2019ko maiatzaren 26ko toki hauteskundeei buruzko informazioa
2019ko maiatzaren 26an toki hauteskundeak egingo dira lurralde nazional guztian, Ceuta eta Melillako Biltzarretako hauteskundeak eta Kanariar Uharteetako Kabildoetako hauteskundeak. Hauteskunde hauek bat etorriko dira Europako Parlamentuko hauteskundeekin eta gobernu autonomikoek deitutako beste hauteskunde prozesu batzuekin:
- Legebiltzarrerako hauteskundeak hamahiru autonomia erkidegotan: Aragoin, Asturiasen, Balearretan, Errioxan, Extremaduran, Gaztela eta Leonen, Gaztela-Mantxan, Kanarietan, Kantabrian, Madrilen, Murtzian, Nafarroan eta Valentziar Erkidegoan (ez dago Legebiltzarreko hauteskunderik Andaluzian, Galizian, Katalunian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Valentziako komunitatean).
- Mallorca, Menorca eta Eivissako Uharte Kontseiluak.
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoetako Batzar Nagusiak.
- Nafarroako Kontzejuak.
- Arango Kontseilu Nagusia.
- Udalerriaren Lurralde Arloko Erakundeentzako Hauteskundeak (EATIM)
Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoak 42.3 artikuluan ezartzen duenez, maiatzeko laugarren igandean toki hauteskundeak egingo dira lau urtean behin Espainian. Aurten Europako Parlamentuko hauteskundeekin bat datorrenez, prozesu horiek egiteko ezarritako eguna Europako Parlamentuko hauteskundeen araudiak markatzen duena izango da, hots, Biltzarreko ordezkariak zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzeari buruzko Aktan jasotakoa, Kontseiluaren 1993ko otsailaren 1eko 93/81 eta 1995eko urtarrilaren 1eko 95/1 Erabakiek aldatutako Kontseiluaren 1976ko irailaren 20ko 76/787 Erabakiari erantsitako Aktan, hain zuzen.
Toki hauteskundeetako deialdiaren Errege Dekretua Ministro Kontseiluan erabakitzen da Barne Arazoetako eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministerioen proposamen bateratuz. 2019ko apirilaren 1ean onartu eta biharamunean BOEn argitaratzen da, eta argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean: apirilaren 2an.
Espainian 8.131udalerri daude (iturria: INE).
Udalerri bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua zehazteko prozedura Hauteskunde Legean bertan dago ezarrita.
Udalerri bakoitza barruti bat da, eta eskala hau aplikatuz izan behar duen zinegotzi kopurua hautatzen da hauteskunde barrutian:
- 100 egoiliar edo gutxiagokoak: 3
- 101 eta 250 egoiliar bitartekoak: 5
- 251 eta 1.000 bitartekoak: 7
- 1.001 eta 2.000 bitartekoak: 9
- 2.001 eta 5.000 bitartekoak: 11
- 5.001 eta 10.000 bitartekoak: 13
- 10.001 eta 20.000 bitartekoak: 17
- 20.001 eta 50.000 bitartekoak: 21
- 50.001 eta 100.000 bitartekoak: 25
- 100.001etik aurrera, zinegotzi bat gehiago 100.000 egoiliar edo frakzioko, eta emaitza kopuru bikoitia denean beste bat erantsiko zaio.
Udalerri bakoitzeko egoiliar kopurua –edo biztanleria– Ekonomia eta Enpresa Ministerioak zehazten du, eta BOEn argitaratzen da. Azken biztanleria zifrak abenduaren 14ko 1458/2018 Errege Dekretuz ofizialdu ziren (BOE, 2018ko abenduaren 29koa).
Biztanleria zifra ofizial horietatik abiatuta, Gobernuaren Ordezkaritzek eta Ordezkariordetzek, 2019ko martxoaren lehen sei egunetan, udalerrien zerrenda, udalerrien biztanleria eta dagokien zinegotzi kopurua argitaratzen dute Lurraldeetako Aldizkari Ofizialean.
Hala da.
Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 179. artikuluan jasotzen den zinegotzi kopurua izendatzeko eskala aplikatuz emaitza bikoitia ateratzen bada, postu bat gehiago erantsiko zaio biztanleriaren arabera dagokionari.
Kontzeju Irekia Espainiako udalerri txiki batzuen berezitasun bat da, horren ezaugarria udal antolakunderik berez ez egotea da, eta auzokide guztiak dira, Auzo Batzarrean bilduta, eztabaidatzen dutenak eta, araubide arruntean Udalbatzaren osoko bilkurari dagozkionak, erabakitzen dituztenak.
Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeek eta tradizioz hala egiten duten udalerriek funtzionatzen dute Kontzeju Irekian. Espainiako Konstituzioaren 140. artikuluak berak aipatzen du Kontzeju Irekia: «Batzarre irekiaren beharrak legeak arautuko ditu».
Hala, bada, Toki Araubidearen Oinarrien Legeak, urtarrilaren 28ko 2/2011 Lege Organikoak emandako idazkeran, Kontzeju Irekian ariko dira:
- Gobernatzeko eta administratzeko araubide berezi horretaz betidanik eta borondatez baliatu diren udalerriak.
- Kokaleku geografikoa, euren interesen kudeaketa hobea edo beste egoera batzuk direla-eta araubide horretaz baliatzea komenigarri dutenak.
ULETE siglak «udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundea» esan nahi du. Toki erakundeekin batera egiten da horietako hauteskundeen deialdia. Espainian, gutxi gorabehera, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko 3.500 erakunde daude.
ULETEetako hauteskundeetan auzokideek auzo alkatea aukeratzen dute zuzenean (gehiengoko sistemaz), eta, udalerrien araubide orokorrean alkateari eta Udalbatzaren osoko bilkurari aitortzen zaizkion eskumenak izango dituzte auzo alkateak eta auzo batzarrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako Batzar Nagusiak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoetako ordezkaritza organoak dira.
Batzar Nagusietako bakoitza toki hauteskundeekin batera lau urtean behin egiten diren foru hauteskundeetan zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzen diren 51 pertsonak osatzen dute.
Batzar Nagusietako kideei batzarkide esaten zaie, baina inoiz Araban biltzarkide, Bizkaian ahaldun eta Gipuzkoan prokuradore-batzarkide ere esan izan zaie.
Lurralde historikoak hauteskunde barruti hauetan banatzen dira:
ARABA LURRALDE HISTORIKOA.
- «Vitoria - Gasteizko Koadrila» barrutia.
- «Aiara / Ayalako Koadrila» barrutia.
- «Zuiako; Aguraingo eta Añanako Koadrilak» barrutia.
BIZKAIA LURRALDE HISTORIKOA.
- “Bilbo/Bilbao” barrutia.
- “Enkarterriak / Encartaciones” barrutia.
- “Durango - Arratia” barrutia.
- “Busturia - Uribe” barrutia.
GIPUZKOA LURRALDE HISTORIKOA.
- “Donostialdea” barrutia.
- “Bidasoa - Oiartzun” barrutia.
- «Oria» barrutia.
- «Deba Urola» barrutia.
Hauteskunde barruti bakoitzean zenbat hautatzen diren biztanleriaren aldagaia kontuan hartuta erabakitzen da.
Lurralde historiko bakoitzean hautatzen diren 51 jarlekuetatik barrutien arteko barne banaketa nola geratzen den Batzar Nagusietako hauteskundeen deialdi dekretuetan zehazten da.
Batzar Nagusietako hauteskundeak estatu mailan toki hauteskundeak egiten direnean egiten dira.
Batzar Nagusietako hauteskundeen deialdi dekretua dagokion ahaldun nagusiak onartzen du.
Aran harana Lleida probintzian dago. Lurraldeko toki erakunde bat da, nortasun juridiko propioa duena eta bere helburuak betetzeko ahalmen eta autonomia osoa duena, udal lurralde hauek elkarturik sortua: Arres, Bausen, es Bòrdes, Bossòst, Canejan, Les, Naut Aran, Vielha e Mijaran eta Vilamòs.
Arango gobernua eta administrazioa Kontseilu Nagusiari (Conselh Generau) dagokio, eta sindikoak (Sindic) eta hamabi kontseilari nagusik (conselhèrs generaus) osatzen dute.
Aran harana banatzen den sei hauteskunde barrutiak bat datoz «terçons» historikoekin: Pujòlo, Arties e Garòs, Castièro, Marcatosa, Irissa eta Quate Lòcs.
Kontseilu Nagusiko hamahiru postuak sei «terçon» horien artean honela banatzen dira:
- Pujòlo, 2 kide.
- Arties e Garòs, 2 kide.
- Castièro, 4 kide.
- Marcatosa, 1 kide.
- Irissa, 1 kide.
- Quate Lòcs, 3 kide.
Arango Kontseilu Nagusiko hauteskundeen deialdia zuzenbide autonomikoaren arabera egiten da. Hauteskunde prozesu horretan kontseilari nagusiak hautatzen dira, eta toki hauteskundeak egiten diren egun berean egin behar dira.
Kontseilari nagusien agintaldiak lau urte irauten du, toki korporazioak eratzen dituzten pertsonen kasuan gertatzen den bezala.
Aranera, okzitanieraren aldaera eta Arango bertako hizkuntza, ofiziala da Aran haranean. Katalana eta gaztelania ere ofizialak dira.
Nafarroako kontzejuak udalerri batean kokatutako toki erakundeak dira, udalerria baino lurralde eremu txikiagoa dutenak.
Nafarroako kontzeju hauen gobernua eta administrazioa kontzeju irekian gauzatuko da 16 eta 50 bizilagun bitarteko biztanleria badute, eta kontzeju batzar batek egingo du biztanleria 50 bizilagun baino gehiagokoa bada.
Nafarroako kontzejuen kasuan hautatutako pertsonen agintaldia lau urtekoa da, Udaletan hautatutakoena bezala.
Kontzeju irekian gobernatzen diren kontzejuetako lehendakaria eta Kontzeju Batzarretako lehendakari eta kideak hautatzeko deialdia Nafarroako Gobernuak erabakitzen du foru dekretuz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, eta kontzejuetako hauteskundeen eguna jartzen du, tokiko hauteskundeekin batera.
Foru Erkidegoaren Administrazioak Nafarroako Kontzejuetako hauteskundeen deialdiarekin batera kontzejuen zerrenda bat argitaratuko du, alfabetoaren arabera ordenatuta, udalerrien arabera zerrendatuta, kontzeju bakoitzaren zuzenbidezko biztanleria adierazten duena. Era berean, dagokion kontzejuan Kontzeju Batzarreko lehendakaria eta mahaikideak ala bakarrik Kontzeju Irekiko lehendakaria hautatu behar den adieraziko du.
Kontzeju Irekian antolatzen diren kontzejuen lehendakariak eta Kontzeju Batzarretako lehendakari eta kideak gehiengoko sistemaz hautatuko dira.
Kabildoak uhartez osatutako lurralde baten berezitasun geografikoaren adierazpen instituzionala dira.
Espainiako Konstituzioak berak jasotzen du probintziaren eta uhartearen arteko bereizketa 141.4 artikuluan, hau ezartzen baitu: «Artxipelagoetan irla bakoitzak gainera bere administrazioa izango du Kabildo edo Kontseilu eran».
Kanarietako uhartedian, Kabildoak uharte bakoitzaren gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoak dira.
Kanarietako uhartediko uharte bakoitzean hautatu behar den kontseilari kopurua uharte bakoitzaren biztanleriaren arabera zehazten da, taula hau kontuan hartuta:
Egoiliar kopurua | Kontseilari kopurua |
10.000raino | 11 |
10.001 eta 20.000 bitartekoak | 13 |
20.001 eta 50.000 bitartekoak | 17 |
50.001 eta 100.000 bitartekoak | 21 |
100.001etik aurrera | 1 kontseilari gehiago 100.000 egoiliar edo frakzioko, eta emaitza kopuru bikoitia denean beste bat erantsiko zaio. |
Uharteetako kontseilarien agintaldia lau urtekoa da, hautatzen diren egunetik hasita.
Uharteetako Kabildoetako kontseilarien hauteskundeen deialdia errege dekretuz egiten da, toki hauteskundeena bezala.
Uharteetako kontseilariak hautatzeko prozedura zinegotziak hautatzeko jarrita dagoen bera da, baina uharte bakoitza hauteskunde barruti bat da.
Balear Uharteetako (Illes Balears) 2007ko martxoaren 1eko Autonomia Estatutuaren Erreformak Mallorca, Menorca eta Eivissako Uharte Kontseiluak osatzen dituzten pertsonen zuzeneko hautaketa jasotzen du.
Uharteetako Kontseiluak uharte bakoitzeko gobernu erakundeak dira eta Mallorca, Menora eta Eivissa uharteen eta horien inguruko uharteen gobernua, administrazioa eta ordezkaritza dagokie. Autonomia dute euren interesak kudeatzeko, eta Illes Balears erkidego autonomoko herri erakundeak dira.
Mallorca, Menorca eta Eivissako Uharte Kontseiluetako bakoitza barruti bakoitzean sufragio unibertsal, berdin, aske, zuzen eta sekretu bidez hautetsiko diren kontseilariek osatzen dute, ordezkaritza proportzionaleko sistema baten bitartez hauteskunde araubide orokorra errespetatuz.
Agintaldiak lau urte irauten du eta kargua bateragarria da Balear Uharteetako lehendakari, Parlamentuko lehendakari, Gobernuko kide eta Autonomia Erkidegoko Senatari karguekin.
Mallorca, Menorca eta Eivissako Uharte Kontseiluetako hauteskundeen deialdia Autonomia Erkidegoko lehendakariaren dekretuz egiten da Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 42.3 artikuluan ezarritako baldintzen eta epeen arabera, behar bezain aurretik kontseilu bakoitzak osoko bilkuran onartutako eskaera egin ondoren. Deialdi dekretua Butlletí Oficial de les Illes Balears aldizkari ofizialean argitaratu beharko da.
Mallorcako Uharte Kontseilua 33 kontseilarik osatzen dute, Mallorcakoa 13 kontseilarik eta Eivissakoa 13 kontseilarik.
Ceuta eta Melilla, 1995az gero, hiri autonomoak dira.
Hiri Autonomoaren Autonomia Estatutuetan jartzen duenez, Ceuta eta Melilla hirietako Batzarrak, hirien ordezkaritza organoak diren neurrian, sufragio unibertsal, aske, berdin, zuzen eta sekretuz Hirian hautatutako 25 pertsonak osatuko dituzte.
Hauteskunde Araubide Orokorra arautzen duen estatu legediak toki hauteskundeetarako ezartzen duena hartuko da kontuan hauteskundeetarako, eta Estatuak egiten du horien deialdia haienarekin batera.
Andaluziako Biltzarrak, Andaluziaren Toki Autonomiaren ekainaren 11ko 5/2010 Legea onartu ondoren, eskumena du Toki Erakunde Autonomoetarako presidentetzarako hauteskunde prozesua antolatzeko. Toki Erakunde Autonomoaren figura 1997an sortu zen Andaluziako Udal Mugapea Arautzeko Legearekin batera, eta udal herriburuetatik urrunduta dauden herri eta auzoen kudeaketa eta ematen diren zerbitzuak deszentralizatzea eta hobetzea da horien helburu nagusia.
Toki Erakunde Autonomoa izateak autonomia maila bat ematen dio aitortza hori duen herriguneari, eta udalerriarekin koordinatuta zerbitzu batzuen kudeaketa bereganatzen du.
Toki erakunde autonomoaren gobernu organoa auzo batzarra da, presidentetzak eta erakundearen lurralde eremuan bizilekua duen biztanleriaren araberako kide kopuru batek osatua.
Toki erakunde autonomoko presidentea, erakundearen jarduera eremuan ohiko bizilekua izanik, dagozkion udal hauteskundeetan sufragio aktiboko eskubidea duten auzokideek zuzenean hautatzen dute.
Erakunde bakoitzari dagokion kide kopurua erakunde horren lurralde eremuan bizilekua duen biztanleriaren arabera zehazten da, eta eskala hau aplikatzetik ateratzen dena izango da:
250 egoiliar edo gutxiago………………..2 kide
251 eta 2.000 egoiliar bitartean………………..4 kide
2.001 eta 5.000 egoiliar bitartean………………..6 kide
5.000 egoiliar baino gehiago………………..8 kide
Auzo batzarrak Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 195. artikuluan udaletarako ezartzen den moduan eratzen dira.
Toki Erakunde Autonomoak dituzten probintziak:
Almeria........................ 1 toki erakunde autonomo
Cadiz............................ 11 toki erakunde autonomo
Kordoba……………………... 6 toki erakunde autonomo
Granada…………………...... 8 toki erakunde autonomo
Huelva........................... 3 toki erakunde autonomo
Jaen............................... 9 toki erakunde autonomo
Malaga......................... 1 toki erakunde autonomo
Sevilla……………………...... 3 toki erakunde autonomo
Extremadurako udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeen gobernu eta administrazio organoak osatzen dituztenak dira: auzo alkatea eta Auzo Batzarra. Auzo Batzar bakoitzean hautatu behar den kide kopurua Deialdi Dekretuak zehazten du.
Gaur egun udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko 21 erakunde daude
Badajoz.………………………………………………………… 15 erakunde
Caceres…………………………………………………………. 6 erakunde
Comunitat Valenciana erkidegoko udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak euren udalerritik lurraldez banatuta dauden herriguneak dira, eta, ezaugarri bereziak izanik, halako erakundetzat eratu direnak erakunde horiek arautzen dituen araudiaren arabera, hau da, Valentziar Erkidegoko Toki Araubidearen ekainaren 23ko 8/2010 Legearen arabera.
Udalerria baino txikiagoa den lurralde erakundeetako gobernu organoak aukeratzea udal hauteskundeen egun berean egingo da.
Udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeen gobernu eta administrazio organoak presidentetza eta Auzo Batzarra dira.
Auzo Batzarra presidenteak eta kideek osatuko dute, kopurua jakiteko eskala hau aplikatuko da:
1 eta 250 bitartekoak…………………...…..3
251 eta 1.000 bitartekoak…………………..5
1.001etik aurrera…..….7
Auzo Batzarreko kide kopurua guztira ezin izan daiteke euren udaleko zinegotzi kopuruaren herena baino handiagoa.
Gaur egun udalerria baino lurralde eremu txikiagoko 7 erakunde daude
Alacant 3
Castelló 1
Valentzia 3