Botoa emateko beste prozedura batzuk
Espainiako bandera duten itsasontzietako pertsonalak, Itsas armadako, merkataritza ontzidiko edo itsas zabaleko arrantza ontzidikoak, hauteskundeen deialditik hauteskunde egunera arte ontziratuta egon behar badu eta denbora horretan aurretiaz jakindako portuetatik igarotzen bada, lurralde nazionalean, honela egikaritu ahal izango du hauteskundeetan sufragio eskubidea:
Irrati-telegrafia zerbitzuaren, posta elektronikoaren edo faxaren bitartez edo honetarako presta daitekeen beste edozein bide baliatuz, erroldako inskripzio ziurtagiria eskatu ahal izango zaio Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia ordezkaritzari.
Mezuan datu hauek jasoko dira:
- Interesdunaren izena eta abizen bi.
- Nortasun agiri nazionalaren edo atzerritarraren txartel zenbakiaren zenbakia.
- Jaioteguna, jaiotza probintzia eta udalerria.
- Bizilekua duen zein udalerritan ageri den hautesle erroldan.
- Pertsona ontziratuta dagoen itsasontziaren izena.
- Itsasontziak zein portutara, batera edo gehiagotara, iristea duen aurreikusita eta hori zein egun konkretutan egingo duen.
Hauteskunde dokumentazioa beste itsasontzi baten bidez jaso badezake, irrati-mezuan armadorea, kontsignatarioa edo zein itsasontzitara bidali behar den adieraziko da. Posta bidezko botoa eskatzeko, itsasontzietako irrati-telegrafia zerbitzuak Posta zerbitzuen ordezko bulegotzat joko dira, eta komandanteak eta kapitainak edo eskuordetza espres ematen dioten ofiziala eskabidea jasotzearen ardura duen pertsonala bilakatuko dira.
Hautesle Erroldaren Bulegoaren dagokion probintzia ordezkaritzak, interesdunaren inskripzioa egiaztatu ondoren, eskaera jasotzat joko du ondorio guztietarako, eta dokumentazio egokia bidaliko du portura edo, kasua bada, izena eman den armadore, kontsignatario edo itsasontzira.
Interesdunak dokumentazioa jasotakoan, posta ziurtatu eta urgentez bidaliko du, itsasontzia porturatzen den edozein portutatik, hauteskunde dokumentazioa, botoa ematea dagokion Hauteskunde mahaira.
Lurralde nazionaletik kanpora, deialdia argitaratzen den egunetik hauteskunde egunera arte, Espainiaren eta, Espainia kide den nazioarteko antolakundeen esparruan, bere aliatuen segurtasun eta defentsarekin zerikusia duten ekintzetara eta bakea, egonkortasuna eta segurtasuna mantentzen laguntzera eta laguntza humanitarioa ziurtatzera bidalitako Indar Armatuetako pertsonalaren posta bidezko boto eskubidea egikaritzeko, prozedura honi jarraituko zaio:
Itsasontziaren komandanteak edo unitatearen arduradunak sufragio eskubidea egikaritu nahi duen pertsonalaren zerrenda bidaliko du Defentsa Ministerioko Pertsonal Zuzendaritza Nagusira, Defentsako Estatu Nagusiko Buruzagitzaren eta Gudarosteen eta Itsas Armadaren Estatu Nagusietako Buruzagitzen bitartez.
Eskatzaile bakoitzaren datu hauek emango dira:
- Izena eta abizen bi.
- Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.
- Jaioteguna, jaiotza udalerria eta probintzia.
- Bizilekua duen zein udalerritan ageri den hautesle erroldan.
Defentsa Ministerioko Pertsonal Zuzendaritza Nagusiak, deialdia dagokion aldizkari ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera eta bozketaren eguna baino lehenagoko hamargarren eguna baino lehen, zerrenda hori Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko du, eta honek dagozkien probintzia ordezkaritzetara.
Hautesle Erroldaren Bulegoaren dagokion probintzia ordezkaritzak, interesdunaren inskripzioa egiaztatu ondoren, eskaera jasotzat joko du ondorio guztietarako, eta dokumentazio egokia bidaliko du Defentsako Ministerioko Pertsonal Zuzendaritza Nagusira, ahalik eta prozedura urgenteena erabiliz, helaraz diezaion.
Botoa eskatu duen pertsonak bere eskubidea egikarituko du aurreko puntuan aipatzen den dokumentazioa jasotakoan. Emandako botoen ardura itsasontziko agintea duenak edo unitatearen arduradunak hartuko du, zaintzan izango ditu eta botoen segurtasuna, osotasuna eta sekretua bermatuko ditu, lurralde nazionalera garraiatzeko ardura duen pertsonak jaso arte. Defentsa Ministerioko Pertsonal Zuzendaritza Nagusiak Estatuko Posta eta Telegrafo Sozietatera helaraziko ditu jasotako botoak, hauteskunde egunaren aurreko bigarren eguna baino lehen, eta honek dagokien Hauteskunde mahaira bidaliko ditu urgentziaz.
Espetxeetan barneratutako pertsonek, sufragio eskubidea kendu ez bazaie, posta bidez ematen dute botoa, prozedura honen arabera:
Espetxe guztietan jarriko dira barneratuek ikusteko moduan posta bidezko botoa arautzen duten hauteskunde arauak, eta informazio saioak antolatuko dira botoa emateko prozedura azaltzeko eta argitzeko.
Horretarako, espetxe bakoitzeko zuzendaritzak –edo eskuordetza ematen zaionak– deialdia argitaratzen denetik lehen hiru egunetan Sociedad Estatal Correos y Telégrafos SA-ri eskatuko dio zerbitzu horretako pertsona bat egun jakin batean espetxera joan dadila, botoa posta bidez emateko beharrezkoak izan litezkeen ziurtagiria eskatzeko inprimakiak eramatera, hantxe bertan bete ditzaten boto eskubidea egikaritu nahi duten pertsona barneratuek.
Norbaitek DNI ez badauka, nahikoa izango da barneratu guztiek duten barne nortasun agiria, betiere agiriak barneratuaren argazkia badauka.
Hautesle Erroldaren Bulegoak prozesu bakoitzerako nahikoa gutun azal eta boto paper bidali beharko ditu boto-emailea dagoen espetxera, eta eskuan emango dizkio Postetxeko arduradunak.
Prozesu bakoitzari dagokion boto papera aukeratuko du, dagokion bozketako gutun azalean sartuko du (edo ez du boto paperik sartuko, boto zuria egin nahi badu) eta itxi egingo du. Mahaiari zuzendutako estalkian bozketako gutun azala sartuko du, bat edo gehiago, eta erroldako inskripzio ziurtagiria ere sartuko du estalkian.
Posta zerbitzuak estalki horiek hauteskunde mahaietara helaraziko ditu bozketa egunean.
Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak ezartzen duenez, posta bidezko botoa aurrez aurre ematerik ez badago, gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik (ziurtagiri mediko ofizial eta doakoaren bidez egiaztatu behar da), bere izenean notarioaren edo kontsularen aurrean baimendutako beste pertsona batek egin ahal izango du, pertsona bakoitzaren kasuan banaka emango den agiri baten bidez, agiri horretan boto-emaile bat baino gehiago sartu gabe, eta pertsona berberak baten baino gehiagoren ordezkaritza izan gabe. Hauteskunde Batzordeak, kasu bakoitzean, inguruabar horiek guztiak betetzen direla egiaztatuko du.
Zerbitzu hau guztiz doakoa da.
Notarioa hauteslearen bizilekura joango da, ospitalea, adinekoen egoitza, nahiz senide baten etxea izan. Ondoren, posta bidezko botorako dagoen prozedura bera jarraituko da. Hau da: ordezkari edo ahalduna –hauteskundeen deialditik Espainiatik posta bidezko botoa eskatzeko epea amaitzen den egunera arte– bera joan ahal izango da edozein postetxetara, bere DNI eta notario ahala hartuta, botoa postaz emateko inprimakia eskatzera.
Posta zerbitzuek dokumentazio guztia Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko dute. Bulegoak erroldako zerrendetan idatziko du posta bidezko botoa eskatu dela –beraz, posta bidezko botoa eskatu duenak ezingo du botoa aurrez aurre Hauteskunde mahaian eman hauteskunde egunean–, eta ordezkari edo ahaldunari posta ziurtatuz bidaliko dio esan duen helbidera edo, bestela erroldan agertzen den helbidera:
- Deialdiko hauteskunde prozesu bakoitzerako, hauteskundeetara aurkezten den formazio politiko bakoitzaren boto paper bat eta gutun azal bat, dagokion boto papera sartzeko, edo ez du boto paperik sartuko boto zuria egin nahi badu.
- Hauteskunde erroldako inskripzio ziurtagiria.
- Botoa eman behar zuen Hauteskunde mahaiaren helbidea agertuko den estalki bat.
- Azalpen orri bat.
Dokumentazio hori ere ahaldunak berak jaso behar du, nor den egiaztatu ondoren. Bere helbidean ez badago, berak joan beharko du Postetxearen dagokion bulegora jasotzera.