Hauteskunde Sistema
Prozesu hauetarako boto paperek alde bakarretik inprimatuta egon behar dute eta hautagai zerrenda aurkezten duen alderdi, federazio, koalizio edo hautesle-elkartearen izena, sigla eta ikurra eduki behar dituzte. Gainera, hautagai zerrenda osatzen duten hautagaien eta ordezkoen izen-abizen osoen zerrenda eduki behar du.
Hauteskunde bakoitzeko boto paperen eta gutun azalen kolorea hau izango da:
- Europako Parlamentuko hauteskundeak: kolore urdin argia.
- Udal hauteskundeak: kolore zuria.
- Hauteskunde autonomikoak: kolore sepia, autonomia erkidegoak beste kolore bat erabaki ez badu.
Dauden lekuan, udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeetako hauteskundeak edo Uharte Kabildoetako hauteskundeak: hauteskunde hauetarako boto paperak eta gutun azalak kolore berde argia izango dute.
Mallorca, Menorca eta Eivissako Uharte Kontseiluetako hauteskundeetarako boto paper eta gutun azalak kolore grisa izango dute.
Europako Parlamentuko hauteskundeetan, Hauteskunde mahaiek Gobernuaren Ordezkaritzetatik, Gobernuaren Ordezkariordetzetatik eta Estatuko Administrazio Orokorraren Uharte Zuzendaritzetatik jasoko dituzte hauteskundeetarako behar diren gutun azal eta boto paperak.
Udal Hauteskundeetan toki korporazioei dagokie Hauteskunde mahaiei hauteskundeetarako behar diren boto paperak ematea. Eginbehar bera Uharte Kabildoei egokituko zaie bakoitzaren hauteskundeetan.
Fabrikatzen diren lehen boto paperak eta bozketako gutun azalak Hautesle Erroldaren Bulegoari ematen zaizkio posta bidezko boto eskaerei eta bizilekua atzerrian duten pertsonen boto eskaerei erantzuteko.
Espainian Europako Parlamentuko diputatuak hautatzeko hauteskunde barrutia lurralde nazionala da; hala, bada, hautagai zerrendak aurkezten dituzten formazio politikoek zerrenda bakar eta komuna egiten dute estatuko lurralde guztian.
Hala ere, hautagai zerrendek eska dezakete euren boto paperak zabaltzeko eremua estatuarena baino txikiagoa izatea, eta izena, sigla eta sinbolo desberdinak jartzea, eta zerrenda horietan dauden hautagaiak aldatzea.
Udal hauteskundeetan hauteskunde barrutia udalerria da. Udalerri bakoitza barruti bat da, eta eskala honen araberako zinegotzi kopurua hautatzen da hauteskunde barrutian:
- 100 egoiliar edo gutxiagokoak: 3
- 101 eta 250 egoiliar bitartekoak: 5
- 251 eta 1.000 bitartekoak: 7
- 1.001 eta 2.000 bitartekoak: 9
- 2.001 eta 5.000 bitartekoak: 11
- 5.001 eta 10.000 bitartekoak: 13
- 10.001 eta 20.000 bitartekoak: 17
- 20.001 eta 50.000 bitartekoak: 21
- 50.001 eta 100.000 bitartekoak: 25
- 100.001etik aurrera, zinegotzi bat gehiago 100.000 egoiliar edo frakzioko, eta emaitza kopuru bikoitia denean beste bat erantsiko zaio.
Eskala hori ez zaie aplikatzen Kontzeju Irekian funtzionatzen duten udalerriei, alkatea gehiengoko sistemaz hautatzen baitute.
Europako Parlamentuko hauteskundeetan, boto kontaketaren emaitzen araberako jarleku banaketa erregela hauek jarraituz egiten da:
- Zutabe batean handitik txikira ordenatzen dira hautagai zerrendek lortu dituzten botoen zifrak.
- Hautagai zerrenda bakoitzak lortutako boto kopurua zati 1, 2, 3 eta abar egiten da barrutiari dagokion jarleku kopurura heldu arte.
- Jarlekuak zatidura handienak lortzen dituzten hautagai zerrendei ematen zaizkie, handienetik txikiagora.
Udal bakoitzean postuak banatzeko aurreko prozedura bera egiten da.
Gainera, ez dira kontuan hartuko barruti berean gutxienez boto baliodunen % 5 lortzen ez duten hautagai zerrendak.