Senatua

Senatua

Senatua da, Espainiako Konstituzioak berak emandako definizioaren arabera, lurralde ordezkaritzako ganbera.

Bere eginkizunen artean dago, besteak beste, legeak onartzen eta nazioarteko itunak amaitzeko baimena ematen esku hartzea, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzea, Gobernuari kontrol politikoa egitea, eta interes orokorreko gaiak aztertu eta ikertzea.

Kongresuan ez bezala, kide kopurua ez da finkoa. Autonomia erkidegoetako biztanleen kopurua aldatzean, senatariak gehitu edo gutxitu daitezke.

Senatari kopuruaren aldaketa legegintzaldi bakoitzaren hasieran gertatzen da (hauteskunde orokorrak egin ondoren), eta erreferentziatzat hartzen da hauteskundeak egin diren urteko urtarrilaren 1ean argitaratutako populazio errolda.

XIII. Legegintzaldian, 266 senatari izan dira. Horietatik 208 hautetsiak izan dira; eta 58 autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek izendatu dituzte.

Hurrengo legegintzaldirako ere, senatariak 266 izango dira.

Senatuak, jatorriaren arabera, bi senatari mota ditu.

 Alde batetik, 208 senatari, sufragio unibertsal, aske, berdin, zuzeneko eta sekretuaren bidez aukeratuak, honela:
 
  • Penintsulako probintzia bakoitzean, 4 aukeratzen dira.
  • Kanaria Handian, Tenerifen eta Mallorcan, 3 aukeratzen dira.
  • Ceutan eta Melillan, 2.
  • Eivissa-Formenteran, Menorcan, Fuerteventuran, Gomeran, Hierron, Lanzaroten eta La Palman, 1.
208 senatari horiek hautatuko ditugu datorren azaroaren 10ean.

Kongresuan, alderdi bati ematen zaio botoa, zerrenda itxien bidez; Senatuan, ordea, pertsonari ematen zaio botoa, hautagaiari. Izan ere, boto-emaileak bere hauteskunde-lokalean Senaturako boto-paper bakar bat topatuko du, eta hor ageri diren hautagai guztien artetik 3, 2 edo 1 hautatu ditzake (betiere, barruti bakoitzari dagozkion senatariak baino bat gutxiago).

Baina, gainera, badira beste senatari batzuk (azken legegintzaldian, 58), autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek hautatuak: bat autonomia-erkidego bakoitzeko, eta beste bat lurralde horretako milioi bat biztanleko.

Autonomia-erkidego bakoitzari dagokion senatari-kopurua zehazteko oinarritzat balio duen erreferentea zuzenbidezko biztanleen errolda da, Senaturako azken hauteskundeak egiteko unean indarrean dagoena.