Hauteskunde Mahaiak
Hauteskunde mahaia Hauteskunde Administrazioaren parte da, Hauteskunde Batzordeekin batera.
Hiru pertsonak osatzen dute: mahaiburuak batek eta mahaikide bik, hirurogeita hamar urte baino gutxiago dutenak eta irakurtzen eta idazten dakitenak.
Zozketaz aukeratzen dira Mahaiko erroldakoen artetik.
Mahaiburuak batxiler titulua edo Lanbide Heziketako bigarren gradua edo, bestela, Eskola Gradua edo baliokidea eduki behar du.
Udalei dagokie hautaketa, osoko bilkuran egindako zozketa bidez, baina zozketa Udal Gobernu Batzordearen aurrean egin daiteke, Udalak osoko bilkuran eskumen hori eskuordetzan eman badio, eta betiere jendaurreko saioan egiten bada. Zozketak apirilaren 27tik maiatzaren 1era bitartean egingo dira.
Mahaiburuek eta mahaikideek, bai eta azkenean mahaiko titular izendatuta ateratzen diren ordezkoek ere, eskubide hauek izango dituzte:
- Dieta bat jasoko dute, 65 euro.
- Biharamunean lanaldia bost ordu laburtzeko eskubidea.
- Gizarte Segurantzaren sisteman sartuko dira hauteskundeetan parte hartzeagatik sortzen diren kontingentziei eta egoerei aurre egiteko.
Hauteskunde mahaietako mahaiburu eta mahaikide karguak nahitaezkoak dira. Kargu horiek ezin dituzte bete hautagai aurkezten direnek.
Euren egitekoak betetzera agertzen ez diren mahaiburuak, mahaikideek eta ordezkoek hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe zigorra edo sei eta hogeita lau hilabete bitarteko isuna mereziko dute.
Mahaiburu eta mahaikide izendapenak apirilaren 27tik maiatzaren 4ra bitartean jakinarazi behar zaizkie interesdunei (3 egun zozketatik). Jakinarazpenarekin Hauteskunde mahaiko kideentzako Jarraibide Eskuliburua emango zaie, Hauteskunde Batzorde Zentralak ikuskatua eta Ministro Kontseiluaren Erabakiz onartua.
Izendatutakoek, zazpi eguneko epea dute, kargua ezin onartzeko duten kausa justifikatu eta dokumentatua, dagokien Eskualdeko Hauteskunde Batzordean alegatzeko. Batzordeak bost eguneko epean ebatziko du errekurtso gehiagorik gabe, eta, kasua bada, gertatu den ordezkapena jakinaraziko die lehen edo bigarren ordezkoari.
Gero, izendatutako pertsonaren bat ezintasunean badago bere kargua betetzera joateko, hauteskundeen eguna baino 72 ordu lehenago adierazi behar dio Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, eta behar diren justifikagiriak aurkeztu.
Ezintasuna epe horren ondoren etortzen bazaio, Batzordeari berehala jakinarazi beharko dio eta, nolanahi ere, Mahaia eratzeko ordua baino lehen. Kasu horietan, Batzordeak ordezkapena jakinarazten dio dagokion ordezkoari, horretarako denbora badago, eta beste bat izendatzen du, beharrezkoa izanez gero.
Mahai bakoitzeko mahaiburua, mahaikideak eta ordezkoak maiatzaren 26an goizeko zortzietan biltzen dira dagokien hauteslekuan.
Mahaiburua agertu ez bada, bere lehen ordezkoak ordeztuko du. Hori ere ez badago, bere bigarren ordezkoak ordeztuko du, eta hori ere agertu ez bada, lehen mahaikideak edo bigarren mahaikideak, hurrenkera horretan, hartuko dute mahaiburuaren kargua. Agertu ez diren edo kargua hartzen ez duten mahaikideen lekua horien ordezkoek hartuko dute.
Ezin da Mahaia eratu mahaiburu bat eta mahaikide bi egon gabe. Betekizun hori ezin bada bete, bertan dauden mahaiko kideek, eta bertaratu diren ordezkoek edo, halakorik ez badago, gobernuko agintariak, jazotako gertakarien deklarazio bat egin eta izenpetuko dute eta posta ziurtatuz bidaliko dute Eskualdeko Hauteskunde Batzordera, lehenago telegrafoz edo telefonoz horren berri eman ondoren.
Batzordeak, hala gertatuz gero, askatasunez izendatuko ditu Hauteskunde mahaia eratuko duten pertsonak, eta hauteslekuan dagoen hautesle bat mahaiko kide izan dadila ere agindu ahal izango du. Nolanahi ere, Batzordeak Ministerio Fiskalari gertatutakoaren berri emango dio, agertu ez diren Mahaiko izendatuek edo horien ordezkoek erantzukizun penalik ote duten argitu dezan.
Aurreko lerrokadan esandakoa gorabehera, Mahaia eratzerik ez badago bozketa hasteko legez ezarritako ordua baino ordubete geroago ere, bertan daudenek edo Gobernuaren agintariak horren berri emango diote Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, eta honek beste bozketa baten deialdia egingo du hurrengo egun bien barrurako. Deialdiaren kopia bat berehala jarriko da hauteslekuko atean eta Batzordeak ofizioz izendatuko du Mahai berria.