Argitu zalantzak

Hautesleak  /  Argitu zalantzak  /  Hauteskunde sistema

Hauteskunde sistema

Nola esleitzen dira eserlekuak hautagaitzen artean?
 

Zenbaketaren emaitzen araberako eserlekuen esleipena ondoren adierazten diren arauen arabera egiten da:

  1. Baztertu egiten dira gutxienez barruti batean emandako baliozko botoen %3 lortu ez duten hautagaitzak (baliozko botoak hautagaitzari emandako botoak gehi boto zuriak dira).
  2. Zutabe batean, handienetik txikienera antolatzen dira gainerako hautagaitzek lortutako boto kopuruak.
  3. Hautagaitza bakoitzak lortutako boto kopurua 1, 2, 3… artean zatitzen da, barrutiari dagokion eserleku kopurura heldu arte.
  4. Eserlekuak koziente handiagoak lortu dituzten hautagaitzei ematen zaizkie, goitik beherako ordenari jarraituz.
  5. Ceutako eta Melillako barrutietan boto gehien lortu duen hautagaia izango da izendatutakoa.

Nola izendatzen dira senatariak?
 

Sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretuz, aukeratutako 208 senatariak ondoren adierazten den bezala aukeratzen dira:

Hautesleek, gehienez, hauek aukeratu ahal izango dituzte:

  • 3 hautagai penintsulako barrutietan.
  • 2 hautagai Kanaria Handian, Mallorcan, Tenerifen, Ceutan eta Melillan.
  • 1 uharteetako gainerako barrutietan.

Ondoren, boto gehien dituzten hautagaiak hautetsitzat hartzen dira, barrutiari dagokion senatari kopurura heldu arte.

Nolakoa da Diputatuen Kongresuko boto-papera?
 

Kongresuko boto-papera zuria da, alde bakarretik inprimatua, eta bertan alderdiaren, federazioaren, koalizioaren edo hautesle taldearen izena, sigla eta sinboloa eta hautagaien eta ordezkoen izen-abizenak agertu behar dira.

Nolakoa da Senatuko boto-papera
 

Boto-papera sepia kolorekoa da, bakarra barruti bakoitzerako, eta boto-paper bera hautagai guztientzat.

Hautagaitzak aurreko hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera antolatzen dira boto-paperean, eta hautagiak, hautagaitza bakoitzean, hautagaitzak berak, era librean, ezartzen duen ordenaren arabera. Hautesleak nahi duen hautagaiaren ondoan dagoen laukitxoan jar dezake gurutzea, hautagaitzaren barruan betetzen duen lekua bat edo beste bada ere.

Hautesleek hauei eman ahal dizkiete botoa:

  • Gehienez ere 3 hautagairi probintzietako barrutietan.
  • Gehienez 2 hautagairi Kanaria Handian, Mallorcan, Tenerifen, Ceutan eta Melillan.
  • Gehienez hautagai bati uharteetako gainerako barrutietan.
Hautesleak aukeratutako hautagaiak ez dira zertan talde edo alderdi berekoak izan behar.

Boto-paperak, barruti bakoitzean aurkeztutako hautagai kopuruaren arabera, tamaina bat edo beste izan dezake, eta hautagaiak boto-paperaren bi aldeetan egon daitezke (aurrealdean eta atzealdean).

Noiz hartzen da baliozkotzat boto bat?
 

Botoak baliozkoak edo baliogabeak izan daitezke.

Boto baliozkoak, lege eskakizunak betez hautestontzian utzitako

  • Hautagaitzari emandako botoa eta
  • boto zuria
dira.

Zer da boto zuria?
 

Boto zuria hau da:

  • Kongresuko hauteskundeetan: boto-paperik ez duen gutun-azala edo legez kanpoan geratu den hautagaitzaren baten aldeko botoa.
  • Senatuko hauteskundeetan: boto-paperik ez duen gutun-azala edo inolako hautagairik markatuta ez duen boto-papera.

Noiz da baliogabea boto bat?
 

Baliogabea da eredu ofizialekoa ez den gutun-azalean edo aldaketak dituenean emandako botoa; edo eredu ofizialekoa ez den, aldatuta, apurtuta edo urratuta dagoen boto-papera; eta baita gutun-azalean sartu gabeko boto-paperean emandakoa; eta hauteslearen borondatea garbi ikustea ezinezkoa den edozein (adibidez, hautagaitza desberdinetako boto-paper bat baino gehiago dituen gutun-azala).

Bozketako gutun-azalak hautagaitza bereko boto-paper bat baino gehiago baldin badu, baliozko boto bakar gisa zenbatuko da.

Diputatuen Kongresuko hauteskundeetan, baliogabeak izango dira, baita ere: hautagaien izenak aldatu, gehitu edo ezabatuta dituzten edo haien ordena aldatuta duten boto-paperekin emandakoak, eta baita beste edozein aldaketa egina dutenak ere (hautagaitzaren sinboloan, adibidez).

Senatuko hauteskundeetan, baliogabeak izango dira, baita ere, probintziako barrutietan hiru izen baino gehiago markatuta dituztenak; bi baino gehiago Kanaria Handiko, Mallorcako eta Tenerifeko uharteetako barrutietan eta Ceutako eta Melillako hirietan eta bat baino gehiago uharteetako gainerako barrutietan.

Baliozkotzat hartuko dira hautagairen baten ondoan seinalea, gurutzea edo aspa duten boto-paperak, horiek boto-paperaren egitura aldatzeko besteko neurrikoak edo garrantzikoak ez badira edo hautagairen baten edo hautagaien talde politikoaren inolako gaitzespenik ez baldin badute.