. Boto paper bakoitza erakutsiko die, irakurri ondoren, mahaikide, artekari eta ahaldunei.
Boto kontaketa amaitutakoan, egon litezkeen zalantzak eta/edo protestak gehiengoz ebatziko dira. Gero, mahaiburuak emaitza ozen iragarriko du, erroldatutako hautesle kopurua, aurkeztu diren errolda ziurtagiriak, boto-emaile kopurua, boto baliogabeen kopurua, boto zuriena eta hautagai zerrenda bakoitzak lortutako boto kopurua esanez.
Bai, jendaurreko ekitaldia da-eta, baina bertaratzen direnek ez dute ez hitzik ez botorik; beraz, ezin dute ez erreklamaziorik ez protestarik formulatu, ezta prozesuaren aurrerabide normala eragotzi ere.
Edozeinek du, boto-emailea izan nahiz ez izan, ekitaldi horretan egoteko eskubidea, Mahaia kokatuta dagoen lekuak aukera ematen badu. Ez da egongo beste mugarik mahaiburuak ordena publikoa zaintzeko jartzen dituenak baino.
Hauteskunde dokumentazioa hiru estalkitan banatzen da. Egiten den prozesu bakoitzerako hiru estalkiko sorta bat egongo da.
1 zk. duen estalkia, egiten den prozesu bakoitzean:
- Mahaiaren eraketa aktaren originala (udal hauteskundeenean sartu behar da, gainerakoetan kopiak sartuko dira)
- Dagokion prozesuko saioaren aktaren originala
- Saioaren aktan aipatzen diren agiriak: hauteskunde erroldako zerrendak, boto-emaileen zerrenda zenbakitua, boto paper deusezak edo erreklamazioa jarri zaienak, aurkeztutako errolda ziurtagiriak eta/edo epai judizialak, artekarien egiaztagutunen kopiak, edo egiaztagutunak eurak baldin ez badira jaso kopiak, posta bidezko botoaren gastuak itzultzeko eskabideak, halakorik badago
2 eta 3 zk. duten estalkiak, egiten den prozesu bakoitzean:
- Mahaiaren eraketa aktaren kopia
- Saioaren akten kopia
Estalkiak itxi eta izenpetu. Estalkiak itxi ondoren mahaiburuak, mahaikideek eta artekariek izenpetuko dituzte sinadurarekin estalki hegala zeharkatuz.
Mahaiburua eta mahaikideak eta artekariak, nahi badute, Mahaiaren mugapeari dagokion Lehen Auzialdiko Epaitegira edo Bake Epaitegira joango dira berehala, lehen eta bigarren estalkiak emateko. Indar publikoak lagunduko die eta, behar izanez gero, joan-etorria erraztuko die pertsona horiei.
Epaileak dokumentazioa jasoko du eta jaso-agiria izenpetuko du (Mahaiko dokumentazioarekin dago).
Bokaletako batek, gutxienez, hauteslekuan geratu behar du 3. estalkia eman arte. Posta zerbitzuak enplegatu bat bidaliko du Hauteskunde mahaira, eta berak hartuko du estalkia eta izenpetuko du dagokion jaso-agiria (hau ere Mahaiko dokumentazioan egotekoa da).
Hauteskunde eguna amaitutakoan hauteskunde dokumentazioa ematera Lehen Auzialdiko Epaitegietaraino edo Bake Epaitegietaraino joan behar duten Hauteskunde Mahaiko kideek joan-etorri honen gastuak eska diezazkiokete Gobernuaren Ordezkaritzari edo Ordezkariordetzari.
Hirugarren estalkia Postetxeko enplegatuari emandakoan, amaitu dira hauteslekuan geratu den Mahaikidearen egitekoak.