2019ko Europako Parlamentuko Hauteskundeak
Europako Parlamentuko hauteskundeen araudia Batzarreko ordezkariak zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzeari buruzko aktan dago jasota. Ebazpen horretan, hauteskundeen deialdia eskumena duten agintaritza nazionalek egiten dutela ezartzen da. Horrela, bada, Espainiaren kasuan, Errege Dekretuan egin da deialdia.
Hauteskunde hauek arautzen dituen hauteskunde prozeduraren zertzelada nagusiak Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren VI. tituluan (210. art. eta hurr.) dago jasota.
1979az gero, diputatuak zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzen dira bost urterako. Espainiak zerrenda itxien sistema bat jarraitzen du, eta horregatik, boto ematean, ezin da aldatu hautagaien hobespena zerrendan.
Herrialde bakoitzeko eurodiputatu kopurua gutxi gorabehera bertako biztanleriaren proportzioan dago, baina beheranzko proportzionaltasunean: herrialde batek ere ezin du eduki 6 eurodiputatu baino gutxiago ez 96 baino gehiago, eta guztira ezin izan daitezke 751 baino gehiago (750 gehi Presidentea). Aldi honetan Erresuma Batua kanpora badoa, eurodiputatu kopurua 705 izango da.
Europako hauteskundeak arau komun batzuk dituzte: zuzeneko sufragio unibertsala, proportzionaltasun erregela, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, boto sekretua eta bost urteko agintaldi berriztagarria.
Estatu guztiek aplikatzen dituzte oinarrizko arau demokratiko horiek berak, baina herrialde bakoitzak bere hauteskunde lege eta ohiturak ditu. Estatu batzuek lurraldea hauteskunde barrutitan banatzen dute eta beste batzuek hauteskunde barruti bakarra dute –Espainiaren kasua, adibidez– eta zerrenda irekiak edo itxiak erabiltzen dituzte, gurean zerrenda itxiak erabiltzen dira.
Espainian 54 diputatu hautatuko dira. Aldi honetan Erresuma Batuak alde egiten badu, eurodiputatu kopurua 59 izatera pasatuko litzateke, 2014ko hauteskundeetan baino bost gehiago.
Hauteskunde barrutia lurralde nazionala da; hala, bada, hautagai zerrendak aurkezten dituzten formazio politikoek zerrenda bakar eta komuna egiten dute estatuko lurralde guztian. Hala ere, hautagai zerrendek eska dezakete euren boto paperak zabaltzeko eremua estatuarena baino txikiagoa izatea, eta izena, sigla eta sinbolo desberdinak jartzea, eta zerrenda horietako hautagaiak aldatzea.
Espainiarrek Europako ordezkariak lehen aldiz 1987ko ekainaren 10ean hautatu zituzten. Geroztik, 1989ko ekainaren 15ean, 1994ko ekainaren 12an, 1999ko ekainaren 13an, 2004ko ekainaren 13an, 2009ko ekainaren 7an eta 2014ko maiatzaren 25ean egin dira hauteskundeak.
Hau da, 2019ko maiatzaren 26koa Europako Parlamentuko hauteskundeen zortzigarrena da.
Diputatuak talde politikotan banatzen dira: ez dira nazionalitatearen arabera elkartzen, hurbiltasun politikoaren arabera baizik. Europako Parlamentuan gaur egun 8 talde politiko daude.
Talde bat eratzeko gutxienez 25 eduki behar dira; talde bakoitzean gutxienez Estatu kideen laurdenak egon behar du ordezkatuta. Debekatuta dago talde politiko batekoa baino gehiagotakoa izatea.
Talde horiek barne antolaketa dute eta presidente bat (edo kopresidente bi, talde batzuen kasuan), mahai bat eta idazkaritza bat.
Hemizikloan, jarlekuak diputatuei ematerakoan diputatuen joera politikoa hartzen da kontuan, ezkerretik eskuinera, taldeen presidenteek adostu ondoren.
Europako Parlamentuko hauteskundeetan botoa emateko eta hautagai aurkezteko gutxieneko adina legedi nazionalean ezarrita dago. Botoa eman ahal izateko adina Estatu kide guztietan 18 urte bada ere, Austrian izan ezik, botoa emateko adina 16 urte baita, Europako hauteskundeetan hautagai aurkezteko behar den gutxieneko adina asko aldatzen da, 18 eta 25 urte bitartean.
Botoa ematea bost Estatu kidetan bakarrik da nahitaezkoa: Belgika, Bulgaria, Luxenburgo, Zipre eta Grezian, eta botoa eman beharra, herritarrei ez ezik, betakoak ez diren EBko herritar erregistratuei ere aplikatzen zaie.
Europako Parlamenturako diputatuak zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzeari buruzko 1976ko irailaren 20ko Aktaren 10. artikuluko 2. atalaren arabera, kide den estatu batean ere ez da emaitza ofizialik argitaratuko botoa ematen azkenak diren boto-emaileen estatu kideko hauteslekuak itxita egon arte.
Batasunak gaur egun 28 herrialde ditu kide. Oraingoz, Erresuma Batuak jarraitzen du Europar Batasuneko kide izaten eskubide osoz, dagozkion eskubide eta eginbehar guztiak dituela.
Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Eire, Erresuma Batua, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Italia, Kroazia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Polonia, Portugal, Suedia, Txekiar Errepublika eta Zipre
1983az gero Europako urteak ezarri ziren. Egun horiekin iritzi publikoa sentsibilizatu nahi da gai batzuetan, hausnarketa bultzatu eta pentsaerak aldatu. EBko herri erakundeek eta kide diren herrialdeetako gobernuek euren konpromiso irmoa eta mezu politikoa adierazten dute etorkizuneko politikak lantzerakoan kontuan hartuko dela inguruabar hori. Ohiz kanpoko finantzaketa ematen da urte bakoitzeko gaia jorratzen duten proiektu lokal, nazional eta mugaz gaindikoetarako. 2018 urtea Kultura Ondarearen Europako urtea izan da.
Euroa (€) EBko 28 herrialdeetako 19ren dibisa ofiziala da. Herrialde horiek, euroaren eremua edo eurogunea osatzen dutenak, hauek dira: Alemania, Austria, Belgika, Eire, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Portugal, Zipre EBko kideak izan arren ez dira eurogunekoak Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Hungaria, Kroazia, Polonia, Suedia eta Txekiar Errepublika.
Dibisa bakarra onartu duten EBko Estatu kideek osatzen duten eurogunea ez da estatikoa: Tratatuaren arabera, EBko kide diren Estatu guztiek sartu behar dute eurogunean bete beharreko baldintzak betetzen dituztenean, Danimarka eta Erresuma Batua izan ezik, «borondatezko salbuespen» klausula negoziatu baitute eurogunetik kanpo jarraitu ahal izateko.
Schengenland edo Schengen lurraldea izendapena eman zaio Europar Batasuneko Estatu batzuek sortu duten espazio komunari; horren helburu nagusia herrialde horien arteko mugak kentzea, segurtasuna, immigrazioa eta pertsonen zirkulazio librea da.
Gaur egun hauek dira Schengen lurraldea osatzen duten herrialdeak:
Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Islandia (ez da EBkoa), Italia, Letonia, Liechtenstein (ez da EBkoa), Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia (ez da EBkoa), Polonia, Portugal, Suedia, Suitza (ez da EBkoa) eta Txekiar Errepublika.
Europar Batasuna oinarritzen den ideiak 1950eko maiatzaren 9an azaldu ziren lehen aldiz, garai hartan Atzerri Arazoetako Frantziako ministroa zen Robert Schumanek emandako hitzaldi batean. Horregatik ospatzen da maiatzaren 9a, EBrako egun garrantzitsua izan zelako.
EB sinbolizatzen duen doinua Beethovenek 1823an konposatu zuen Bederatzigarren Sinfoniatik dator, Schiller-ek 1785ean idatzi zuen «Alaitasunaren Oda» poemari musika jartzea erabaki baitzuen hark.
Ereserkiak ez du bakarrik Europar Batasuna sinbolizatzen, baizik eta Europa ere bai, zentzu zabalago batean. Schillerren «Alaitasunaren Oda» poemak gizakien anaitasunaren ikuspegi idealista adierazten du, Beethovenek ere ikusten zuena.
1972an, Europako Kontseiluak Beethovenen «Alaitasunaren Oda» doinua bere ereserkia bihurtu zuen. 1985ean, EBko gidariek Europar Batasunaren ereserki ofiziala izendatu zuten.
Gaur egun, Europako Parlamentuan 24 hizkuntza ofizial erabiltzen dira. Parlamentuko agiriak EBko hizkuntza ofizial guztietan argitaratzen dira, eta diputatuek nahiago duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko eskubidea dute.
Hizkuntza ofizialak dira: alemana, bulgariera, daniera, eslovakiera, esloveniera, espainiera, estoniera, errumaniera, finlandiera, frantsesa, grekoa, hungariera, ingelesa, Irlandako gaelikoa, italiera, kroaziera, letoniera, lituaniera, maltera, nederlandera, poloniera, portugesa, suediera eta txekiera.
Europako Parlamentuak hiru lantoki ditu: Estrasburgo, Brusela eta Luxenburgo. Hori arrazoi historikoek azaltzen dute, izan ere, Europako erakundeak sortu zirenean, batez ere, hiri horietan instalatu ziren eta.
Europako Parlamentuak Estrasburgon du egoitza, eta han egiten dituzte hileko osoko bilkuren denboraldi partzialak.
Hileko osoko bilkuren denboraldi partzialak eta gehigarriak Bruselan egiten dira. Parlamentuaren batzordeak ere Bruselan biltzen dira.
Azkenik, Idazkaritza Nagusia eta bere zerbitzuak Luxenburgon instalatuta daude. Hala ere, praktikotasunagatik, Europako Parlamentuko funtzionario kopuru jakin batek eta talde politikoen laguntzaileek Bruselan egiten dute lan.
Europako Parlamentuko hauteskundeak ostegun batetik igande batera bitartean egin behar dira, eta horien barruan herrialdeek erabaki dezakete egun zehatza euren hauteskunde ohitura eta arauen arabera. Hauteskunde hauetan tarte hori 2019ko maiatzaren 23tik 26ra bitartekoa da.
HERRIALDEA | HAUTESKUNDE EGUNA | HERRIALDEA | HAUTESKUNDE EGUNA |
Alemania | maiatzaren 26an | Hungaria | maiatzaren 26an |
Austria | maiatzaren 26an | Irlandan | maiatzaren 24an |
Belgika | maiatzaren 26an | Italia | maiatzaren 26an |
Bulgaria | maiatzaren 26an | Letonia | maiatzaren 25ean |
Zipre | maiatzaren 26an | Lituania | maiatzaren 26an |
Kroacia | maiatzaren 26an | Luxenburgo | maiatzaren 26an |
Danimarka | maiatzaren 26an | Malta | maiatzaren 25ean |
Eslovakia | maiatzaren 25ean | Netherlands | maiatzaren 23ean |
Eslovenia | maiatzaren 26an | Polonia | maiatzaren 26an |
Espainia | maiatzaren 26an | Portugal | maiatzaren 26an |
Estonia | maiatzaren 26an | Erresuma Batua | maiatzaren 23ean |
Finlandia | maiatzaren 26an | Txekiar Errepublik | maiatzaren 24-25ean |
Frantzia | maiatzaren 26an | Errumania | maiatzaren 26an |
Grezia | maiatzaren 26an | Suedia | maiatzaren 26an |