Boto Kontaketa
Botoak zenbatzeari boto kontaketa esaten zaio. Hauteskunde prozesu batean boto kontaketa une desberdin bitan egiten da.
Behin-behineko boto kontaketa bozketa amaitutakoan Mahaian egiten den boto zenbaketa da, eta horren emaitza mahaiburuak ezagutaraziko du botoak zenbatzen amaitu ondoren.
Behin betiko boto kontaketa Hauteskunde Batzordeek egiten dute bozketaren hurrengo hirugarren egunean, eta beranduenez hauteskundeen ondorengo seigarren egunean amaitu behar du.
Bozketa amaitutakoan, Mahaietako boto kontaketa hasten da.
Hauteskunde hauetan boto kontaketak ordena hau mantenduko du:
- 1. Europako Parlamentuko hauteskundeak.
- 2. Udal hauteskundeak.
- 3. Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeetako hauteskundeak, kasua bada.
- 4. Hauteskunde autonomikoak.
Hauteskunde bakoitzaren boto kontaketa honela egiten da:
Mahaiburuak banan-banan ateratzen ditu gutun azalak hautetsontzitik eta hautagai zerrendaren izena ozen irakurtzen du. Boto paper bakoitza erakutsiko die, irakurri ondoren, mahaikide, artekari eta ahaldunei.
Boto kontaketa amaitutakoan, egon litezkeen zalantzak eta/edo protestak gehiengoz ebatziko dira. Gero, mahaiburuak emaitza ozen iragarriko du, erroldan agertzen den hautesle kopurua, aurkeztu diren errolda ziurtagiriak, boto-emaile kopurua, boto baliogabeen kopurua, boto zuriena eta hautagai zerrenda bakoitzak lortutako boto kopurua esanez.
Mahaiak boto kontaketaren akta baten bitartez ezagutarazten ditu emaitzak, horren kopia bana emango die hautagai zerrenda bakoitzaren ordezkariei, artekariei, ahaldunei eta hautagaiei, eskatzen badute, eta Administrazioaren ordezkariari.
Emaitzak hain arin jakiten dira informazioa bidaltzeko prozedura konplexu eta aurreratu bat dagoelako.
Hauteskunde mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat dago, horrek, boto kontaketa amaitu ondoren, mahaiburuagandik boto kontaketaren aktaren kopia bat jasotzen du, Mahaiko emaitzak dituena, eta Barne Arazoetako Ministerioaren datuak batzeko zentrora bidaltzen ditu.
- Emaitza horiek Estatuko Gobernuak hauteskunde egunean ematen ditu LOREG legearen 98.2 artikuluan xedatzen dena betetzeko: «Gobernuak hauteskundearen behin-behineko informazioa eman beharko du».
- Europako Parlamentuko hauteskundeetan, behin-behineko emaitzak ezin izango dira eman, hautesleek botoa azken eman duten Estatu kidean hautetsontziak itxi arte.
- Boto kontaketa ofizial eta behin betikoa bozketa baino hiru egun geroago hasiko da eta eskumena duten Hauteskunde Batzordeek egingo dute. Europako Parlamenturako Probintziako Hauteskunde Batzordeak izango dira eta toki hauteskundeetarako Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak.
- Emaitza ofizialak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnak dira.
Behin betiko boto kontaketa egin aurretik, eskumena duen Hauteskunde Batzordea Hauteskunde Mahai moduan eratuko da atzerrian diren egoiliarren boto kontaketa egiteko. Goizeko zortzietan, aurkeztu diren hautagai zerrendek izendatutako artekariekin, atzerrian diren egoiliarrek bidalita egun horretara arte jasotako bozketako gutun azalak hautetsontzian sartuko ditu batzordeburuak, eta idazkariak boto-emaileen izenak idatziko ditu zerrendan. Jarraian Batzordeak botoak kontatuko ditu eta emaitzak behin betiko kontaketari erantsiko dizkio.
Boto kontaketa orokor edo behin betikoa (LOREG 103 eta hurr. art.) bozketaren ondorengo hirugarren egunean egingo du dagokion Hauteskunde Batzordeak. Ekitaldi bakarra da eta jendaurrekoa da.
Batzordeburuak Batzordearen eraketa akta egiten du eta batzordekideekin, idazkariarekin eta hautagai zerrenden behar bezala egiaztatutako ordezkari eta ahaldunekin batera izenpetzen du.
Boto-kontaketa saioa idazkariak lege xedapenak irakurriz hasten da. Ondoren, hauteskunde egunean epaitegietan eman ziren estalkiak (1 zk. duen estalkia, Mahai bakoitzari dagokion hauteskunde dokumentazioa duena) irekitzen dira.
Idazkariak Mahai bakoitzeko bozketaren laburpena emango du. Boto kontaketan Batzordeak ezin du aktarik ez botorik baliogabetu, Mahaietako akten edo akten kopien arabera Mahai bakoitzeko botoen zenbaketa eta batuketa egiaztatzera mugatzen da. Akats materiala, egitekoa edo aritmetikoa badago, konpondu egingo da.
Boto-kontaketa ekitaldia ez da eten behar eta beranduenez hauteskundeen ondorengo seigarren egunean amaitu behar da.