Botoa-zenbaketa

Botoa-zenbaketa

Bozketa amaitutakoan, boto-zenbaketa hasten da mahaietan.

Zenbaketa egiteko, mahaiburuak banan-banan aterako ditu dagokion hautetsontziko gutun-azalak, eta ozen irakurriko du hautagaitzaren izena edo, hala badagokio, bozkatutako hautagaien izena. Mahaiburuak boto-paper bakoitza irakatsiko die, irakurri ondoren, mahaikideei, kontu-hartzaileei eta ahaldunei.

Araudian ezarrita dagoenez, lehenik eta behin Diputatuen Kongresurako hauteskundeei dagozkien botoen zenbaketa egiten da; eta bigarrenik, Senaturako hauteskundeei dagozkienena.

Zenbaketa amaitutakoan, sortutako zalantzak eta/edo protestak gehiengoz ebatziko dira. Ondoren, mahaiburuak ozenki iragarriko du emaitza, eta honako hauek zehaztuko ditu: erroldatutako hautesleen kopurua, aurkeztutako errolda-ziurtagirien kopurua, boto baliogabeen kopurua, boto zurien kopurua eta hautagai bakoitzak lortutako botoen kopurua.

Mahaiak emaitzak zenbaketa-akta baten bidez jakinarazten ditu. Akta horren kopia bana emango die Administrazioaren ordezkariari eta hala eskatzen duten hautagaitza bakoitzaren ordezkariei, artekariei, ahaldunei eta hautagaiei.

Emaitzak hain azkar ezagutzen dira, informazioa transmititzeko prozedura konplexu eta aurreratua dagoelako.

Hauteskunde-mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat dago; eta, boto-zenbaketa amaitu ondoren, mahaiburuaren eskutik boto-zenbaketaren aktaren kopia bat jasotzen du, mahai horren emaitzekin, eta Barne Ministerioko datuen totalizazioko zentrora igortzen ditu.

  1. Hauteskundeen egunean nazioko Gobernuak ematen dituen emaitza horiek Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 98.2 artikuluan ezarritakoa betetzearen ondorio dira: "Gobernuak behin-behineko informazioa eman beharko du hauteskundearen emaitzei buruz".
  2. Probintziako hauteskunde-batzordeek egiten dute zenbaketa ofiziala eta behin betikoa, eta hauteskundeak egin eta hiru egunera hasten da.
  3. Emaitza ofizialak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoak dira.

Behin betiko zenbaketa egin baino lehen, hauteskunde-batzorde eskuduna mahaitzat eratuko da, bertan ez dauden egoiliarren botoak zenbatzeko. Goizeko zortzietan, parte hartzen duten hautagaitzek izendatutako artekariekin batera, mahaiburuak hautetsontzian sartuko ditu atzerrian bizi diren egoiliarren bozketako gutun-azalak, egun horretara jaso direnak, eta idazkariak boto-emaile bakoitzaren izenak idatziko ditu zerrendan. Jarraian, Batzordeak botoak zenbatu eta emaitzak behin betiko zenbaketan sartuko ditu.

Zenbaketa orokorra edo behin betikoa (Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 103. artikulua eta hurrengoak ) bozketaren ondorengo hirugarren egunean egiten da, eta dagokion hauteskunde-batzordeak egiten du. Ekitaldi bakarra eta publikoa da.

Batzordeburuak batzordearen eraketa-akta egingo eta sinatuko du; batzordekideek eta idazkariak ere sinatuko dute, bai eta hautagaitzen ordezkari eta ahalduntzat izendatutako pertsona behar bezala akreditatuek ere.

Boto-zenbaketa hasteko, idazkariak lege-xedapenak irakurriko ditu. Ondoren, hauteskunde-egunean epaitegietan entregatu ziren gutun-azalak irekiko dira (1. gutun-azala, mahai bakoitzari dagokion hauteskunde-dokumentazioarekin).

Idazkariak mahai bakoitzeko bozketaren laburpenen berri emango du. Boto-zenbaketa egin bitartean, batzordeak ezin du ez aktarik ez botorik baliogabetu, eta dagozkion mahaietako botoen zenbaketa eta batura egiaztatu besterik ezin du egin, akten arabera edo mahaietako akten kopien arabera. Errore materialik, egitezkorik edo aritmetikorik izanez gero, zuzendu egingo da.

Boto-zenbaketa ez da eten behar, eta hauteskundeen ondorengo seigarren eguna igaro baino lehen amaitu beharko da.

Botoaren ibilbidea