Espainiako bandera duten Armadako ontzietako, merkataritza-ontzietako edo itsas zabaleko arrantza-ontzietako langileak, hauteskundeak deitzen direnetik egiten diren arte ontziratuta egon behar badute eta epealdi horretan aldez aurretik lurralde nazionalean aitortutako portuetara heltzen badira, botoa emateko eskubidea honela gauzatu ahal izango dute:
Irrati bidezko telegrafia-zerbitzuaren bitartez, posta elektroniko edo fax bidez edo helburu horretarako eskura izan dezaketen beste edozein bitarteko erabilita, interesduna izena emana dagoen Hauteskunde Erroldaren Bulego Probintzialari erroldako inskripzio-ziurtagiria eskatu ahal izango zaio.
Mezuan honakoak jasoko dira:
- Eskatzailearen izena eta bi abizen.
- Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.
- Jaioteguna, probintzia eta udalerria.
- Hauteskunde-erroldan izena emana dagoen egoitza-udalerria.
- Ontziratuta dagoen ontziaren izena.
- Ontzia zein portura edo portutara helduko den, eta zein egunetan gertatuko den hori.
Hauteskunde-dokumentazioa beste ontzi batetik jasotzeko modurik izanez gero, irrati bidezko mezuan zein ontzigilera, kontsignatzailera edo ontzira bidali behar den adieraziko da. Posta bidezko botoa eskatzeko, ontzietako irrati bidezko telegrafia-zerbitzuek Posta Zerbitzuaren ordezkaritzat joko dira eta Komandanteak eta Kapitainak edo berariaz eskuordetutako Ofiziala eskaera jasotzeko langile arduraduntzat.
Dagokion Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Ordezkaritza Probintzialak, interesduna izena emana dagoela egiaztatutakoan, eskaera jasotzat joko du helburu guztietarako eta egoki den dokumentazioa portura igorriko du edo, hala badagokio, hautesleak dagoeneko izena eman duen ontzigile, kontsigna-hartzaile edo ontzira.
Hautesleak dokumentazio hori jasotzen duenean, ziurtatutako eta presazko posta bidez, ontzia lurreratzen den edozein portutik, hauteskunde-dokumentazioa botoa ematea dagokion Hauteskunde-mahaira bidaliko du.