Sufragio Aktiboa Eta Hauteskunde Errolda
Sufragio «aktiboko» eskubidea botoa emateko eskubidea da, eta sufragio «pasiboko» eskubidea hautagai aurkezteko eta botoa jasotzeko eskubidea.
Espainian bizi diren espainiar guztiek eta aldi baterako atzerrian bizi direnek (AAHE), adindunak badira eta erroldan badaude, botoa eman ahal izango dute deialdiko prozesu guztietan.
Bizilekua etengabe atzerrian duten espainiarrek (AEHE) Europako Parlamentuko hauteskundeetan, autonomia erkidegoetako legebiltzarretako hauteskundeetan eta Ceuta eta Melillako Batzarretako hauteskundeetan eman dezakete botoa.
Bizilekua Espainian duten Europar Batasuneko herritarrek. Botoa eman dezakete Europako Parlamentuko hauteskundeetan eta toki hauteskundeetan. Botoa eman ahal izateko hauteskunde erroldan agertu behar dira, eta horretarako eskatzen dena da: adinduna izatea bozketa egunean, udal erroldan inskribatuta egotea eta Europako Parlamentuko hauteskundeetan eta/edo udal hauteskundeetan Espainian botoa emateko asmoa adierazi izatea. Udal hauteskundeetan Espainian sufragio eskubidea egikaritzeko borondatearen adierazpena betiko da, Europako Batasuneko herrialde bateko pertsona horrek Espainian bizitzen jarraitzen duen bitartean, besterik adierazten ez duen artean.
Udal hauteskundeetan parte hartzeari buruzko elkarrekikotasun akordioak dituzten herrialdeetako herritarrek.
Espainiarekin sinatutako Elkarrekikotasun Akordioak indarrean dituzten Estatuak hauek dira: Norvegia, Ekuador, Zeelanda Berria, Kolonbia, Txile, Peru, Paraguai, Islandia, Bolivia, Cabo Verde, Koreako Errepublika eta Trinidad eta Tobago, estatu hauek udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea aitortzen baitiete euren lurraldean bizi diren espainiarrei.
Estatu horietako herritarrek, Espainiako egoiliarrak, udal hauteskundeetan eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeen (ULETE) organoetako hauteskundeetan botoa eman dezakete. Botoa eman ahal izateko, udal hauteskundeetako hautesle erroldan egon behar dute lehenago eskatuta (Eskabide hau aurkezteko epea urtarrilaren 15ean amaitu zen).
Lehen aipatutako estatuetako herritarrek Espainiako udal hauteskundeetan boto eskubidea egikaritzeko baldintzak:
Norvegia, Ekuador, Zeelanda Berria, Kolonbia, Txile, Peru, Paraguai, Islandia, Bolivia, Cabo Verde, Koreako Errepublika eta Trinidad eta Tobago herrialdeetako herritarrak, bozketa egunean hamazortzi urte edo gehiagokoak badira eta sufragio aktiboko eskubidea badute, botoa eman ahal izango dute udal (eta ULETE) hauteskundeetan Espainian.
Horretarako, Espainian bizilekua izateko behar den baimena eduki beharko dute.
Dagokion Akordioan eskatzen den denboran Espainian bizilekua legez eduki behar izan dute (bost urte hautesle erroldan inskribatzeko eskaeraren unean eta, Norvegiako herritarren kasuan, hiru urte bozketaren egunean).
Ohiko bizilekua duten udalerrian egikarituko dute boto eskubidea, eta bertako erroldan agertu beharko dute.
Botoa ematerik izango ez duten hautesleak:
- Sufragio eskubiderik ez izateko zigorra jasatera, epai judizial irmoz, kondenatutako pertsonak.
Espainian, ez. Inor ere ezin da behartu ez hertsatu, ezergatik ere ez, sufragio eskubidea egikaritzen, ez bere botoa ezagutaraztera.
Botoa (sufragio eskubidea egikaritzea) unibertsala, librea, berdina, zuzena eta sekretua da.
- Unibertsala, eskubide zibil eta politikoen jabe diren pertsona adindun guztiek egikaritu dezaketelako.
- Librea, inor ezin daitekeelako behartu botoa ematera.
- Berdina, boto guztiek dutelako balio bera barrutian.
- Zuzena, gure botoaren bitartez arazo publikoetan ordezkari izan nahi ditugunak aukeratzen direlako.
- Sekretua, inor ez dagoelako behartuta bere botoa agerraraztera.
Hautesle errolda datu base bat da, botoa emateko baldintzak betetzen dituztenez sufragio eskubidea behin betiko edo aldi baterako kendu ez zaienen inskripzioa daukana.
Hautesle errolda bakarra eta etengabekoa da, eta hilero eguneratzen da.
Europako Parlamentuko hauteskundeen kasuan hautesle errolda hauek osatzen dute:
- Espainiako egoiliarren hautesle errolda (EHE)
- Atzerrian bizi diren Egoiliarren Hautesle Errolda (AEHE), botoa emateko asmoa adierazi dutenekin osatua.
- Espainian bizi diren Europar Batasuneko Herritarren Errolda (EAEE), botoa emateko asmoa adierazi dutenekin osatua.
Hautesle erroldan izena ematea nahitaezkoa da botoa eman ahal izateko.
Hautesle errolda udal hauteskundeen eta hauteskunde autonomikoen kasuan hauek osatzen dute:
- Espainiako Egoiliarren Hautesle Errolda (EHE)
- Espainiako Atzerritar Egoiliarren Hautesle Errolda (EAEE), udal hauteskundeetarakoa. Udal hauteskundeetan eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeetako hauteskundeetan eman dezakete botoa.
- Etengabe atzerrian bizi diren espainiar egoiliarren hautesle erroldakoek (AEHE), Ceuta eta Melillako Batzarretako hauteskundeetan eta autonomia erkidegoetako legebiltzarretako hauteskundeetan eman dezakete botoa.
EAEEk Espainian bizi diren Europar Batasuneko herritarrak eta elkarrekikotasun akordioa indarrean duten herrialde hauetako herritarrak hartzen ditu: Norvegia, Ekuador, Zeelanda Berria, Kolonbia, Txile, Peru, Paraguai, Islandia, Bolivia, Cabo Verde, Koreako Errepublika eta Trinidad eta Tobago, estatu hauek udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea aitortzen baitiete euren lurraldean bizi diren espainiarrei.
Indarrean dagoen elkarrekikotasun akordioa duten herrialdeetako pertsonak EAEEn inskribatzeak EAEEko inskripzio eskaera egiten den udal hauteskundeetarako bakarrik balio du. (EAEEn inskribatzea eskatzeko epea urtarrilaren 15ean amaitu zen.)
Europar Batasuneko herritarrek, EAEEn inskribatzeko, Udal Erroldan agertu behar dute eta udal hauteskundeetan sufragio eskubidea Espainian egikaritzeko duten borondatearen deklarazio formal bat egin behar izan dute. Borondatearen adierazpen hori betiko da, Europar Batasuneko herrialde bateko pertsona horrek Espainian bizitzen jarraitzen duen bitartean, besterik adierazten ez duen artean.
Hautesle errolda Hautesle Erroldaren Bulegoak prestatzen du, Estatistika Institutu Nazionalean (Ekonomia eta Enpresa Ministerioa) txertatutako organoa da eta Hauteskunde Batzorde Zentralaren zuzendaritzapean eta haren ikuskapenarekin egikaritzen ditu bere eskumenak.
Udalak, Espainiaren atzerriko bulego kontsularrak eta misio diplomatikoetako atal kontsularrak dira hautesleen inskripzioa ofizioz tramitatzeko ardura duten erakundeak.
Errolda prestatzeko, Hautesle Erroldaren Bulegoak:
- Hautesle errolda prestatzeko prozesua koordinatzen du, eta helburu horrekin jarraibideak zuzendu diezazkieke udalei eta kontsulatuei, eta Erregistro Zibileko eta Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistroko arduradunei ere bai.
- Hautesle errolda prestatzeko prozesua ikuskatzen du, eta, horretarako, udalak eta kontsulatuak ikuskatu ditzake.
- Eskumena duten organoek tramitaturiko altak eta bajak ofizioz kontrolatzen eta ikuskatzen ditu, eta hautesleen fitxategi nazional bat egiten du.
- Udalek eta kontsulatuek detektatu ez dituzten pertsona beraren inskripzio anizkoitzak kentzen ditu.
Hauteskunde prozesu bakoitzean erabiltzen den errolda deialdiaren egunaren aurreko bigarren hileko lehen egunean ixten dena da.
Maiatzaren 26ko hauteskundeen kasuan, errolda otsailaren 1ean itxitakoa izango da.
Hala ere, Hauteskunde Araubide Orokorraren 5/1985 Lege Organikoak zuzenketa aldi bat jasotzen du, hauteskundeen deialdiaren ondoren, apirilaren 8 eta 15 bitartean.
Udalek eta kontsulatuek, zeinek bereak, indarrean dauden hautesle erroldak jendaurrean jarriko dituzte apirilaren 8tik 15era.
Gainera, Hautesle Erroldaren Bulegoak errolda txartel bana bidaliko die hautesleei, hauteskunde erroldako inskripzioaren eta botoa eman behar duen hauteskunde atal eta mahaiaren datu eguneratuak dituena.
Era berean, hauteslekuen eta hauteskunde mahaien datuak Internetez ikusi ahal izango dira, INEren web orriaren bidez (www.ine.es) ziurtagiri digitala eduki beharrik gabe.
Pertsona bakoitzaren inskripzio datu pertsonalak ikusteko, hau da, botoa eman behar duen mahaia eta hauteslekua ere badauzkatenak ikusteko, ziurtagiri digital bat erabili beharko da eta INEren web orriaren (www.ine.es) bidez sartu ahal izango da deialdia argitaratzen den egunetik.
Zerrendak jendaurreko erakustaldian dauden bitartean (apirilaren 8tik 15era) edonork ikusten badu hautesle erroldan oker sartuta edo kenduta dagoela, erreklamazioa jar dezake Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia ordezkaritzan.
Probintzia ordezkaritzak hiru eguneko epean ebatziko ditu erreklamazioak eta zuzenketak aginduko ditu, apirilaren 19an jendaurrean ikusgai jartzeko. Gainera, erreklamatzaile bakoitzari eta dagozkien udal eta kontsulatuei jakinaraziko die hartutako ebazpena.
Helbidea aldatu duten pertsonek edo botoa lehen aldiz eman behar dutenek bereziki egiaztatu behar dute euren datuak zuzen dauden.