Ahaldunak eta artekariak

Ahaldunak eta artekariak

Hautagaitza bakoitzeko ordezkariek, adinez nagusia den eta eskubide zibil eta politikoen erabilpen betean dagoen edozein herritarren aldeko ahalordea eman dezakete, hauteskunde ekitaldi eta eragiketa guztietan alderdi politikoa ordezka dezan. Hori da ahalduna.

Ahaldunak nahi dutenean sar daitezke hauteskunde lokaletara, edozein mahaitan bozketa eta kontaketa nola burutzen ari den aztertu, erreklamazioak egin eta ziurtapenak eskatu.

Ahaldunak artekari gisa ari daitezke Mahaiaren aurrean, beren hautagaitzan artekaririk ez badago, eztabaidatan parte hartuz, ahotsez baina botorik gabe.

Ahaldunak ahaldun gisa identifikatu beharko dira, beren kredentzialak eta Nortasun Agiri Nazionala erakutsiz Mahaiko kideei.

Ahaldunek ez dute mahaian bozkatzen bertako erroldan ez badaude.
Hautagaitza bakoitzeko ordezkariak, hauteskundeak egin baino hiru egun lehenagora arte, bi artekari izenda ditzake Hauteskunde Mahai bakoitzean, taloi-kredentzialak emanez, izendapenaren oinean eguna eta sinadura jarriz.

Artekari horiek mahaira joan eta bertako eztabaidatan parte har dezakete, ahotsez baina botorik gabe. Ondore horietarako, Hautagaitzak mahai batean akreditatutako artekari batek beste bat ordezka dezake.

Akreditatuta dauden mahaian baino ezin izango dute beren eginbeharra bete.

Erreklamazioak edo protestak egin ditzakete, eta ziurtapenak eskatu.

Botoa emateko eskubidea akreditatuta dauden Mahaian egiten dute, haren erroldan agertzen ez badira ere, izena eman duten barruti berekoak badira. Bestela, postaz bakarrik bozkatu ahal izango dute, inskribatuta dauden erroldari dagokion mahaian.

“Artekarien botoa kreditatuta dauden Mahaian egin beharko da, Mahai hori deitutako hauteskunde prozesuetan bozkatzea dagokion hauteskunde zirkunskripzioan dagoenean. Prozesuetakoren batean abagune hori ematen ez denean, berriz, posta bidez bozkatu beharko du” (Urtarrilaren 23ko Hauteskunde Batza Nagusiaren 1/2019 Jarraibidea)